Ezin etxean

Anaitasuna CD 0
Touring 0

Anaitasunak lehen zatian izan zituen aukerak markagailuan aurrea hartzeko, baina ez zen fin ibili ate aurrean

Anaitasunak puntu bat batu zuen 21. jardunalditik atzeratuta gelditutako partidan. Nahiz eta aurrean Touring serio bat aurkitu zuten Iturberen mutilek, partida kaskarra izan zen. Lehen zatian gola egiteko aukerak izan zituen Anaitasunak, baina bigarrenean Touring esnatu eta sendoago agertu zen Txerloian.


Anaitasuna: Asti, Zulaika, Unai, Ioritz Badiola, Zialtzeta (71. min Julen Alberdi), Beitia, Elorza (81. min Tomao), Ander (76. min Mikel Pastrian), Aramendi, M. Arzalluz (69. min Mendizabal), Iker Pastrian (69. min Ander Pastrian)

Touring: Labaka, Bautista, Altuna, Orozko, Etxebeste, Zabaleta, Romero, Benito, Tarragona, Arruti, Lopez


Hasi bezala amaitu zuen Anaitasunak atzoko partida sailkapeneko aurkari zuzen baten aurrean. Ondo ekin zion partidari, aurkaria baino zentratuago eta partidaren kontrola etxekoena izan zen lehen 45 minutuetan. Aukera batzuk izan zituen aurrea hartzeko. Mikel Arzalluzek izan zuena esaterako. Iker Pastrianek pase zoragarria egin zion eta ate aurrean utzi zuen aurrelari gaztea, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen.

Iker Pastrian berak ere ez zen urrun izan. Pare bat aukera izan zituen legazpiarrak gola egiteko. Garbiena eskuin aldetik egindako jaurtiketa gurutzatu bat izan zuen, baina gehiegi gurutzatu zuen eta baloia kanpora joan zen zuzenean. Oro har, atezainek ez zuten lan berezirik egin behar izan, bereziki bigarren zatian, partida grisa izan baitzen bigarren erdia.

JulenAlberdi

Julen Alberdi jubenilaren debut eguna izan zen Touringen aurkakoa

Bigarren zatian ez zen izan gogoan hartzeko jokaldirik. Touring hobeto aritu zen eta momentu batzuetan Anaitasuna baino gehiago ere izan zen, baina errenteriarrek ere ez zuten arriskurik sortu Astiren ate inguruan. Anaitasunak, berriz, partidako azken hatsean gola egiteko aukera paregabea izan zuen. Mikel Pastrianek area barruan kontrolatu zuen baloia, atzelari bat atzean utzi zuen erdilariak, jaurtiketa ere egin zuen baina ez zuen asmatu. Aldaratzea bere anaia Anderri iritsi zitzaion eta honek ere ez zuen gola egiterik izan.

Merezitako berdinketa Txerloiako futbol zelaian ikusi zenagatik eta bi taldeek erakutsitakoagatik. Datorren asteburuan sailkapeneko azkena jasoko dute gorrixek, Antzuolak Azkoitiara egin beharko baitu bidaia. Antzuolarrentzat hil ala biziko partida da datorren astekoa, Martutenen eta etxean Zarautzi irabazi eta gero, berriz ere berpiztea lortu baitute. Neurketa gogorra izango da.