Irabazi ezinik jarraitzen du Anaitasunak

Usurbil 1
Anaitasuna CD 1

Ohorezko mailako taldeak ez zuen partida ona burutu Usurbilen

Usurbileko partidarekin lau dira irabazi gabeko partidak Anaitasunarentzat. Partidaren lehen minutuetan partida erosoa izango zuela ematen zuen arren, Usurbilek, aldaketa batzuk medio, partida beraien aldera berpiztu zuen. Martutene eta Zarautzen aurkako berdinketek, Aurrera Ondarroaren aurkako porrotak eta Usurbilgo berdinketarekin bosgarren postura jaitsi da Anaitasuna.

Hogei minutu on egin zituen Anaitasunak, gola egin arte hain zuzen. Baloia mugituz, alde batetik bestera emanez, areara erdiraketak eginez, hein handi batean Usurbil atzean sartuta izan zuen lehen hogei minutuetan. Jokaldi polit batzuk ikusi ziren lehen minutu horietan eta horrelako batetik etorri zen Anaitasunaren aldeko lehen gola. Aitor Zulaika, Mikel Arzalluz eta Ander Arabaolazaren artean egindako jokaldi batetik kornerra lortu zuen Anaitasunak eta korner horretatik Joritz Badiola atzelariak gola egin zuen Anaitasunarentzat.

Golaren ostean ordea Anaitasuna desagertu egin zen. Intentsitate, erritmo eta aurretik baloiarekin erakutsi zuen jokoa galdu zituen ordutik aurrera. Usurbileko jokalari batek eskuan min hartu zuen eta aldaketa bat egin behar izan zuten. Beste aurrelari bat atera zuten zelaira eta honek hainbat aukera izan zituen partida berdintzeko. Lehena atsedenaldiaren aurretik izan zuten jaurtiketa gurutzatu batean. Hala ere, atsedenaldiaren aurretik Usurbilek Anaitasuna bere arean sartu zuen, hainbat falta izan baitzituen bere alde.

Bigarren zatian ere ez zen lehen hogei minutuetako Anaitasunarik ikusi. Gainera, Usurbilek 48. minutuan gola egin zuen. Bigarren zutoinera egindako erdiraketa bat baliatu zuten usurbildarrek Anaitasunari gola egiteko. Ordutik aurrera ezer gutxi. Usurbil berdinketarekin konforme eta Anaitasunak partidaren bila joateko grinik ez.

Bigarren golaren bila berandu abiatu zen Anaitasuna, azken hamar minutuetan, baina arrisku garbirik ez zuen sortu. Arriskua sortu zuena eta hiru puntuak gertu izan zituena Usurbil izan zen. Korner jokaldi batean atzelari batek egindako errematea zutoin albotik gutxigatik kanpora joan zen.

Ezer gutxirako balio duen puntua batu zuen Anaitasunak, baina oraindik ere bizirik da bigarren postuaren lehiarako. Hain zuzen ere partida erabakiorrak datoz datozen asteetan. Lehena ostegunean, Aretxabaletan. Gaur gaurkoz sei puntura dute azkoitiarrek Aretxabaleta.