Gure historia

Euskal Herrian barrena, ustez ingelesek ekarritako Football hitza XX. mendearen hasieran hasi ziren praktikan jartzen.

Hain zuzen, 1910ean, Izarraitz Kirol Elkartea sortu zen gure herrian. Azkoitian baloiari ostikoka jardun zuten mutil gazteen lehen irudiak garai hartakoak dira behintzat. Pilotarekin batera uztartu zen futbola ere herrian, baina, hasierako indar aldiak, beherakada izan zuen. Ustez ekonomia arazoak zirela eta, 1916 urtean lehen talde hori desagertu egin zen.

1923an sortuko zen Azkoitian ezagutzen den bigarren futbol taldea, Iraurgi Futbol Elkartea. Talde honi zor zaizkio gaur egun taldeak dituen koloreak. Altzibartxoko berdeguneari ateak ireki zizkien gainera urte horretan, Anaitasunari hainbat urte oparo eman zizkion futbol zelaia.

Hala ere, berriz ere, krisi baten ondorioz, desagertu egin zen Iraurgi Futbol Elkartea ere. Afizio handia lortu zuen futbolak Azkoitiko herrian Iraurgi Futbol Elkarteari esker, eta gaur arte mantentzea lortu dela esan daiteke.

anai2

30eko hamarkada hasi eta lau urtera, 1934ean sortu zen herrian ibilbide luzea egiten diharduen futbol taldea, Anaitasuna. Aurrez egondako bi elkarteek beraien haziak eman zituzten, Euskal Herrian bertan, eta Euskal Herritik kanpo oihartzun handia izango zuen talde sendo bat osatzeko.

Urte eta denboraldi onak izan ziren. 1940-41, 1952-53 denboraldian Lehenengo Erregional Mailako txapeldun gelditu zen Anaitasuna. Azken denboraldi horren ondorioz, gainera, historian lehen aldiz igo zen Anaitasuna Hirugarren Mailara, nahiz eta ez zen askorako izan, maila galdu baitzuen taldeak hurrengo urtean. Hala ere, 1956-57 denboraldian, berriz igo ziren Hirugarren Mailara eta lau denboraldi egin zituen bertan, postu txukunak lortuz.

AZKOITIA1

1972-1973 urteak Anaitasunaren ibilbidean betirako markatuta geldituko diren urteak izan ziren. Afizionatuen mailan, probintziako eta Espainiako tituluak bereganatu zituelako. Afizionatuen Nazio Mailako txapelketaren finalean, joaneko partidan Cacereñok 3-1 hartu zituen menpean azkoitiarrak Caceresen (Extremadura, Espainia). Hala ere, 1973ko uztailaren 8an, Altzibartxoko futbol zelaian, Julen Sagarzazu entrenatzaile zuen Anaitasuna aurka zuen emaitza iraultzeko gai izan zen. Lau eta bat irabazi zion taldeak Cacereño talde extremadurarrari, eta titulua eskuratu zen herritarren zoramenerako. Neurketa hartan ia 7.000 jarraitzailek jarraitu zuten zuzenean neurketa. Ikaragarria izan zen.

1974-75 denboraldian ere balentria bera errepikatzeko moduan izan ziren gorrixek, Gipuzkoako txapeldun geratu ostean, Nazio Mailako txapelketan finalaurrekoera iritsi baitziren.

Hurrengo urtean, 1976eko abuztuko azkenetan, gaur egun Anaitasunaren etxea den Txerloia Futbol Zelaia inaguratu zen, Sanseren eta Anaitasunaren arteko lagunarteko batekin. Urte onak eman zizkion Txerloiak Anaitasunari, 1980. urtean hasi baitzuen Anaitasunak bere hamar urteko ibilbidea Hirugarren Mailan. 1990ean jaitsi zen berriro Erregional Mailara.

NESKAK

Urte horien tartean, ordea, Azkoitiko futbolari asko eman dion beste arlo bat sortu zen, emakumeena. Anaitasunak lehenbiziko aldiz, emakumeen taldea izango zuen; 1986-87 denboraldian sortu zen emakumeen lehen taldea. Herriko neskek futbolarengatik zuten interesak eragina izan zuen taldearen sorreran. Lehen denboraldietan, oso maila ona eman zuten gure neskek, eta lehen garaikurra 1991-92 denboraldian iritsi zen: Gipuzkoako Kopa. Bi denboraldi geroago, berriz, Emakumezkoen Ohorezko Mailara igotzea lortu zen, alegia, garai hartan Emakumeen futbolak zuen goreneko mailara igotzea. Cornella taldea kataluniarra kanporatu ostean lortu zen balentria hori.

Talde garrantzitsuak izan ziren Txerloian ondorengo urteetan, hala nola, Bartzelona ahalguztiduna. Lehen urte horretan mailari eustea lortu zioten neskek, eta Espainiako hautatzaileak Anaitasunako hainbat neska ere deitu zituen. Euskadiko Ligako Kopan ere finalera iristea lortu zuten urte berean. Denboraldi aparta izan zen Anaitasunarentzat, berria zen atalean arrakastak besterik ez baitzituen izan. Borondatez, hurrengo denboraldian uko egin zion ordea nesken taldeak Ohorezko Maila horretan jokatzeari, eta berriz ere Lehen Mailan jokatzeari ekin zioten. Hala ere, Euskadiko Kopa birritan lortu zuten, 1996-97 eta 1997-98 denboraldietan. Azkoitian kirola sasoi ederrean sartuta zegoen, eta Anaitasuna horren isla zen.

