Bide onetik da Anaitasuna

Anaitasuna CD 4
Elorrio 2

Berriz ere hiru atzelarirekin egin zuen froga Igor Quindosek lehen zatian eta Elorrio menpean hartu zuen partidako zatirik nagusienetan

Anaitasuna martxa onean da eta denboraldiari ilusiorik handienarekin ekingo dio. Elorriori 4-2 irabazi zioten gureek, nagusi agertu ziren Txerloiako berdegunean eta talde sendoa duela erakutsi zuen beste behin.

Lehen zatian goitik behera nagusitu zen gure taldea. Aukerak bata bestearen atzetik eginez, joku bizia eta txukuna erakutsi zuen taldeak, erasokor aritu zen.  Lehena Ioritz Mendizabalek izan zuen. Atzelari denak gaindituta zituela atezainaren aurrean gelditu zen bakarrik, baina Elorrioko atezaina ere bere atetik irtenda zen Ioritzek atera jaurti zuenean eta area kanpoan eskuarekin ukitu zuen. Ligako partida izan balitz bisitariak jokalari bat gutxiagorekin geldituko ziren, baina epaileak barkatu egin zion txartel gorria.

Handik aurrera Anaitasunaren aukera zaparrada etorri zen. Lehena eskuin hegaletik etorri zen, Mendizabalek eta Iñigo Arzalluzek bat-biko dotorea egin baitzuten, baina Ander Pastrianek ez zuen jakin berari iritsitako baloia aprobetxatzen, errematea kanpora egin baitzuen.

Ondoren atzetik hasitako jokaldietatik sortu zuen arriskua Anaitasunak. Markel Eskurzak pase bikaina egin zion Mendizabali ezker hegalera. Aurrelariak baloia bakarrik jaso zuen, baina nahiz eta beste aldean Anaitasunak bi jokalari bakarrik zituen, ez zuen asmatu erdiraketarekin. Aukera ona galdu zuen alferrik taldeak. Ondorengo jokaldian, berriz ere Eskurzak, baloi ezinhobea jarri zion Mikel Aramendiri. Hegaleko jokalariak area ertzetik egindako burukada gutxigatik joan zen kanpora. Hurrengo aukera ezker hegaletik eman zuen aurrera taldeak. Aramendik erdiraketa ona egin zuen, baina Landak, aurkariaren areara iritsita, ez zuen asmatu azken errematea egiten.

Eta futbolean askotan gertatu ohi denez, asko barkatu zuen Anaitasunak eta Elorriok, lehen zatian izan zuen aukera bakarrenetakoan gola egin zuen. Eskuin hegaletik etorri zen erdiraketa eta Xubanen ate aurrean zegoen jokalariak ez zuen barkatu. Hala ere ez zuten denbora asko behar izan gureek partida berdintzeko, eta gaitz erdi. Iñigo Arzalluzek hegaleko sakea bizi atera zuen Landarekin jokatuz, honek berriz ere Iñigo Arzalluzekin jokatu zuen erdiraketa egiteko eta bigarren zutoinean agertu zen Mikel Aramendik, atzetik aurrera eginez, buruz banakoa egin zuen.

Atsedenaldira bitartean beraz, jokoan nagusi gureak, baina markagailuan berdin gauzak. Atsedenaren ondoren, berehala egin zuten gola kanpotarrek. Areatik metro gutxira baloia ostu zuen aurrelari batek eta beste bat ate aurrean utzi zuen, honek bat eta bikoa egiteko. Anaitasunari gehiago kostatu zitzaion aurkariaren atera iristea, baina aurrera begira jarri zen Elorriok bigarren gola egin eta segituan.

Behar eta nahi baino gehiago kostatu zitzaion baloiari aurkariaren sarera sartzea, baina Iñigo Arzalluzek egindako jokaldi on batetik etorri zen berdinketa. Ioritz Mendizabalek area barruan jaso zuen baloiari etekin ezihobea atera baitzion, azpitik Elorrioko atezaina gaindituz. Berehala Landak izan zuen beste aukera. Area barruko jokaldi nahasi batean penalti puntutik egindako jaurtiketak langan jo zuen.

Ondoren aldaketak egin zituen Quindosek eta hiru atzelari izatetik lau atzelari izatera pasatu zen taldea, eta bi aurrelari izatetik bakarrera. Gauzak, ordea, ondo joan zitzaizkion taldeari eta aulkitik irtendakoek ere maila ona eman zuten. Mikel Arzalluzek izan zuen lehen aukera. Eskuin hegaletik barrurantz egindako jokaldian gertu izan zuen hirugarren gola. Area ertzetik jaurtiketa aparta egin zuen aurrelariak, baina Elorrioko atezainak gelditu ikusgarri batekin kornerrera bidali zuen baloia.

Handik minutu gutxira, bisitarien atzelariak makal ibili ziren eta beraien artean pase txar bat egin zuten. Oier Elorza inor baino azkarrago, adi egon zen jokaldi horretan eta baloia harrapatu eta atezainaren aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen, nahiz eta atzelariek kamisetatik tiraka lurrera botatzea nahi izan. Ez zuten lortu, baina Elorzak ate aurrean ez zuen asmatu. Ioannes Garatek bai ordea. Aurrelariari iritsi zitzaion aldaratzea eta oinaren kanpoko aldearekin, langak lagunduta maila handiko gola egin zuen Anaitasuna partidan lehen aldiz aurretik jartzeko.

Minutuek aurrera egiten jarraitzen zuten, baina Elorrio gutxitan agertzen zen Etxeberriaren atera. Aukera garbi bat izan zuten kanpokoek berdinketa lortzeko, jada Etxeberria gaindituta, baina Aitor Zulaikak goleko lerrotik gola ekiditea lortu zuen. Anaitasuna estu hartzen ari ziren azken minutuetan, baina gureek ederki jakin zuten zer egin eta kontraerasora aritu zen azken hatsean. Rubiok ezker hegalean jaso zuen baloia, honek Ioannesi pasatu zion baloia eta atezainaren aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen Mikel Arzalluzekin batera. Atezainaren aurrean biak bakarrik ziren eta Ioannesek gola oparitu zion gazteari azken lau eta hutsekoa egiteko.

Ez zen gehiagorako betarik izan Txerloian eta Anaitasunak talde indartsu baten dohaiak dituela erakutsi zuen beste behin talde sendo baten aurrean. Jokatutako lau lagunartekotan bi garaipen lortu ditu Igor Quindosen taldeak, berdinketa bat eta porrot bat jaso dute. Bide onean da taldea. Denboraldi-aurre honetako azken astean sartzear da taldea eta bi lagunarteko ditu aurretik.  Lehena asteazken honetan jokatuko dute Ohorezko mailakoek Zumarragan Urolaren aurka arratsaldeko 19:00etan. Azkena, berriz, larunbat goizeko 11:30etan Oiartzungo Karla Lekuonan etxeko taldearen aurka.