Etxeko azken partida irabazi du Anaitasunak

Anaitasuna CD 3
Hondarribia 0

Txerloian Anaitasunaren elastikoa azken aldiz janzten zuen Iraitz Kortak gola egin zuen zelairatu eta minutu gutxira

Anaitasunak garaipena lortu zuen denboraldiko etxeko azken partidan. Lehen zati grisa egin zuten bi taldeek, ez baitzuten behar besteko arriskurik hartu eta hutsean joan zen neurketa atsedenaldira. Bigarrenean, ordea, gauzak aldatu egin ziren. Kanpokoek aurrera egin zutenean, Anaitasunak une hori baliatu zuen partida erabakitzeko.

Partida hasieran omenaldiak izan ziren taldeko hainbat kiderentzat. Iraitz Kortak eta Iker Pastrianek azkeneko aldiz jantzi zuten Anaitasunaren elastikoa Txerloian. Iker bere semea besoetan zuela irten zen zelaira, eta Iraitzi, berriz, pasilloa egin zioten. Bere ilobarekin batera irten zen zelaira, eta bertan beste taldekide batzuk pankarta batekin zain zeuden 15 urteko ibilbideagatik zoriontzeko.

Partidara itzuliz, lehen zatia tristea izan zen. Hala ere aukera batzuk izan zituzten bi taldeek. Lehena Anaitasunak. Ander Arabaolazak bat-bikoen bitartez hainbat jokalari atzean utzi zituen eta area ertzetik egindako jaurtiketa, gutxigatik joan zitzaion kanpora. Berehala Hondarribiak erantzun zuen, baina kanpokoen jaurtiketari erantzun ezin hobea eman zion Remen atezainak.

Minutuek aurrera egin ahal ez zen aipatzeko jokaldirik izan, baina ondoren hondarribiarrek izan zuten bat. Remeni baloiak eskuetatik ihes egin ostean Hondarribiako jokalari batek buruz errematea egin zuen atera, baina han agertu zen Ion Izagirre baloia atepetik ateratzeko. Honen ostean, Anaitasunaren txanda izan zen. Iker Pastrianek egindako erdiraketa zoragarri batean Mendizabali iritsi zitzaion baloia, baina honek ez zuen asmatu ate aurrean eta honen errematea zutoinera joan zen.

Bigarren zatian kanpokoek gehiago arriskatu nahi izan zuten eta indartsu atera ziren berdegunera. Hasierako minutuetan bi edo hiru aldiz erraztasunez iritsi ziren Remenen area ingurura nahiz eta ez zuten minik egiterik lortu. Saiakera hauen ostean Anaitasuna goitik-behera gailendu zen. Kontraeraso batean bizi irten zen aurrera Anaitasuna IƱigo Arzalluzen bitartez. Ezker hegalean hasi zuen jokaldia eskuinean amaituz Mikel Pastrianen bitartez, eta han zen Ander Arabaolaza, alde batera keinua egin eta atzelari bat atzean utziz jaurtiketa indartsu batekin, bat eta hutsekoa egiteko.

Ondoren Anaitasunak aldea handitzeko saiakerak egin zituen. Iker Pastrianek bi aukera garbi izan zituen. Lehenengo jaurtiketan atezainak gelditu eder bat eginez zutoinera joan zen baloia. Ondoren aldaketa izan zen Anaitasunan. Ander Arabaolaza golegileak Iraitz Korta eguneko protagonista nagusienetako bati eman zion txanda.

Iker Pastrianek gol batekin agurtu nahi zuen Txerloia eta gogotik saiatu zen, baina zutoinak ez zituen lagun izan. Bigarren jaurtiketa batean ere baloiak zutoinean jo nahi izan zuen. Baina handik bi minutura Iraitz Kortak inoiz ahaztuko ez duen jokaldia etorri zen. Aramendik ezker hegaletik erdiraketa egin zuen, eta bigarren zutoinean Iraitz bakar-bakarrik agertu zen baloia kontrolatu eta atezaina engainatuz bi eta hutsekoa egiteko. Zaleak harmailetan zutik eta txaloka hartu zuten Iraitzen gola.

Gola egin eta minutu gutxira beste agur baten ordua izan zen. Iker Pastrianek ere agur esan zion Txerloiari txalo artean eta bere ordez Mikel Arzalluz irten zen zelaira. Eta partida jada luzapenean zela, Anaitasunako jokalariek lo harrapatu zituzten hondarribiarrak. Kontraeraso batean Mikel Arzalluzek pase dotore baten bitartez ate aurrean utzi zuen Ander Pastrian eta honek behetik egindako jaurtiketa gurutzatu batean hirugarrena egin zuen Anaitasunarentzat.

Ez zen gehiagorako betarik izan. Zutoinengatik izan ez balitz Anaitasunaren gol-kopuru handi bati buruz ariko ginateke orain. Hala eta guztiz ere, taldeak garaipen batekin eskertu nahi izan zien zaleei urte osoan etxean nahiz kanpoan emandako babesa eta bide batez futbola uzten duten jokalariei ere bai, beraien taldeagatik denbora askoan edo gutxian erakutsitako inplikazioagatik. Datorren asteburuan Ligako azken partida jokatuko du Anaitasunak. Lesakara egin beharko du bidaia Ohorezko mailako taldeak Beti Gazteren aurka indarrak neurtzeko.