Harrezkero, gizonezkoen arloan, Anaitasunak lau aldiz lortu dute Hirugarren Mailan jolasteko txartela 1992-93, 2000-2001, 2011-12 eta 2017-18 denboraldietan, nahiz eta urte beltzak ere bizi izan dituen. Gaur egun Gipuzkoako talderik indartsuenetako bat da, eta 2015-16 eta 2016-17 denboraldiak horren adibide garbiak izan ziren.

2015-16 denboraldia Anaitasunaren historiako liburuaren txokorik ederrenean gordetzekoa izan zen. Azken jardunaldira, Tolosarekin batera, Hirugarren Mailara igotzeko aukerekin iritsi zen Igor Quindos entrenatzaileak zuzentzen zuen taldea. Real Union, hirugarren sailkatua, izan zen Tolosaren aurkaria, eta irundarrek bigarren sailkatu eta promozioan mailaz igotzeko aukerak zituzten. Anaitasunak, aldiz, Hondarribiaren aurka jokatu zuen Ondartzako zelaian. Irungo neurketan Tolosak galtzea behar zuen Anaitasunak, eta horrela gertatu zen, baina Anaitasunak ez zituen mailaz igotzeko behar zituen hiru puntuak batu Hondarribian, bana berdindu baitzuen.

GolBenatLanda

Beñat Landak egin zuen banakoa Hondarribian. Zaleek eztanda egin zuten Landaren golarekin.

Zaleek bikain erantzun zioten orduan klubak egindako deialdiari, eta 400-500 jarraitzaile inguru elkartu ziren Hondarribian, ezagutzen den bidaiarik jendetsuena eginez. Bi autobus bete ziren goizez, eta beste bat arratsaldez. Hala eta guztiz ere, nor bere kabuz joandako zaleak ere asko izan ziren. Sekulako giroa jarri zuten goizez joandako zaleek Hondarribiako kaleetan, eta gogotsu agertu ziren bazkalondoren joandakoak ere.

AnaiGazteak

Malko artean, jokalariek eta zaleek historiarako argazkia egin zuten Ondartzako zelaian.

Aurreko urtearen amaiera tristea eta gero, Anaitasunak indarberrituta ekin zion 2016-17 denboraldiari. Aurreko urtearen amaiera kolpe handia izan zen gorrixentzat, eta aurreko denboraldian lortzeko gai ez ziren igoera lortzeko ilusioarekin, desioarekin, hein handi batean, ametsarekin ekin zioten. Gipuzkoako maila gorenak duen zailtasuna kontuan hartuta, lehia estua izan zuten Anaitasunak eta Hernanik; Hernaniko taldea izan zen Anaitasunaren aurkari zuzena Hirugarren Mailarako bidean. Azken denboraldian egin bezala, azken jardunaldira arte itxaron behar izan zuten jarraitzaile azkoitiarrek euren taldea Hirugarren Mailara igotzen ikusteko; halere, Anaitasunak Hondarribian ez zuen abantaila zuen eskuetan: irabaztea nahikoa zuen, Hernaniren emaitzaren zain egon gabe.

Horrela, Anaitasunak Elgoibarko Mintxetan gogotik egin behar izan zuen lan mailaz igotzeko beharrezkoak zituzten hiru puntuak lortzeko. Hernanik Hondarribiaren aurka jokatu zuen Ondartza zelaian. Hernaniarrek huts eta bat irabazi zuten, eta Anaitasunak, Ander Arabaolazaren eta Mikel Aramendiren golekin, huts eta bi garaitu zuen Elgoibar. Mintxeta zelaian mila jarraitzaile inguru gorri elkartu ziren euren taldea bultzatzeko, eta Hondarribiako zale uholdea txiki gelditu zen Elgoibarkoarekin alderatuta. Egun borobila izan zen, inolako zalantzarik gabe. Goizean goiz bete zituzten herritarrek Elgoibarko kaleak, eta festa neurketa amaitu bezain laste lehertu zen. Hasteko, jokalariek, entrenatzaile taldeak, eta zaleek besarkada eta emozio handiko oihuen bidez ospatu zuten igoera Mintxetako berdegunean. Ondoren, herritarren esku zarten artean, eta herriko Musika Bandaren 'Aliron, aliron, Azkoitiko txapeldun' doinukin kalejiran zeharkatu zuten alde zaharra, eta Udalak ere harrera egin zion taldeari. Herriko jokalarien belaunaldi horrek merezi zuen saria jaso zuten 2017ko maiatzaren 27an. Honako bideo honen bitartez laburbildu genuen egun hura:

2017-18 denboraldiak txanponaren bi aurpegiak erakutsi zizkion Anaitasunari. Hirugarren Maila galdu zuen mutilen lehen taldeak, baina nesken lehen taldeak Emakumezkoen Euskal Ligara igotzea lortu zuen denboraldi bikain bati Txerloian amaiera ezin hobea emanez. Azken jardunaldian, Anaitasunak Eibar jaso zuen Txerloian, ordura arte sailkapenean liderra zen taldea. Gorrixek, ordea, liga irabazi eta mailaz igotzeko aukera garbiekin iritsi ziren denboraldiko azken jardunaldira. Joxepe Santizok, Jokin Landak eta Eneko Aizpuruk gidatutako taldeak hiru eta bat irabazi zion talde armagiñari Leire Ucinek, Maider Badiolak eta Tamara Ramosek egindako golekin. Neurketaren amaieran festa giro onean ospatu zuten neskek txapelketa, eta ondoren, herriak eta Udalak harrera egin zieten. Honako bideo honen bitartez laburbildu genuen egun hura: