Sendo jarraitzen du etxean Anaitasunak

Anaitasuna CD 2
Elgoibar 0

Elgoibarri irabazi ostean, gorrixek sei partida irabazi dituzte jarraian Txerloian

Anaitasunak goruntz begira jarraitzen du Elgoibar 2-0 menderatu ostean. Garaipen honekin, txapelketa hasieran etxean sortutako beldurrak desagerrarazi ditu taldeak, seigarren garaipena lortu baitute jarraian Txerloiako futbol zelaian. Anaitasunak gogoan izan zituen zendu berri diren Luix Errexil, Pello Iguaran eta Juan Jose Izagirre, eta hauen omenez minutuko isilunea egin zen partida hasi aurretik.

 

Anaitasuna CD: Asti, Godoy, Tomao, Ioritz, Alex, Unai, Agirre, Aramendi, I. Arzalluz, M. Arzalluz, I. Pastrian
Elgoibar: Lopo, Unai, Etxebe, Ibon, Arru, Santa, Juan, Txiller, Larrea, Xanet, Xabi
Golak: Iker Pastrian (8. min), Unai Aranbarri (60. min)
Txartelak: Anaitasuna (Godoy, Beitia) eta Elgoibar (Juan)

 AnaiElgoibar

Azkar hartu zuen aurrea Anaitasunak. Partida hasi eta zortzi minutura, Aramendik ateratako korner paregabe bati erremate ezinhobea eman zion Iker Pastrian aurrelariak. Bakar-bakarrik egin zuen errematea legazpiarrak.

Elgoibartarrek kontraerasoan izandako aukera bat edo beste kenduta, Anaitasunarentzat partida lasaia izan zen. Aurkarien area inguruan ibili ziren etxekoak minutu askoan eta hortik aukerak sortzeko erraztasuna. Hasieran bata bestearen atzetik sortzeko gai izan zen Anaitasuna, nahiz eta, minutuek aurrera egin ahala, kopuru horrek behera egin zuen.

Anaitasuna partida kontrolatzera pasa zen, baina, izan zituen aurkarien atea zulatzeko aukerak. Iker Pastrianek aurrez Mikel Arzalluzi utzitakoa, Aramendik izandako beste bat. Hala ere, markagailuan ez zen aldaketarik izan eta aldageletarako bidean, bat eta huts jarraitzen zuen aurretik Aitor Iturberen taldeak.

15 minutuko atsedenaren ostean, Elgoibar lehen 45 minutuetan baino biziago atera zen, Astiren atea bilatzeko asmo sendoarekin. Bigarren zatiko lehen minutuak elgoibartarrenak izan ziren, baina, Anaitasunak defentsa arloan lan serioa egin zuen.

Horrela, kontraeraso bizi batean berdinketa lortzeko aukera paregabea galdu zuten. Anaitasunako atzelarien bizkarra hartu eta abiadura handian area ertzeraino iritsi zen Elgoibar taldeko jokalari bat, honek errematea egin zion aurrelariari, baina, atearen aurrean bakarrik zela ez zuen asmatu etxekoen mesedetan.

Bigarren zatiko 13. minutuan aukera hau, izan ere, eta futbolean askotan gertatu ohi den bezala, bi minutu geroago Anaitasunak abantaila handitzea lortu zuen. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa Elgoibarko atzelariek area ertzera urrundu zuten eta han agertu zen Unai Aranbarri, boleaz eta langa jo ostean baloia sareetara bidaltzeko. Gol dotorea erdilariak lortutakoa.

Golaren ostean lasaitasun handiagoarekin jokatu zuen etxeko taldeak. Aldaketa guztiak egin zituen Iturbek bigarren gola eta gero. Beitia, Ander eta Zialtzeta zelairatu ziren lehenik eta hauek ere izan zuten abantaila handitzeko betarik. Beitiak bigarren zutoinean buruz egindako errematea atezainak kornerrera bidali zuen eta Anderrek buruz korner jokaldi batean egindako erremateak zutoina jo zuen. Zelairatu berria zen Mendizabalek ere izan zuen berea. Honen jaurtiketa atezainak atera zuen.

Ez zen gehiagorako astirik izan eta Anaitasunak bere seigarren garaipena lortu zuen jarraian etxean. Datorren jardunaldian Bergarara egin beharko dute bisita gorrixek. 20 punturekin dira bergararrak 13. postuan. Etxetik kanpora ere puntuak batzen jarraitu beharrean da taldea sailkapeneko goiko postuetan jarraitu nahi bada.