Beasainentzat XIX. Andra Mari Saria

Anaitasuna CD 1
Beasain 2

Anaitasunak aurpegia eman zuen Hirugarren Mailako talde sendoenetarikoaren aurrean

Aurkari sendoa aurkitu zuen Anaitasuna atzo arratsaldean Txerloian. Beasaindarrak goiz aurreratu ziren geldikako jokaldi bat baliatuz, baina Anaitasuna behetik gora joan zen eta une batzuetan beasaindarrak baino hobeto aritu zen. Ioannes Garatek banakoa ezarri zuen, baina bigarren zatiaren hasieran Beasainek Xabier Sagarzazuren omenezko XIX. Andra Mari Saria eraman zuen.

Lehen zatia arinagoa izan zen bigarrena baino. Beasain gogor zelairatu zen eta minutu onak egin zituen, Anaitasuna baino maila hobeagoan dela erakutsiz. Hori horrela, 6. minutuan ezker hegalean egindako falta bat baliatu zuten beasaindarren huts eta batekoa egiteko. Erdiraketa buruz langara errematatu zuten kanpokoek, baina aldaratzea berriz ere jokalari berdinari iritsi zitzaion eta honek ez zuen bigarren aukera alferrik galdu.

Anaitasunak minutu txarrak pasa zituen, baina denborak aurrera egin ahala, Anaitasunaren jokoa ere aurrera begira jarri zen, Beasainen atera begira, oso zuzen jokatuz. Atzelarien bizkarra behin eta berriz aurkitu zuten Igor Quindosen mutilek eta halako batean saria jaso zuten. Markel Eskurzak zelai erdia baino metro batzuk aurrerago pase zoragarria egin zion Ioannes Garateri, honek aurrez mugimendu ona egina baitzuen. Atea aurrean bakarrik gelditu zen Ioannes eta honek eskuinez atezainaren gainetik banakoa ezarri zuen. Ordutik aurrera oreka izan zen nagusi Txerloiako berdegunean eta banako emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia grisa izan zen bi taldeen partetik. Kontrola kanpoko taldeak izan zuen, baina ez zuten ez arriskurik sortu, ez Anaitasunak ez eta Beasainek ere. Beasainek ordea aukera garbi bat izan zuen eta huraxe baliatu zuen Andra Mari Saria etxera eramateko. 54. minutuan ezker hegalean ostu duten baloitik hiru jokalari iritsi dira area barrura eta horietako batek Astiren ate aurrean bakarrik jaso du baloia eta bat eta bikoa egin du.

Ordutik aurrera futbol gutxi ikusi da Txerloian. Anaitasuna saiatu da kanpokoen ate ingurura hurbiltzen, baina nahi baino gehiago kostatu zaio. Beasaindarrek, aldiz, emaitzari eusteko ez dute inolako arazorik izan. Hurrengo lagunartekoa hilaren 22an, datorren larunbatean jokatuko dute. Liga Txapelketan arerio izango duen Zarautz izango dute hurrengo aurkaria Zarauzko Asti futbol zelaian.