Aurredenboraldiko lehen garaipena

Anaitasuna CD 2
Zarautz 1

Anaitasunak gaur-gaurkoz Zarautz baino gehiago dela erakutsi zuen eta denboraldi-aurre honetako lehen garaipena lortu zuen Mikel Arzalluzek eta Ander Pastrianek egindako golei esker

Igor Quindosek atzoko partida ere frogak egiteko baliatu zuen eta lehen zatian hiru atzelarirekin irten zen Txerloiko berdegunera. Godoy, Unai eta Markel izan ziren atzeko lerroan, erdian Beñat Landa eta Mikel Pastrian, hegaletan, Aramendi eta Iñigo Arzalluz, erdilari aurreratu moduan Elorza aritu zen eta gizonik aurreratuenak Mikel Arzalluz eta Ander Arabaolaza izan ziren. Gauzak oso ondo joan zitzaizkion Anaitasunari, Zarautz menpean hartu baitzuen. Aurkariaren areara nahikoa erraztasunekin iristea lortzen zuen taldeak eta hori gutxi ez eta landutako jokaldietan ere min egin zuen.

Gogor zelairatu zen Anaitasuna eta eskuin hegaletik berezikin, min handia egin zien zarauztarrei. Hein handi batean aurreko jokalariek mugimendu asko egin zituzten eta paserako aukera asko sortu zituzten Quindosenek, area inguruan arriskua sortzeko. Jokoan soilik ez, geldikako jokaldietan ere trebe aritu zen Anaitasuna. Landutako jokaldietarako baliabide asko dituela erakutsi zuen eta horietako batean iritsi zen goizeko lehen gola. 25. minutuan, Mikel Arzalluzen mugimendua baliatuz Aramendik motzean atera zuen falta eta aurrelariak jaurtiketa bikain gurutzatuz, bat eta hutsekoa egin zuen. Aurretik eta ondoren ere ikusi ziren antzeko jokaldiak, baina gutxigatik ez zituzten golean bihurtu.

Bigarren zatian zortzi aldaketa egin zituen Quindosek. Asti atean mantendu zuen, Kepa jarri zen eskuin hegaleko atzelari moduan, erdiko atzelari bezala Izagirre eta lehen zatian bezala Markel eta ezker hegaleko atzelari bezala Zulaika. Erdian Unai eta Soraluze, hegaletan Rubio eta Ioannes, eta azkenik, aurrean Mendizabal eta Ander Pastrian. Beraz, lau atzelarirekin irten zen bigarren zatian Anaitasuna.

Lehen zatian bezala bigarrenean ere gora begira irten zen Anaitasuna. Kontraerasoan izan zituen pare bat aukera, baina gola jokaldi nahasi batean iritsi zen. 54. minutuan Ioannesek baloia jada zarauztarren area barruan zela kanpora irtetera zihoan, baina honek ez zion utzi irteten eta baloia aldendu zuen. Area ertzean Xabi Soraluzek jaso zuen baloia eta erdilariak eskuin aldera zabaldu zuen, han Ander Pastrian agertu baitzen azpitik eta indartsu Anaitasunarentzat goizeko bigarren gola egiteko.

Ondorengo minutuak kanpotarrenak izan ziren, baina Astirekin egin zuten topo. Atezainak bi geldiketa garrantzitsu egin zituen, baina 80. minutuan ezin izan zuen Zarautzen gola ekidin. Baloi luze batean zarauztarren aurrelaria eta Izagirre nor baino nor gehiago aritu ziren baloia lortzeko borrokan, baina azkenik aurrelariak bereganatu zuen eta maisuki baloia Astiren gainetik loratuz bi eta batekoa egin zuen.

Zarautzek ez zuen arrisku handiegirik sortu, baina Anaitasunak gertu izan zuen hirugarrena amaitzeko minutu gutxi falta zirenean. Rubiok ezker hegaletik ateratako kornerrera Izagirre gutxigatik ez zen iritsi errematera, baina baloia Ioannesek jaso zuen bigarren zutoinean, honen jaurtiketa beste aldeko zutoinera joan zen eta aldaratzea Mikel Pastriani iritsi zitzaion. Jaurtiketa gora joan zitzaion. Mikel Pastrian aurrez irten zen Unairen ordez.

Modu honetan denboraldi aurre honetako lehen garaipena lortu zuen Anaitasunak. Datorren astean berriz ere larunbat goizeko 11:30etan Txerloian jokatuko dute eta aurrean talde bizkaitar batekin aurkituko dira. Aurreko urtean bezala Elorrioren aurka jokatuko dute Igor Quindosen mutilek. Duten neurria erakusteko aurkari bikaina.