Urteko lehen porrota Anaitasunarentzat

Aurrera Ondarroa 3
Anaitasuna CD 0

Partidan sartzeko aukera izan zuen bigarren zatiaren hasieran penalti jaurtiketa batekin

Anaitasunak 2015. urteko lehen porrota jaso zuen atzo Ondarroan Aurrera taldearen aurka. Kontraerasoan eta batik bat geldikako jokaldietan egin zuten min etxekoek, eta Anaitasunak ezin izan zuen ezer egin liderraren etxean. Bigarren zatiaren hasieran Iñigo Arzalluzek Anaitasuna partidan sartzeko aukera izan zuen penalti jaurtiketa baten bitartez, baina etxekoen atezainak jaurtiketa gelditu zuen.

Ez zen Anaitasunaren egunik onena izan. Aitor Iturbe bost atzelarirekin irten zen Zaldupeko berdegunera, baina ez zuen lortu nahi zuen sendotasunik. Etxeko taldea gogor atera zen zelaira golaren bila eta aukera asko eta garbiak izan zituzten, garbienak korner jokaldietan. 5. minutuan bigarren zutoinean egindako erremate bati erantzun ezinhobea eman zion Mikel Astigarraga atezainak, eta sei minutu geroago beste gelditu ikusgarri batekin bizkaitarren lehen gola ekidin zuen. Tartean Anaitasunak aukera bat izan zuen. Ezker aldean hasi eta egindako jokaldia eskuin aldean amaitu zuen Aitor Zulaikak. Atzelariaren jaurtiketa kanpora joan zen zuzenean.

Ondarroa ez zen nekatzen baloia arean jartzen, baina egindako kontraerasoak ere oso zitalak izan ziren.  32. minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola. Anaitasuna erasoan zela baloia ostu eta etxekoak azkar irten ziren erasora duten abiadura baliatuz. Azpi-azpitik egindako jaurtiketa batean bat eta hutsekoa jarri zuen markagailuan.

Minutu hauen ostean Anaitasuna baloi gehiago izaten hasi zen, baina Ondarroak ondo jokatu zuen, baloia Anaitasunari hartzen utzi eta kontraerasora azkar irteteko. Atsedenaldira iristeko lau minutu eskasen faltan, korner jokaldi batean iritsi zen Ondarroaren bigarren gola, eta partida erdi erabakita utzi zuen lehen zatian zelaian ikusitakoagatik.

Atsedenalditik bueltan Iturbek lau atzelari jarri zituen Alex Altolagirre aurreratuz eta hegaleko bi gizon garbirekin jolastuz. Hala ere, Ondarroak partida bukatzeko aukera bat izan zuen lehen minutuan. Ez zuten asmatu, eta orduan iritsi ziren Anaitasunaren minuturik onenak, baloia edukiz eta bizkaitarren arean sartuta min egiten.

5. minutuan Alex Altolagirreri egindako penaltia adierazi zuen epaileak eta aukera paregabea izan zuen Anaitasunak partidan berriz murgiltzeko. Iñigo Arzalluzek hartu zuen jaurtiketa egiteko ardura, baina atezainak asmatu eta kornerrera bidali zuen baloia. Minutu on hauek ere agortzen joan ziren pixkanaka eta Aurrerak partida lokartu zuen.

Hirugarren gola ere egin zuten ondarroarrek. Atezainaren sake luze batean atzelariei bizkarra hartu zien baloiak, eta han agertu zen Aurrerako aurrelari bat Asti atezainaren gainetik hirugarren gola egiteko. Porrot gogorra, bolada onari amaiera, baina lanean jarraitu beharra dago, oraindik ere denboraldi luzea baitago.

Hurrengo astan ere etxetik kanpo arituko da taldea, Usurbilen jokatuk du. Azken aurreko posizioan daude sailkapenean, baina jaitsiera postuak ekiditeko borrokan bete betean daude murgilduta usurbildarrak, eta lehia estua izango da.