Garaipenaren bidera itzuli da Anaitasuna

Anaitasuna CD 2
Ordizia 0

Nagusi izan zen Anaitasuna Ordiziaren aurrean, eta lehen zatian Ander Arabaolazak eta Oier Elorzak egindako golei esker hiru puntuak etxean gelditu ziren

Anaitasunak Ordizia menpean hartu zuen atzo Txerloian, bereziki lehen zatian egindako joko onari eta golei esker. Lehen zatian partida erdi-itxia utzi zuten Iturberen mutilek eta bigarren zatian aldea eusteari nahikoa izan zuten. Ordiziarren partetik ezer gutxi ikusi zen. Arrisku gutxi sortu zuten, bereziki faltak eta kornerrak baliatzen zituzten min egiteko, baina Ander Rementeria fin ibili zen.

Lehen minututik partidan sartuta atera zen Anaitasuna atzo Txerloiako futbol zelaira eta horren erakusle izan zen erakutsi zuen jarrera eta jokoa. Oldarkor eta ausart irten zen lehen minutuetan, baina minutu horiei jarraipena emateko gai izan zen taldea atzokoan. Lehen zati biribila burutu zuten eta ordiziarrek punturik ahulenak non zituzten ederki asko ikusi zituzten gureek min egin ahal izateko.

Hegaleko atzelarien bizkarrera egindako paseetatik asko sufritu zuen Ordiziak bai joaneko partida eta baita atzokoan ere eta lehen gola hortik etorri zen. 16. minutuan ezker hegalean Oier Elozak mugimendu dotorea egin zuen atzelarien bizkarrera eta mugimendua ulertu eta pasea egin ziona Iñigo Arzalluz izan zen. Elorzak area barruan baloia hartu eta Ander Arabaolaza bakarrik zegoela aprobetxatuz honi egin zion pasea, aurrelariak bat eta hutsekoa egiteko.

Baloia patxadaz eta ongi mugitzeko debora ere izan zuen taldeak eta behin baino gehiagotan iritsi zen behetik jolastuz ordiziarren arearaino. 33. minutuan, Iñigo Arzalluzek abiadura-martxa bat gehiago sartuta ordiziarren atzelari bat erraz utzi zuen atzean eta area barrura sartu zenean Oier Elorza bakarrik ikusi zuen pasea egiteko eta azken honek ez zuen barkatu.

Atsedenaldira bitartean erraz eta nagusi aritu zen Iturbek entrenatzen dituen taldea, baina handik bueltan neurketa orekatuagoa izan zen. Lehen aukera gureek izan zuten. Iñigo Arzalluzek zelai erdian ostutako baloi batean, atzelariak atzean utzi eta area barruraino sartu zen. Atearen aurrean bakarrik gelditzea ere lortu zuen baina jaurtiketarekin ez zuen asmatu. Aldaratzean Ander agertu zen eta aurrelaria ere gola egiteko moduan izan zen arren, azken unean atzelariek urrundu zuten.

Handik aurrera minutu oso politak ikusi ziren Txerloian. Ordiziak geldikako baloiak baliatu zituen arriskua sortzeko, baina Remen atezaina bikain ibili zen baloi horiek urruntzen. Kanpokoek metro batzuk aurrera egitea erabaki zuten aldea murrizte aldera, baina ez zuten min egiterik lortzen. Anaitasunak sortu ziren espazioak baliatzen jakin zuen ate aurrera erraztasunez iristen zen arren ez zuten hirugarren gola egiterik izan. Garbiena Mikel Arzalluzek izan zuen. Ander Arabaolaza eta Mikel Aramendiren artean egindako bat-biko zoragarri baten ostean azken hau ate aurrean gelditu zen. Ordiziarren atezaina baloia hartzear egon zen, baina Aramendik Mikel Arzalluz ate aurrean utzi zuen nahiz eta ez zuen jaurtiketa ondo egiterik izan.

Amaieran bi eta huts eta aspaldiko partez sentsazio onekin amaitu zuen partida taldeak. Datorren jardunaldian Hernanin arituko da Anaitasuna. Sailkapeneko hirugarren postuan dagoen taldea izango dute aurrean. Partida eta proba polita izango da Iturberen mutilentzat zer nolako egoeran dauden aztertzeko.