Porrot gogorra etxean

Anaitasuna CD 1
Antzuola 3

Nahiz eta Anaitasuna aurretik jarri, Antzuolak bigarren zatiaren hasieran buelta ematea lortu zuen

Partida kaskarra burutu zuen Anaitasunak eta Antzuolak ez zuen alferrik galdu aukera. Hasieran ondo ekin zion Anaitasunak eta jokaldi azkarren bitartez Antzuolari min egitea lortzen zuen, baina bigarren zatiaren hasieran gaizki sartu ziren partidara eta antzuolarrek markagailua iraultzea lortu zuten minutu batean.

Ondo sartu zen neurketan Anaitasuna, aukerak bata bestearen atzetik eginez. Bi aldeetako hegalak baliatu zituen Aitor Iturberen taldeak Antzuola bere area inguruan sartzeko. Oier Elorza eta Ander Arabaolazaren artean egindako bat-biko batetik etorri zen lehen aukera. Anderrek egindako erdiraketara gutxigatik ez zen iritsi Iker Pastrian. Legazpiarra minutu batzuk beranduago urrundik saiatu zen, baina atezainak erantzun ona eman zion.

Antzuola ezer gutxi ari zen erakusten. Atzean bigun eta aurrean aukera gutxi. Lehen orduerdia beteta zela, ordea, gertu izan zuen gola. Baloi luze batean, Anaitasunako atzelarien bizkarra aurkituz, Antzuolako jokalari bat agertu zen bakarrik eta honen erdiraketa Astiren ate aurretik pasa zen. Gutxigatik ez zen iritsi Antzuolako aurrelaria gola egitera.

Futbolean ere barkatzen duenak ordaindu egiten du, eta bi minutu geroago Anaitasunak aurrea hartu zuen markagailuan. Mikel Aramendik egindako bakarkako jokaldi batean atzean utzi zituen Antzuolako bi atzelari eta area barruan sartzea lortu zuen. Ezker hegaleko jokalariak jaurtiketa egiteko aukera baldin bazuen ere Iker Pastriani oparitzea erabaki zuen eta aurrelariak ez zuen hutsik egin baloia sareetara bidaltzeko. Gola egin eta minutu gutxira, Antzuolak berdinketa egiteko aukera zoragarria galdu zuen. Astiren aurrean bakarrik gelditu zen kanpokoen aurrelaria, baina atezainak oina ateraz berdinketa ekidin zuen.

Atsedenaldira aurretik joan zen Iturbek gidatzen duen taldea, baina gauzak berehala aldatu ziren Txerloian. 48. minutuan Antzuolari bizia emango zion gola lortu zuten. Atzelarien artetik pase zoragarria eginez ate aurrean utzi zuten antzuolarren ezker hegaleko jokalaria eta honek banakoa ezarri zuen markagailuan. Minutu bat geroago, bat eta bikoa. Urruneko jaurtiketa batean lortu zuen lehenengoaren golegile berak.

Hortik aurrera ezer gutxi ikusi zen Txerloian. Anaitasuna ez zen gai izan aukera garbirik sortzeko. Garbienak Mikel Aramendik eta Anderrek izan zituzten, baina bien jaurtiketak kanpora joan ziren zuzenean. Arauzko 90 minutuetara iristeko hamabi minuturen faltan garaipena ziurtatu zion gola egin zuen Antzuolak. Ezker hegaletik landutako jokaldi batetik etorri zen gola. Lehenbizi jaurtiketa egin zuten antzuolarrek, Astik gelditzea lortu zuen, baina aldaratzean ez zuen barkatu aurrelariak.

Anaitasunak ez zuen arratsalderik onena izan eta Antzuolak, berriz, izan zituen momentuak baliatu zituen hiru puntuak eskuratzeko. Datorren asteburuan Irunen Real Union izango du arerio. Sailkapenaren erdialdean dira irundarrak, Anaitasuna baino hamar puntu gutxiagorekin.