Emaitzak erakusten duena baino garaipen errazagoa lortu zuen Anaitasunak Ostadarren aurka

Anaitasuna CD 2
Ostadar 1

Itxura ona erakutsi zuen taldeak, bereziki lehen zatian

Anaitasunak bost partidako bolada txarrari agur esan zion atzo Txerloian Ostadarren aurka. Ostegunean porrot gogorra jaso zuen Aretxabaletan, baina Iturberen mutilak nagusitasuna erakutsi zuten berdegunean eta aspaldiko partez hiru puntuak batu zituzten. Etxekoen golak Iker Pastrianek eta Mikel Aramendik eginak izan ziren: lehen zatiaren erdian sartu zuen Pastrianek berea eta bigarrena, aldageletatik itzuli eta berehala egin zuen Aramendik. Ostadarrek, berriz, partidako azken hatsean egin zuen bere gola.

Lehen zati txukuna egin zuen Anaitasunak. Aukerak bata bestearen atzetik egin zituen taldeak eta Ostadar menpean izan zuen. Hegalak erabiliz erraz iritsen zen lasartearren ate ingurura, baina 27. minutura arte ez zen gola iritsi. Ander Arabaolazak Iker Pastriani atzelarien bizkarrera pase zoragarria eman zion eta honek atezaina atzean utzi zuen mugimendu eder batekin, bat eta hutsekoa markagailuan ipiniz.

Bigarren gola ere ez zuen urrun izan Anaitasunak. Ostadarrek behar baino lan gehiago hartu zuen atzeko lerroan, eta Ander eta Aramendik egindako presio onari esker, baloia ostu eta gola egiteko zorian izan zen ezker hegaleko jokalaria. Ostadarrek ere izan zuen korner aldaratze batean berdinketa egiteko gola, baina ez zuten asmatu Astiren aurrean.

Lehen zatiko azken minutuetan Asti atezainak min hartu zuen Ostadarreko jokalari batekin tupust egin ostean, eta atsedenaldian aldaketa egin beharrean aurkitu zen Aitor Iturbe. Bere lekuan Kaiet Arce sartu zen eta Ohoreko Mailako taldearekin debuta egin zuen atezain elgoibartarrak, gainera.

Bigarren zatian ere gehiago izan zen Anaitasuna, baina aukerak egiterako orduan zailtasun gehiago aurkitu zituen. Hala ere, hasi eta hiru minutura Mikel Aramendik etxekoen bigarren gola egin zuen. Area barruan egindako erdiraketa-jaurtiketa atepetik ateratzen saiatu ziren lasartearrak, baina ez zuten lortu eta markagailuan bi eta hutsekoa ezarri zuen Aramendik.

Bigarren golaren ostean ere nagusi izan zen Anaitasuna eta izan zituen hirugarren gol bat egiteko aukerak ere. Hala ere, etxekoan sua pixkanaka itzaltzen joan zen eta ez zuen aukera aipagarririk egin. Aldaketen ostean lasai aritu zen Anaitasuna, baina luzapeneko bigarren minutuan Osatadarrek aldea murriztea lortu zuen jokoz kanpoko posizioan. Lehen Mailan Osasuna eta Numantzia bezalako taldeekin aritutako Gorka Brit izan zen golegilea.

Taldeak sentsazio onak erakutsi zituen Aretxabaletan egin bezala, baina oraingoan hiru puntuekin gelditu zen Aitor Iturberen taldea. Datorren jardunaldian partida interesgarria du Ohorezko mailako taldeak. Momentuz zazpi puntura duten eta partida bat gehiago jokatuta duen Tolosaren aurka arituko da Anaitasuna. Aurkaria hirugarren postuan dago eta aukera paregabea izango du aurkari zuzen batengana hurbiltzeko.