Luzapenak beste behin puntuak kendu dizkio Anaitasunari

Tolosa 1
Anaitasuna CD 1

Hainbat minututan nagusi izan zen Anaitasuna, baina zorte txarreko jokaldi batean bi puntu galdu zituen

Anaitasuna berriz ere luzapenarekin aurkitu zen parez pare Tolosan. Arauzko 90 minutuak pasatuta zirela egin zuten etxekoek berdintzeko gola. Ez zen partida ikusgarria izan, baina Anaitasuna nagusi izan zen Berazubiko futbol zelaian, bereziki lehen zatian eta bigarrenaren hasierako minutuetan.

Luzapena krudela izaten ari da Anaitasunarekin aurtengo denboraldi honetan. Aretxabaletako partidan gertatu zen bezala, atzo ere Tolosak azken hatsean egin zion gola Anaitasunari eta goiko postuengatik borrokan sartzeko aukera paregabea galdu zuen taldeak.

Lehen zatian Tolosari asko kostatzen zitzaion baloia mugitzea eta atzean akats asko egin zituzten urdinek. Anaitasunak hori baliatzen jakin zuen eta zelai erdian ostutako baloiei etekina ateratzen jakin zuen arriskua sortzeko. 20. minutua pasa berri zela egin zuen Anaitasunak bere gola. Tolosarrek atzeko lerrotik erdira egindako pase txar batean azkar ibili zen Iñigo Arzalluz, baloia lapurtu, bi-hiru metro aurrera egin eta ezkerrez jaurtiketa indartsu batekin baloia sareetara bidaltzeko.

Tolosak geldikako jokaldiak baliatzen zituen arriskua sortzeko, baina Anaitasunako atzelariek eta Astik ondo urruntzen zituzten baloi horiek. Honez gain, Anaitasunak errenta handitzeko aukera paregabea izan zuen gola egin eta minutu gutxira. Mikel Arzalluzek ezker hegaletik jaurtiketa loratua egin zuen, baina honen jaurtiketak zutoina jo eta atezainak atepetik atera zuen. Jokaldi honek zalantza asko sortu zuen Berazubi futbol zelaiko harmailetan elkartu ziren zaleen artean. Atsedenaldi aurretik Tolosa baino sentsazio hobeak erakutsi zituzten azkoitiarrek.

Bigarren zatian, ordea, hasi eta segundu gutxira Tolosak partida berdintzeko aukera paregabea galdu zuen. Area barruan egindako jaurtiketa zutoin ondotik joan zen poliki-poliki. Tolosak abisua eman zuen, baina ondorengo hamar-hamabost minutuak Anaitasunarenak izan ziren.

Aukera batzuk egin zituen taldeak. Lehena Mikel Arzalluzen erdiraketatik etorri zen, baina Iñigo Arzalluzek erremate ahula egin zuen. Iker Pastrian ere saiatu zen urruneko jaurtiketa batekin. Hegaldeko falta batean, berriz, Oier Beitiak erremate indartsua egin zuen. Denak atezainak gelditu zituen.

Azken 25 minutuetan, Tolosak gora egin zuen ordea. Aldaketekin asmatu egin zuen etxekoen entrenatzaileak, egiten ari zen jokoak emaitzak eman baitzizkion. Zuzen jokatzen jarraitzen zuen Tolosak, eta aurrelariak zuen abiadura baliatuz mina egiten hasi ziren etxekoak. Anaitasunak, baina, serio jardun zuen defentsan eta ez zen aipatzeko arriskurik izan Astiren area inguruan.

Okerrena iristeko zegoen ordea. Luzapenean sartzearekin batera partida erotu egin zen. Zorte txarreko jokaldi batean Tolosak banako berdinketa egin zuen eta golaren ostean Mikel Agirreri bigarren txartel horia atera zion epaileak jokaldi bat eskuarekin mozteagatik.

Beste behin zortea ez zuen lagun izan Anaitasunak. Aste Santuetako etenaldira goiko postuetatik urrun iritsi dira, baina alde hori murrizteko aukera izango dute apirilaren 11an Txerloian. Errenteriako Touring taldea jasoko dute Iturberenek, sailkapenean bost puntura dira errenteriarrak.