Berdinketa gazi-gozoa Martutenen

Martutene 0
Anaitasuna CD 0

Aukera gutxiko partida izan zen Martutenen jokatutakoa

Anaitasunak hutsean berdindu zuen Martutenera egindako bisitan. Emaitzak gazitik duen bezala gozotik ere badu, izan ere, batak zein besteak hiru puntuak lortzeko aukera bana izan zuten amaiera aldera. Sailkapenean sendo jarraitzeko beharrezkoak ziren atzoko hiru puntuak, baina partidarik galdu gabe jarraitzea ere garrantzitsua izango da hemendik aurrera. Bederatzi partida daramatzate Gerdauko mutilek partidarik galdu gabe.

Neurketari ondo ekin zioten gorrixek, eta jokoan gehiago zein taldek duen nabaria izan zen lehen zatian. Intentsitate handiz sartu zen partidan Iturberen taldea eta hainbat jokaldi egin zituzten eskuineko zein ezkerreko hegaletik. Hala ere, ez zuten Martuteneko atezaina arazoetan jartzerik izan.

Zalantzarako jokaldi bat ere izan zen lehen zatia amaitzeko 10 minuturen faltan. Anaitasunak Astiren area inguruan berreskuratutako baloitik kontraeraso azkarra antolatu zuen. Mendizabalek pasea sartu zion sakonean Iñigo Arzalluzi eta honek nabarmen atzelarien atzetik irten baldin bazuen ere, epaileak jokoz kanpoko posizioan zegoela adierazi zuen. Atezaina gainditua zuen jada Arzalluzek eta markagailuan aurrea hartzea suposatuko lukeen jokaldia ezerezean utzi zuten epaileek. Martutenera bertaratutako Anaitasuna zaleen artean haserrea piztu zuen jokaldi honek.

Hala ere, eskuin hegaletik egindako beste jokaldi batean ere gertu izan zuen gola Iñigo Arzalluzek. Abiadura baliatuz atzean utzi zituen atzelariak eta aurrelariak egindako jaurtiketa zutoin albotik eta oso gutxigatik kanpora joan zen.

Atsedenaldira markagailuan aurretik joatea merezi zuen Anaitasunak Martutene baino gehiago zela erakutsi zuelako, baina bigarren zatian ez zen lehen zatiko alderik nabaritu. Partida orekatu egin zen. Bigarren erdia arrisku gutxikoa izan zen eta aukerarik garbiena Martutenek izan zuen. Hegaleko falta jaurtiketa batean Martuteneko jokalari batek erremate loratua egin zuen eta baloiak langan jo zuen.

Anaitasunak ere izan zuen berea. Zelairatu berria zen Iraitz Kortak bigarren zutoinean egindako jaurtiketa atepetik atera zuten Martuteneko atzelari eta atezainaren artean. Amaieran hasi bezala markagailua, hutsean. Lehen zatian ikusitakoagatik Anaitasunak puntu bat baino gehiago merezi zuela esan daiteke, nahiz eta bigarrenean behera egin zuten gorrixek.

Datorren astean igandean jokatuko da Ohorezko Mailakoen partida. Zarautz jasoko dute Txerloiako Futbol Zelaian, sailkapeneko beheko postuetan dagoen taldea. Astin berdinketa lortu zuten gureek, baina gaur egun oso egoera desberdinean dira bi taldeak.