Partida kaskarra, baina garaipena

Urola 1
Anaitasuna CD 2

Igor Quindosen mutilek denboraldi aurreko hirugarren garaipena lortu zuten Zumarragan. Argixaoko futbol zelaian jokatutako partida astuna eta ia aukerarik gabekoa izan zen

Partida makala eskaini zuten Urolak eta Anaitasunak. Ez zuen azken partidetako intentsitate eta erritmo handiko jokorik erakutsi, baina Urola garaitzeko moduan izan zen ohorezko mailako taldea. Etxekoek lehen zatian egin zuten gola atsedenaldirako minutu gutxiren buruan, baina Ander Arabaolazak etxekoen gola berdintzea lortu zuen. Atezainaren aurrean bakarrik aurkitu zen eta aukera ez zuen alferrik galdu, ezkerrez banakoa ezartzeko. Bigarren zatian beste Ander batek, oraingoan Ander Pastrianek, baloi luze bat baliatu zuen markagailuan bigarrena jartzeko. Bote handia egin zuen eta atezaina baino biziago ibili zen gure aurrelaria, eta buruz sareetara bidali zuen baloia.

Ez zen partida ikusgarria izan Zumarragako Argixao futbol zelaian jokatu zena. Anaitasuna hobeto zelairatu zen, Ander eta Mikel Arzalluz asko eta ondo mugitu baitziren aurre aldean, baina azken pasean ez zuten asmatu gure mutilek. Poliki-poliki etxeko taldeak partida berdindu zuen, kontraerasoa aukera batzuk sortuz eta horrela 35. minutuan aurretik jarri ziren etxekoak. Golak onerako eragin zuen eta lehen zatiko azken 10 minututan etxeko taldeari nagusitu egin zen. Bost minutu beranduago Mikel Arzalluzek pase ederra sartu zion Ander Arabaolazari, eta honek ezkerrez erraz gainditu zuen atezaina.

Bigarren zatia ere antzera joan zen. Aldaketa batzuk izan ziren bi taldeetan atsedenaldian, baina jokoa ez zen gehiegi aldatu. Anaitasunak zuen baloiaren jabetza, baina Urolak kontraerasoan arrisku sentsazioa ematen zuen. Asti atezainak txalotzeko gelditua egin zuen, baita Urolako atezainak Ioritz Mendizabalen burukada gelditu zuenean ere.

Amaierarako 20 minutu falta zirenean Mikel Arzalluzek min hartu zuen eta bere ordez Ander Pastrian jarri zuen berdegunean Igor Quindosek. Ukitu zuen lehen baloian bat eta bikoa jarri zuen markagailuan, atezainari aurrea hartuz. Golaren ostean Anaitasunak ez zuen partida kontrolpean edukitzerik lortu, eta bi taldeentzat izan ziren gol aukerak. Markagailua, ordea, ez zen aldatu eta hirugarren garaipena lortu zuten Quindosen mutilek.

Aurredenboraldiko beste partida bat, erritmoa hartzeko ondo etorri dena, eta futbol zelai zail batean. Hurrengo neurketa, azkena, Oiartzunen jokatuko dute larunbat goizeko 11:30etan.