Igoera postuak gero eta gertuago

Anaitasuna CD 2
Aloña Mendi 0

Lau puntura dute bigarren sailkatua, Aretxabaleta

Anaitasunak sendo jarraitzen du etxean eta puntuak batzen jarraitzen du. Atzoko garaipenarekin zortzi dira galdu gabe dituzten jardunaldiak. Gauzak honela, sailkapenean gero eta gertuago dituzte igoera postuak, momentuz lau puntutara. Inolako iskanbilarik atera gabe eta inork espero ez zuenean, aurrerapausuak ematen jarraitzen dute gorrixek eta atzo Aloña Mendiri 2-0 irabazi zioten bigarren zatian lortutako bi golei esker.

Partida grisa izan zen eguraldiaren antzera. Lehen 45 minutuetan ez zen arriskurik izan ez ate batean ezta bestean ere, nahiz eta Anaitasuna gehiago saiatu zen eta hurbildu zen oñatiarren ate ingurura. Txerloia ez zen egoerarik onenean azken egunetan botatako euri jasengatik eta joko aldetik ere gutxi ikusi zen bi taldeen partetik. Aukera garbirik ez zuten izan Aitor Iturberen mutilek eta modu horretan atsedenaldia 0-0 joan ziren.

Bigarren zatin gauzak aldatu egin ziren ordea. Iker Pastrianek area barruan izandako aukera garbi batekin ekin zioten azken erdiari etxekoek. Ondoren, Unai Aranbarrik buruz egindako erremate batekin jarraitu zuen partidak. Eta azkenean, gola. Ioritz Mendizabalek area barruan jasotako baloi bat ezin hobeto baliatu zuen, ezkerrez egindako jaurtiketa indartsu batekin markagailuan 1-0 jartzeko. Partida hotza zihoan, baina golak inork merezi bazuen hori etxeko taldea zen. 52. minutuan lortu zuten gola.

Ondorengo minutuetan aurrera egin zuena Aloña Mendi izan zen. Hala ere ez zuen inolako zalapartarik atera Txerloian, nahiz eta minutu batzuetan partida kontrolatu zuten. Anaitasunak defentsan sendo jardun zuen minutu horietan eta ez zuten arriskurik egin Xubanen ate inguruan.

Partida amaitzeko ordu laurden falta zela, oñatiarren atezaina area kanpora irten zen baloi bat urruntzeko. Hala ere, honek egindako aldaratzea kaskarra izan zen oso eta hori baliatu zuena Iker Pastrian izan zen. 30 metro ingurutik egindako jaurtiketa sareetara joan zen zuzenean. Lasaitasunaren gola eta hiru puntuak etxean geldituko zirela bermatzen zuen gola.

Abantaila handitzeko aukeraren bat edo beste ere izan zuen Anaitasunak, baina bi eta hutsekoarekin amaitu zen Txerloian jokatutako 20. jardunaldia. Hurrengo asteko partidari beste modu batean ekiteko puntuak. Aretxabaletak bidean puntuak uzten segitzen duen bitartean, Anaitasunak batzen jarraitzen du. Momentu honetan lau puntura daude sailkapenean aretxabaletarrak.

Hurrengo astean elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak Ibarrako futbol zelaian. Emozio handiko partida izango da bi taldeek jokatzen dutenagatik.