Azken prestaketan, porrot

Oiartzun 1
Anaitasuna CD 0

Lehen zatian erritmo gutxiko jokoa erakutsi zuen taldeak, baina ezerezetik sortu zituen aukerak. Bigarren zatian erritmo biziagoz aritu zen, baina lan gehiago egin behar izan zuten arriskua sortzeko

Anaitasunak ezin izan zuen Oiartzun menpean hartu, nahiz eta etxeko taldeak ezer gutxi erakutsi. Lehen zatian Unai Aranbarrik eta Landak ez zuten baloi gehiegi hartzerik izan eta asko kostatu zitzaien gureei nahi zuten erritmoa jartzea. Hala ere, aukerak eta garbiak izan zituzten lehen 45 minutuetan, baina atearen aurren ez zuten egunik onena izan taldeko jokalari aurreratuenek. Bigarrenean bai. Bigarren erdian nahi zuten erritmoa ezarri zuten gure erdilariek eta Oiartzun estu hartu zuten.

Gogor zelairatu ziren Karla Lekuonako berdegunera gureak eta bosgarren minutua betetzerako taldea aurretik jar zezakeen aukera sortu zuen Anaitasunak. Unai Aranbarrik area ertzean pase zoragarria sartu zion atzelarien artetik Iñigo Arzalluzi eta honek egin zuen jaurtiketa gehiegi gurutzatu zen, zutoinaren albotik kanpora joan baitzen. Beste aldean, berriz, etxekoek izan zuten aukera bakarrenetakoa baliatu zuten. 9. minutuan, area ertzean aurkitzen zen erdilari bati iritsi zitzaion atzelariek egindako aldaratzea zuzenean, boleaz jo zuen eta bere jaurtiketa geldiezinak Xuban atezaina gainditzea lortu zuen.

Anaitasuna ondorengo minutuetan saiatu zen, baina ez zuen ekite handiegirik erakutsi. 14. minutuan partidako aukerarik garbienetako bat izan zuen Mikel Arzalluzek. Mikel Aramendik ezker hegaletik azpitik egindako erdiraketa baliatzear egon zen aurrelaria, baina atezainak baloia atepetik ateratzea lortu zuen. Minutu batzuk geroago ere izan zuen Mikel Arzalluzek beste aukera bat. Aramendi berak zelai erdi ingurutik azpitik berriz ere, pase zoragarria sartu zion aurrelariari. Honek atzelariei ondo irabazi zien posizioa gorputzarekin, baina ate aurrean ez zen fin ibili.

Atsedenaldira atzetik iritsi ziren gureak, baina bigarren zatian bestelako gauzak ikusi ziren oiartzuarren zelaian. Baloi gosez irten ziren Quindosen mutilak, goitik behera nagusitu zen Anaitasuna eta egiari zor, partidak ez zuen kolorerik izan. Lehen zatian baino aukera gutxiago izan zituen taldeak,hori bai. Lehena Iñigo Arzalluzek izan zuen. Area ertzean ostutako baloi bat aprobetxatzear egon zen aurrelaria hirugarren minutua bete aurretik, baina jaurtiketa gora joan zitzaion.

Garbiena, ordea, 83. minutuan iritsi zen. Ioritz Mendizabal ate aurrean ez zen fin ibili, baloia kontrolatu baitzuen zuzenean atera jaurti beharrean, eta ondoren ezkerrez egin zuen jaurtiketa kanpora joan zitzaion. Partida berdintzeko abagune garbia alferrik galdu zuten gureek. Ioannes Garate ere bigarren zatian zelairatu zuen gorrixen entrenatzaileak eta borrokalari aritu zen. Arriskua sortu zuen eta aukera bat ere izan zuen eskuin hegaletik barrura eginez, baina bere jaurtiketa atezainarentzat izan zen.

Ez zen gehiagorako betarik izan Karla Lekuonan. Hirugarren Mailatik jaitsitako talde baten aurrean itxura ona eman zuen taldeak, bereziki bigarren zatian. Edozein talde estu hartzeko moduko taldea osatu duela erakutsi zuen Anaitasunak zelai zail batean. Orain Ligari heldu beharko diote gureek, datorren asteburu honetan Errenteriako Touring taldeari egin beharko baitio bisita. Zelai eta aurkari gogor bat aurkituko dute Ohorezko mailako mutilek.