Esku hutsik itzuli da Anaitasuna Aretxabaletatik

Aretxabaleta 2
Anaitasuna CD 1

Partidako azken hamabost minuetan galdu zituen hiru puntuak Ibarran

Anaitasunak ez du punturik batzerik izan sailkapeneko bigarren sailkatuaren etxean. Lehen zati txukuna egin zuten Aitor Iturberen mutilek, baina bigarren zatian minutuek aurrera egin ahala etxekoak min egiten hasi ziren, bereziki geldikako jokaldietan. Atzoko porrotarekin gero eta urrutiago dute gorrixek bigarren postua, bederatzi puntura hain zuzen.

Anaitasunak aukera paregabea galdu zuen Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian. Lehen zatian nagusi izan zen Aitor Iturbek zuzentzen duen taldea eta bigarren zatiko lehen minutuetan ere bai. Jokoaren jabetza Anaitasunarena zen, baina arratsaldeko lehen aukera garbia atxabaltarrek egin zuten area ertzeko jaurtiketa batekin. Zutoin ondotik gutxigatik kanpora joan zen.

Anaitasunaren aukerarik garbiena, berriz, 20. minutuko korner jokaldi batean etorri zen. Bigarren zutoinean ohorezko mailan aurten lehen aldiz jokatzen zuen Oier Elorza agertu zen, honen jaurtiketa, baina kanpora joan zen zuzenean. Anaitasunak noizbehinka egiten zuen jaurtiketaren bat atera, eta Aretxabaletak Astiren area inguruko faltak baliatzen zituen min egiteko.

Atsedenaldira iristeko 3 minuturen faltan, Anaitasunak eskuin hegalean baloia berreskuratu zuen eta area inguruan zen Alex Altolagirreri iritsi zitzaion. Ezker hegaleko jokalariak baloia atzelarien artetik pasa zion Iker Pastriani, eta honek ate aurrean ez zuen barkatu huts eta batekoa egiteko.

Atsedenaldira itxura eta sentsazio onak emanda joan zen taldea eta atsedenalditik bueltan ere modu berean jarraitu zuen, baita partidak ere. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Aretxabaleta baloia atzetik ateratzen hasi zen eta Anaitasuna goitik hasi zen presio-lanean. Orduan espazioak ireki ziren Ibarrako berdegunean eta etxekoek Anaitasunari min egiteko formula bilatu zutela zirudien.

Anaitasuna, berriz, kontraerasoan hasi zen min egiten, baina ez zuen jakin izan zituen aukerak baliatzen. Partida amaitzeko 15 minutu falta zirela, etxekoek berdintzeko gola egin zuten. Minutu zoroak izan ziren eta Anaitasunak asko sufritu zuen. Golaren hurrengo jokaldian bigarrena egiteko aukera ere izan zuten etxekoek, baina Zialtzeta azkar iritsi zen baloira eta honek zutoinaren laguntzarekin bigarren gola ekidin zuen.

Amaitzeko hamar minuturen faltan Aretxabaletako atzelari batek bigarren txartel horia ikusi zuen, baina zelaian ez zen islatzen etxekoei gizon bat falta zitzaiela. Min egiten jarraitzen zuten eta korner jokaldi bateko aldaratze batean, jaurtiketa indartsu batekin bigarrena egitear egon ziren atxabaltarrak.

Anaitasunak emaitzari eusten lanak zituen, eta luzapeneko bigarren minutuan irten berria zen aurrelariak Anaitasunako atzelariei aurrea hartu eta area barruraino iritsi zen garaipenaren gola egiteko. Porrot honekin gero eta zailagoa dute bigarren postua Iturberenek, Aretxabaleta bera baita sailkapeneko bigarrena. Hurrengo hitzordua igande arratsaldeko 16:30etan izango da, Anaitasuna eta Ostadar taldearen artean.