Hiru puntu baino gehiago balio duen garaipena lortu du Anaitasunak

Anaitasuna CD 3
Beti Gazte 2

Markagailuari buelta eman behar izan zion Anaitasunak garaipena lortzeko

Garaipena, hiru puntu eta hirugarren postua. Lehen itzuliari hasiera kaskarra eman arren, Anaitasunak Beti Gazte talde nafarra menderatu ostean hiru onenen artean amaitu du 17 partidako itzuli hau. Modu honetan lehen bi sailkatuei presio pixka bat sartu die Anaitasunak, Aretxabaletak eta Aurrera Ondarroak elkarren aurka neurtu beharko baitituzte indarrak jardunaldi honetan.

Anaitasuna CD: Asti, Godoy, Landa, Badiola, Alex, Unai, M. Pastrian (52. min Beitia), I. Arzalluz (72. min Iraitz), Aramendi, Ander (77. min Agirre), M. Arzalluz (77. min Mendizabal)
 
Beti Gazte: Yannick, Otxoteko, Fernando, Olaizola, Adur, Igor, Bertiz, Pilloti, Unai (77. min Iker), Riopedre, Maia (80. min Soltxan)
 
Golak: 0-1 Igor (18. min), 1-1 Mikel Arzalluz (20. min), 1-2 Riopedre (46. min), 2-2 Mikel Arzalluz (65.min), 3-2 Iñigo Arzalluzek penaltiz (68. min)
 
Txartelak: Anaitasunatik, Godoy, Alex eta Badiola. Beti Gaztetik, Yannick eta Pilloti

Indartsu atera ziren etxekoak lehen zatian. Baloiarekin nagusi izan zen Anaitasuna eta bosgarren minutuan Aramendik partidako lehen gola lortzeko aukera ezinhobea izan zuen. Penalti puntu ingurutik eskuinez egindako jaurtiketari, erantzun aparta eman zion lesakarren atezainak. Jaun eta jabe zen etxeko taldea lehen minutuetan. Beti Gaztek oso gutxitan erakutsi zuen aurpegia Txerloian, gehienbat kontraerasoetan. Hala ere, gola ez zuten modu horretan lortuko. 18. minutuan, zelai erdi ingurutik egindako jaurtiketa eder bat baliatu zuten nafarrek markagailuan aurrea hartzeko. Merezimendu handirik gabe gola egin zuten kanpokoek. Hala ere, azkar erantzun zuen Anaitasunak. Bi minutu geroago, korner jokaldi bat baliatu zuelako Mikel Arzalluz aurrelariak boleaz nafarren atea zulatzeko. Partidan azkar sartzeak asko balio izan zuen atzokoan.

Atsedenaldira 1-1. Baina, aldageletatik bueltan minutu bat pasatzerako atzetik jarriko ziren etxekoak. Kontraeraso bizi batean baliatu zuten lesakarrek 1 eta 2koa lortzeko. Lehen 45 minutuetan izandako gidoi bera izan zuen oro har bigarren zatiak ere. Anaitasuna nagusi, eta Beti Gazte kontraerasoren bat baliatzeko zain. Nafarren golaren ostean izan zituen Aitor Iturbek zuzentzen duen taldeak aukeraren bat edo beste. Mikel Pastrianek area inguruan egindako jaurtiketa bat eta Mikel Arzalluzek korner jokaldi batean izandako beste bat. Lehenak min hartuta utzi behar izan zuen partida. Eroriko txar batean, lepauztaia bere lekutik irten zitzaion eta ondorioz 3-4 aste egon beharko du geldirik.

Bigarren zatia hasi eta 20 minutura egingo zuen Anaitasunak berdintzeko gola. Mikel Arzalluzek bere partidako bigarren gola lortu zuen. Area barruan hartu zuen baloia, hainbat atzelari atzean utzi zituen eta eskuinez sareetara bidali zuen baloia. Urtebetetze egun ospatzeko modu ezinhobea gaztearentzat.

Anaitasunak zailena egin zuen, partida berdintzea, baina, ez zuen etsi eta hirugarrenaren bila joan ziren itsu-itsuan. Beitia eta Mikel Arzalluzen arteko loturatik urrea lortu zuen Anaitasunak. Erdilariak ezker hegaletik barneraketa egin zuen arearaino eta honek pasea Arzalluzi area txikira. Baloia kontrolatzera zihoala, atezaina atzetik sartu zen eta honek lurrera bota zuen aurrelaria. Penaltia Iñigo Arzalluzek jaurti zuen eta honek ez zuen hutsik egin. Markagailua irauli zuen Anaitasunak hiru minututan.

20 minutu falta ziren partida amaitzeko, eta Anaitasunak izan zituen aukerak partida itxi eta amaiera lasaiagoa izateko. Hala ere, luzapeneko azken minutuetara arte ez zuten nafarrek arrisku sentsaziorik egin eta Anaitasunak ere ez zuen asko sufritu. Partidaren papera aldatu egin zen amaieran eta Anaitasuna izan zen kontraerasora irten zena. Hala ere, ez zen aldaketarik izan markagailuan eta etxean gelditu ziren hiru puntuak.

Datorren jardunaldian Elgoibar hartuko du Anaitasunak Txerloian. Bigarren itzuliari hasiera emateko lehen partida izango da. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, sasoi honetan Anaitasunak 6 puntu gehiago zituen. Denboraldi hasieran galdutako puntuak dira arrazoi horren erantzule.