Astindua Hernaniren aurka

Hernani 4
Anaitasuna CD 1

Bigarren zatiaren hasieran Anaitasuna gizon bat gutxiagorekin gelditu izanak balantza erabat aldatu zen hernaniarren aldera

Anaitasuna ez zen gai izan hamar gizonekin Hernani mendean hartzeko eta jipoi handia jaso zuen Zubietan. Lehen zatian nagusi izan zen arren, etxekoek azken hatsean lortu zuten gola eta partidan sartu ziren bete-betean. Bigarren zatian, berriz, kolorerik ez zen izan. Hernanik era guztietara jolastu zuen eta Anaitasuna menperatu zuen.

Partidako zatiak banatuak izan ziren. Lehen zatian Anaitasuna goitik behera nagusitu zen eta futbol polita erakutsi zuen. Konbinazio onak eginez eta baloia behetik jolastuz. Hainbat jokaldi on egin zituen, baina ate aurrean arriskurik egitea ez zuen lortzen Iturberen taldeak. Hamargarren minutura iritsi aurretik egin zuen Anaitasunak partidako bere gol bakarra. Zelai erdian ondo mugitu eta ateratako baloi batean, Ander Pastrianek mugimendu dotorea egin zuen atzelarien bizkarrera eta berak jokaldia amaitzeko aukera izan baldin bazuen ere, atzelariek azkar ibili ziren. Hala ere, bestaldean zegoen Ander Arabaolazari pasea emateko aukera izan zuen eta honek ez zuen barkatu huts eta batekoa egiteko.

Golaren ostean Anaitasunak modu berean jarraitu zuen eta aukera gehiago ere izan zituen errenta handitzeko. Lehena Mikel Pastrianek. Area ertzean gelditutako aldaratze batera indartsu sartu zen eta ate aurreraino baloiarekin joatea lortu zuen indarra baliatuz. Atezainaren gainetik baloia loratzen saiatu zen, baina gutxigatik kanpora joan zitzaion.

Beste aukera garbi bat ere izan zuen Anaitasunak. Oier Elorzak zelai erdia baino metro batzuk atzeragotik egin zion IƱigo Arzalluzi pasea behetik, honek kontrolatu eta baloiarekin area ingururaino joan eta bertatik egindako erdiraketa Anderrentzat izan zen. Honek ongo egin zuen jaurtiketa, baina atezainak sekulako eskua atera zuen eta Hernani bigarren goletik salbatu zuen. Atsedenaldirako segundu gutxi falta zirela zorigaiztoko jokaldia etorri zen. Remen atezainaren area ertzeko falta azkar atera zuten hernaniarrek eta bigarren zutoinean buruz partida berdintzea lortu zuten etxekoek.

Bigarren zatian haizeak kontrako aldetik jo zuen Anaitasunarentzat. Hasi eta berehala Hernanik gola egiteko aukera garbia izan zuen, baina Ander Rementeriak aipatzeko moduko gelditua egin zuen. 48. minutuan, berriz, Zialtzetari bigarren txartel horia atera zion epaileak eskuarekin pase bat mozteagatik eta ordutik aurrera partida Hernaniren aldera erori zen duda izpirik gabe.

Lau minutu geroago Hernaniren gola etorri zen. Ezker hegaletik emandako jokaldi batean, erdiraketa egin eta bigarren zutoinean bakarrik zen aurrelariak jaurtiketa gurutzatu batekin, bi eta batekoa jarri zuen markagailuan. Golaren ostean gauza gutxi ikusi zen Zubietako berdegunean ahalik eta 70. minutuan hernaniarrei hiru puntuak ziurtatuko zizkien gola egin zuten arte. Oraingoan eskuin hegaletik eman zuten jokaldia etxekoek eta azpitik egindako erdiraketa bat baliatu zuen aurrelariak area ertzean baloia bakarrik hartu eta hirugarren gola egiteko.

Anaitasunak aukera garbi bat izan zuen golaren ostean. Mikel Arzalluzek hainbat jokalari utzi zituen atzean baloiarekin duen abilezia erakutsiz, eta Ioritz Mendizabalek area inguruan jaso zuen baloia. Honek atezainaren aurrean jaurtiketa egin zuen, baina langara joan zen zuzenean. Aukera polita galdu zuen Anaitasunak azken minutuetan partidan satzeko. Etxekoek azken gola egiteko aukera ere izan zuten eta area barruan egindako jaurtiketan laugarrena lortu zuten. 

Ez zen gehiagorako betarik izan Zubietan. Anaitasunak hirugarren postura heltzeko aukera guztiak galdu zituen atzokoan. Hurrengo jardunaldia bizia jokatzen ari den Hondarribiaren aurkakoa izango da. Anaitasunak etxean aurtengo denboraldian jokatuko duen azken partida izango da.