Banako berdinketarekin ekin dio urteari Anaitasunak

Hondarribia 1
Anaitasuna CD 1

Aukera asko izan zituen Anaitasunak hiru puntuak etxera ekartzeko

Anaitasunak bana berdindu zuen Hondarribiako Hondartza futbol zelaian eta 2015ari berdinketarekin ekin dio honela. Aukera asko izan zituzten azkoiarrek, baina, ez zuten jakin aprobetxatzen eta berdinketarekin konformatu beharrean aurkitu zen Aitor Iturbek zuzentzen duen taldea. 

Lehen zatiko hastapeneko minutuetan Anaitasunak nagusitasuna erakutsi zuen Hondartzako berdegunean, eta lehen aukera 6. minutuan iritsi zen. Ezker hegalean Alexek eta Godoyk egin zuten jokaldia eta azken honen erdiraketa Iker Pastrian aurrelariari iritsi zitzaion. Hala ere, jaurtiketa gora joan zen. Handik minutu gutxira, berriz ere legazpiarra protagonista. Area barruan jaurtiketa indartsu bat egin zuen, baina langara joan zen zuzenean. Minuturik onenak, aurreneko hauek. Honen ostean, hondarribiarrak esnatu eta partidaren agintea hartu baitzuten. Nahiz eta aukera garbirik ez zuten egin, Hondarribia Anaitasuna baino gehiago izan zen atsedenaldira bitartean.

Atsedenaldiaren ostean, gogor atera ziren azkoitiarrak. Balorik gabe presio-lan ona egin zuten eta baloi ugari ostu zituzten zelai erdian. Horrela, 18. minutuan Ander Arabaolazak atzelarien bizkarrera egindako pase on bat, gola bihurtzeko zorian egon zen Iker Pastrian. Honek atezainaren gainetik jaurti zuen baloia eta barrura zihoanean, atzelariek atera zuten goleko lerrotik. 

Minutu batzuk geroago, berriz, lehengusuak aukera. Mikel Pastrianek markagailua zulatzeko aukera izan zuen. Kornerrean egindako errematea atezainak atepetik ozta-ozta atera zuen. Huts eta batekoa behar zuenean, ordea, 71. minutuan etxekoek kontraeraso azkar bat baliatu zuten partidako lehen gola lortzeko. Etxekoek eskuin hegaletik erdiratu eta bigarren zutoinean Hondarribiako jokalari bat bakar-bakarrik agertu zen buruz gola lortzeko. 

Hala ere, pozak ez zien asko iraun etxekoei, epaileak Tomaori area barruan penaltia egin ziola adierazi baitzuen. Jaurtitzeko ardura IƱigo Arzalluzek hartu zuen, baina, atezainak baloia gelditzea lortu zuen. Berehala, Zulaikak ateratako alboko sake luze batean, berdinketa lortu zuen Anaitasunak. Partida amaitzeko hamar minuturen faltan, hondarribiarrek gaizki atera zuten alboko sakea eta hori baliatu zuen Aramendik ezkerrez atea zulatzeko. 

Golaren ostean, jaun eta jabe izan zen Anaitasuna, eta partida irabazteko aukerak ere izan zituen, garbiak gainera. Lehena, Mikel Arzalluzek eskuinez eta azpi-azpitik egindako jaurtiketa izan zen. Atezainak ukitu zuen, kornerrera joan zen baloia. Eta korner honen ostean etorri zen bigarren aukera garbia. Unai Zialtzetak bigarren zutoinean buruz egindako errematea berriz ere langara joan baitzen.

Partidaren amaieran, banako berdinketa, nahiz eta, aukerengatik behintzat hiru puntuak merezi izan zituen Azkoitiko taldeak. Zortea ez zen lagun izan ordea. Lehen itzulia amaitzeko, datorren astean Beti Gazte talde nafarra jasoko du Anaitasunak. 29 punturekin amaitu nahi dute lehen itzuli hau azkoitiarrek, baina, egoera onean dira lesakarrak eta partida konplikatua aurreikusten da datorren astebururako.