Luzapenean urrezko hiru puntu lortu ditu Anaitasunak

Bergara 2
Anaitasuna CD 3

Iker Pastrianena izan zen azken hatsean lortutako gola

Anaitasunak partida luzepenean zela garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Bergarako Agorrosin futbol zelaian. Nahiz eta bi goleko errenta azkar lortu zuen, ez zuen jakin partida akabatzen eta Bergarak partida berdintzea lortu zuen atsedenalditik bueltan.

Partidari ondo heldu zion Anaitasunak. Aukera garbirik ez zuen sortu lehen hamar minutuetan, baina, hamaikagarrenean ez zuen hutsik egin Alex Altolagirrek. Area barruan jokaldi korapilatsua izan zen baina azpeitiarrak baloia bereganatu eta atea aurrean bakarrik gelditzea lortu zuen. Ezkerrez egindako jaurtiketa atezainaren albotik, sareetara. Itxuraz gehiago zen Anaitasuna eta golak hori baieztatu zuen.

Handik bost minutura, Iñigo Arzalluzek eskuin hegalean hartutako baloitik bigarren gola. Arzalluzek atzelarien bizkarrera sekulako pasea sartu zion sakonean eta Ioritz Mendizabalek ez zuen alferrik galdu pasea. Atezaina atzean utzi eta Mendizabalek itxuraz partida lasaitasun gehiagorekin jokatzeko abantaila eman zion Azkoitiko taldeari.

Hala ere, golaren ostean bergararrak bete betean sartu ziren partidan. Aukerak sortzen hasi zen Anaitasunako entrenatzaile lanetan ibili zen Aitor Arrateren taldea. Horrela 28. minutuan aldea murriztea lortu zuten etxekoek. Anaitasunakoek kornerrean egindako aldaratze bat baliatuko zuten, bigarren zutoinean bat eta biko emaitza jartzeko.

Berdinketa lortzeko aukerak ere izan zituen Bergarak, baina, ez zituen aukerak aprobetxatu eta atsedenaldira gol bateko errentarekin iritsi zen Aitor Iturbek gidatzen duen taldea. Bigarren zatia hastearekin batera, lehen aldaketa. Astik min hartu zuen eskuin eskuan eta bere lekua Xubanek bete zuen. Hala ere, bost minutu pasatzerako Bergarak partida berdintzea lortu zuen. Erremate ona egin zuten etxekoek eta atezainaren eskuin zutoinaren ondotik ate barrura.

Berriz hasi zen partida Agorrosinen gol honen ostean. Anaitasunak partida kontrolatu zuen baina ez zuen arrisku handiegirik sortu. Garbiena partidako lehen gola lortu zuen Alex Altolagirrek izan zuen. Honek egindako jaurtiketa langara joan zen. Partida asko gelditzen zen artean Bergaran, baina, ez zen ikusi arriskurik ez batean ez bestean nahiz eta partida Anaitasunak gidatu zuen.

Horrela, 93. minutuan, partida luzapenean zela bergararrek area barruan egindako aldaratze txar bat baliatu zuen Iker Pastrianek urre kolorea duten hiru puntu lortzeko. Gol garrantzitsua goiko postuetan jarraitzeko. Etxetik kanpo lortutako puntuak zer esan handia izango dute hemendik aurrera.

Datorren jardunaldian Oñatiko Aloña Mendi taldea hartuko du Anaitasunak Txerloiako futbol zelaian.