Puntu batekin konformatu behar izan zuen Anaitasunak

Anaitasuna CD 2
Zarautz 2

Atsedenaldira 0-2 joan ostean, partida irabazteko aukerak ere izan zituen taldeak

Anaitasunak ezin izan zuen garaipenik lortu Zarautzen aurka Txerloian. Partida kaskarra egin zuten Aitor Iturberen mutilek, bereziki lehen zatian eta Zarautzek hori baliatu zuen atsedenaldira bi goleko errentarekin joateko. Palet epaileak ere txartel festa ikaragarria izan zuen arratsalde osoan, denera zazpi txartel hori eta hiru txartel gorri atera baitzituen.

Lehen minutuetan garbi ikusi zen Anaitasunak baloiaren jabetza nahi zuela eta Zarautzek kontraerasoan min egin nahi zuela beraien aurreko gizonen abiadura baliatuz. Gauzak berehala okertu ziren etxekoentzat. Zazpigarren minutuan Zarautzek hegaleko falta bat baliatu zuen baloia zuzenean sareetara bidaliz Txerloian aurrea hartzeko. Minutu txarrak ziren Anaitasunarentzat eta zarauztarrek izan zituzten aukerak bigarrena lortzeko ere. Hala ere, Anaitasunak bi aukera garbi izan zituen. Lehena 14. minutuan. Ioritz Mendizabalek langara bidali zuen baloia eta zortzi minutu geroago Anderrek bigarrena. Aurrelariak ez zuen baliatu Unairek atzelarien artetik egindako pasea. Jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen eta zutoin albotik kanpora joan zen zuzenean.

Unai Aranbarri izan zen Zarautzen aurkako partidako golegileetako bat

Unai Aranbarri baloia ostu nahian

Bi aukera hauen ostean, Anaitasunak gizon bat galdu zuen. 25. minutuan Josu Godoyk arratsaldeko bigarren txartel horia ikusi zuen eta epaileak aldageletara bidali zuen. Atsedenaldira iristeko 10 minutu eskas gelditzen zirenean egin zuen Zarautzek bigarren gola. Aurrelaria bere abiadura baliatuz Astiren ate aurreraino iritsi zen, eta ez zuen hutsik egin. Anaitasuna noraezean ibili zen eta orduan iritsi ziren Zarautzen minuturik onenak.

Atsedenalditik bueltan Iturbek bi aldaketa egin zituen. Aitor Zulaika eta Unai Zialtzeta sartu ziren berdegunera Ioritz Mendizabal eta Mikel Aramendiren ordez, eta modu honetan entrenatzaileak atzean hiru gizon jarri zituen. Gainera, bigarren zatia hasi eta berehala, partida aldatuko zuen jokaldia iritsi zen. Zarautzeko aurrelari batek txartel gorria ikusi zuen zuzenean Zialtzetarekin izandako oldarraldi bategatik. Lurrean zela ostikoa bota zion Anaitasunako atzelariari.

Jokalari kopurua orekatu baldin bazen ere, Anaitasunari asko kostatu zitzaion baloia Zarautzen area ingurura eramatea. Partida amaitzeko 20 minuturen faltan iritsiko zen etxekoen lehen gola. Zarautzeko atezainak Alexi egindako penaltia adierazi zuen epaileak. Jaurtiketa egiteko ardura Iñigo Arzalluzek hartu zuen eta honek ez zuen hutsik egin. Golaren ostean iritsi ziren Anaitasunaren minuturik onenak. Etenik gabe jardun zuen zarauztarren ate inguruan. Horrela, 82. minutuan Iñigo Arzalluzek baloia buruan jarri zion Unai Aranbarriri eta erdilariaren burukada txapela kentzekoa izan zen, behetik, indartsu eta zutoin ondotik baloia sareetara bidaliz.

Bigarren golaren ostean, hamaika aukera izan zituen Iturberen taldeak, bereziki luzapenean. Astik aurretik kolpea hartu zuen lepo inguruan Zarauzko jokalari batekin talka egin ostean, eta epaileak zazpi minutu luzatu zuen partida. Aukerarik garbienak Iñigo Arzalluzek izan zituen. Zulaikak sakonean egindako pasea area barruan jaso zuen Arzalluzek, baina honen jaurtiketa atezainak kornerrera bidali zuen. Ondorengo jokaldi batean ere erdilaria protagonista izan zen. Beste korner jokaldi batean aldaratze bat baliatu zuen area barruan jaurtiketa indartsu bat egiteko, baina berriz ere atezainak urrundu zuen baloia.

Amaieran puntu banaketa Txerloian. Lehen zatian ikusitakoarekin puntuak asko balio du, baina bigarren zatiaren azken erdia ikusita, partida motz gelditu zitzaion Anaitasunari. Hurrengo jardunaldian Ondarroara egingo dute bidaia Ohorezko Mailakoek. Partida benetan interesgarria jokatuko dute Zaldupen sailkapeneko liderrak eta Anaitasunak. Hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan Ondarroan.