Anaitasunak puntu bat baino gehiago merezi izan zuen Galen

Real Union 0
Anaitasuna CD 0

Anaitasunak aukera garbiak izan zituen partida bereganatzeko, baina ate aurrean ez zen fin ibili

Anaitasunak puntu bat batu zuen larunbat arratsaldean Irunera egindako bidaian. Lehen zatian gehiago izan zen Aitor Iturberen taldea, aukera garbiak eginez eta Real Union baino gehiago dela erakutsiz. Bigarrenean, ordea, partida gehiago orekatu zen eta ez zen lehen zatian adinako aukerarik izan.

Anaitasunak aukera polita zuen Irunen orain astebete Txerloian Antzuolaren aurka erakutsitako aurpegi txarra aldatzeko. Azken asteetako jokotik hobekuntza izan zuen taldeak eta aukerez jositako lehen zati txukuna burutu zuen Aitor Iturberen taldeak. Lehena Josu Godoyk izan zuen. Zelai erdi ingurutik egindako jaurtiketak ustekabean harrapatu zuen etxekoen atezaina eta gutxigatik ez zuen lortu Anaitasunarentzako gola.

Minutu onak ziren eta bi aukera bata bestearen atzetik izan zituzten gorrixek. Ioritz Mendizabalek Mikel Arzalluzek egindako pase zoragarria baliatu zuen ate aurrean bakarrik gelditzeko, baina aurrelariak ez zuen baliatu aukera. Eta honen ostean, Iñigo Arzalluzek izan zuen. Hegaleko jokalaria ere ate aurrean gelditu zen eta bere jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Minutu batzuk geroago, Mikel Arzalluzek ere gertu izan zuen gola. Area ertetzetik egindako jaurtiketa, ordea, aurrekoak bezalaxe kanpora joan zen. Azken partida hauetarako Anaitasunak taldera batu duen Ander Rementeria atezain eibartarrak ere duen maila erakusteko aukera izan zuen. Atsedenaldira iritsi aurretik bere geldiketa batek bat eta hutsekoa ekidin zuen.

Atsedenaren ostean aukera gutxiago izan ziren. Hala ere, lehena eta bigarren zatiko garbienak Iturberen taldearentzat izan ziren. Mikel Arzalluzek zutoina laztanduz kanpora egin zuen jaurtiketa. Geroago, berriz ere Ander Rementeria agertu zen. Beste geldiketa bikain batekin ez zion utzi Real Unioni aurrea hartzen.

Amaierarako minutu gutxiren faltan, berriz, Anaitasunak beste abagune garbi batekin hiru puntuak eskuratzeko aukera garbia galdu zuen. Iñigo Arzalluzek area ertzetik egindako jaurtiketak Real Unionen atea babesten zuen zutoina jo zuen eta Anaitasuna Irundik punturik gabe itzultzea suposatu zuen.

Azken asteetako jokotik hobekuntza izan zen larunbatean, baina emaitzek ez diote laguntzen amaiera txukun bat egiten. Datorren jardunaldian ostiralean Ordizia jasoko dute Txerloian, arratsaldeko 17:00etan. Sailkapeneko hamargarren postuan dira ordiziarrak, azkoitiarrengandik sei puntura. Denboraldi honetan etxean jokatuko duen azken aurreko partida izangoa ostiralekoa.