Porrotarekin agurtu du denboraldia Anaitasunak

Beti Gazte 3
Anaitasuna CD 1

Anaitasunak ez zuen denboraldia garaipen batekin agurtzerik izan, bigarren zatian goitik behera menperatu baitzuten etxekoek partida

Amaitu da 2014/15 denboraldia. Ez da nahi bezalakoa izan. Hasieran makal hasi ziren, baina erdi aldera izandako bolada onak ez zuen behar besteko jarraipenik izan, eta denboraldia bosgarren postuan amaitu dute gureek. Atzokoa denboraldi honetako partiden erakusgai garbia izan zen. Hasieran partida lortzeko hautagai serio bezala agertu ziren, etxekoak baino gehiago zirela erakutsiz, baina denborak aurrera egin ahala nafarrek neurria hartu zieten gureei eta azken partida irabaztea lortu zuten.

Txaranga konpasei jarraituz, erritmo bizian hasi zen partida. Giro ederra sortu zen Mastegiko futbol zelaian, baina joko gutxi ikusi zen, bi taldeak zuzen jolastea erabaki baitzuten. Anaitasunak partidako lehen aukera izan zuen. Atzelariaren eta atezainaren artean zegoenean baloia, Ander Arabaolaza gaizkiulertua gol bilakatzear egon zen. Anderren aukera honen ostean etxekoen aukera etorri zen. Geldikako baloietan sortzen duten arriskua baliatuz, erremate bat gol bilakatzear egon ziren. Ander Rementeria, ordea, bizi ibili zen eta kornerrera bidali zuen baloia geldiketa dotore batekin.

25. minutua iristean egin zuten gola etxekoek. Area ertzeko jaurtiketa gurutzatu bat baliatu zuten lesakarrek partidan aurre hartu eta harmailetako giroa berotzeko. Baina, Anaitasuna giroa hoztear izan zen. 34. minutuan area ertzeko falta bizi atera zuten eta Aramendik eskuin hegaletik area barruan ezkerrez egindako jaurtiketa gurutzatua gutxigatik ez zen sartu sareetara. Mikel Arzalluz ere iritsi zen arrastan, baina hau ere ez zen heldu errematea egitera. Atsedenaldira bat eta hutseko emaitzarekin atzetik ziren gureak.

Aldageletatik bueltan etxekoek erraz nagusitu ziren gureen aurrean. Lesakarrek aukera asko izan zituzten bigarren gola egiteko, bereziki geldikako jokaldietan, baina 83. minutura arte ez zuten lortu. Area ertzean jaso zuen baloia ezkerrez Kaiet atezainaren gainetik jaurti zuen bi eta hutsekoa markagailuan ezartzeko.

Handik bi minutura hirugarrena egin zuen Beti Gaztek. Anaitasuna erasoan ari zela kontraerasoan bizi irten ziren etxekoak eskuin hegaletik, eta bigarren goleko protagonistak ate aurrera egindako pasearekin bakarrik utzi zuen etxekoen aurrelaria hirugarrena egiteko. Denboraldia eta partida azkeneko segunduetan zela Ander Arabaolazak area barruan jasotako baloia ezkerrez jaurti zuen sareetara denboraldiko hamaikagarren gola egiteko.

Denboraldiari amaiera kaskarra eman zion Ohorezko mailako taldeak. Urtean zehar egindakoak datorren denboraldirako balioko duelakoan, atsedena hartu eta hurrengo urterako pentsatzen hasteko ordua iritsi da. Indarberrituta eta gogotsu itzuliko dira gure mutilak Anaitasunaren jarraitzaile eta futbol zaleei ahalik eta futbolik dotoreena eskaintzeko.