Puntu bat batu du Anaitasunak Errenterian

Touring 0
Anaitasuna CD 0

Talde sendoa aurkitu zuten aurrean Igor Quindosen mutilek eta asko sufritu zuten Fanderia futbol zelaitik puntu bat ateratzeko

Anaitasunak hutsean berdindu zuen Errenteriako Fanderia futbol zelaira egindako bisitan Touring taldearen aurka. Zelai zaila eta aurkari sendo eta serioa aurkitu zituen aurrean. Lehen zatiko lehen minutuak etxekoenak izan ziren, baina harik eta atsedenaldira iritsi arte Quindosen mutilek jarritako erritmoan joan zen partida. Gainera, Mikel Arzalluzi etxekoen atezainak egindako penalti bat ere ez zuen adierazi. Bigarrenean gehiago kostatu zitzaion taldeari arriskua sortzea eta etxekoek aukera garbiak izan zituzten hiru puntuak lortzeko. Anaitasunak ere izan zuen amaierara iristeko minutu gutxiren falta bere aukera. Ioritz Mendizabalek area barrutik egindako jaurtiketak langan jo zuen, ordea.

 

Erritmo handia ezarri zuen Errenteriako Touringek lehen zatian eta horregatik lehen ordu laurdenean etxekoek kontrolatu zuten partida. Bi aldeetako hegalak erabili zituzten arriskua sortzeko, baina arean gure atzelariak nagusi izan ziren eta etxekoek zorionez ez zuten min handiegirik egin. Gureek, bestalde, geldikako jokaldietan sortu zituzten aukerak lehen minutu horietan. Unai ez zen iritsi buruz errematatzera korner batean, eta beste batean Quindosen arbela martxan jarri zuten azpitik kornerra ateraz eta Anderrek bakarrik atera jaurtiketa bat eginez.

Minutuek aurrera egin ahala, gureak zelaian kokatuz joan ziren eta partida kontrolpean izan zuten. Aukera batzuk ere iritsi ziren, baina polemikarako jokaldi bat ere izan zen Fanderian, partida goitik behera alda zezakeen jokaldia. Etxekoen atezainak area ertzetik egindako baloia ez zuen eskuetan hartzerik lortu, eta aldaratzea Mikel Arzalluzi iritsi zitzaion. Honek atezaina atzean uztea lortu nahi izan zuen, baina errenteriarren atepeko gizonak oinekin Arzalluz airean lurrera bota zuen. Penalti argia izan zen eta atezainak txartel gorria ikusi behar zuen jokaldian, ezer ez zuen adierazi Letamendi epaileak.

Atsedenaldira bitartean gureak gehiago izan ziren, baina bigarren zatian etxekoek kontrolpean izan zuten partida. Hasierako minutuetan ez zuten arrisku handiegirik egin, baina ondorengo minutuetan gogotik sufritu zuten gureek. Anaitasunak bi aukera izan zituen. Zelai erdi inguruan ostutako bi baloietatik iritsi zen arriskua. Lehena Mikel Arzalluzek izan zuen IƱigo Arzalluzen pasearekin eta bigarrena Aramendi eta azken bi hauen artekotik etorri zen. Ez zuten atera begiratzerik izan eta ezerezean gelditu ziren bi jokaldiok.

Geldikako jokaldietan, bereziki kornerretan, asko sufritu zuen Anaitasunak. Korner-jartzaile oso ona dute etxekoek eta Xuban atezaina behin baino gehiagotan estuasunetan jarri zuen ateratzen zituen korner itxiekin. Langan jo zuen Touringek korner batean, Xubanek bigarren zutoinera urrundutako baloian hain justu. Eskuin hegaletik aurrera eramandako jokaldi korapiltasu batean ere gertu izan zuten gola. Xuban eta bere ezkerreko zutoinaren artean area ertzetik egindako jaurtiketako baloia urruntzea lortu zen azkenean. Aukera bikoitz bat ere izan zuten errenteriarrek, baina zorionez gure atzelariei gorputzean jo eta areatik aldendu zuten baloia.

Arauzko 90 minutuetara iristeko segundu batzuk besterik falta ez zirenean etorri zen Fanderiako futbol zelaia mutu utzi zuen jokaldia. Ander Pastrianek area barruan jasotako baloia modu onean utzi zion Ioritz Mendizabali honek jaurtiketa egin zezan. Zortea ez zen lagun izan ordea Errenterian, eta bere jaurtiketak langan jo zuen.

Ez zen gehiagorako astirik izan Fanderian. Puntu ona lortu zuen Anaitasunak zelai zail batean. Orain etxera, Txerloira etorriko da Liga txapelketa, bi jardunaldi jarraian Azkoitian jokatuko baitituzte Igor Quindosenek. Datorren astean Hernani, Hirugarren Mailarako borrokan ibiliko den beste faboritoetako bat jasoko dute gureek eta ondoren Ostadar.

Azkenik aipatzeko beste behin Txerloiatik urrun sortzen jarraitzen dugun giroa. Errenteriara ere zale asko hurbildu ziren eta gureak babestu zituzten kantu eta giro ona ezarriz. Gehiagotan ikusiko garelakoan eta emaitza hobeak lortuko ditugulakoan, klubaren izenean eskerrik handienak!