Joko gutxi, hiru puntu

Anaitasuna CD 2
Hernani 1

Azken minutuetan sufritu egin zuen Anaitasunak

Gerdau Anaitasunak hiru puntu garrantzitsu lortu zituen atzo Txerloian. Partida kaskarra burutu zuten Anaitasunak eta Hernanik. Geldikako jokaldi asko ikusi ziren, baina, inor ez zen gai izan errentarik lortzeko.

Lehen minutuetan abagune bat edo beste ikusteko aukera izan zen. Hernani hobeto zelairatu zen eta horrela Astiren ate inguruan arriskua sortzeko gai izan ziren. Geldiketa bat ere egin zuen atezainak hernaniarren gola deusezteko. Anaitasunak, berriz, hegaletitatik egin nahi izan zuen mina, baina, gola, erdi erditik etorri zen atsedenaldira iristeko segundo gutxiren faltan. Zelai erdian baloi bat ostu zuen Anaitasunak eta Mikel Pastrianek egindako pase zoragarri baten ostean, Ander Arabaolaza ate aurrean utzi zuen. Aurrelariak egindako jaurtiketa sareetara joan zen atezainari jo ostean. Bolada onean da gaztea. Azken hiru partidetan 5 gol egin baititu.

Aldageletara arnasa eta abantailarekin iritsi ziren etxekoak. Bigarren zatia, ordea, lehen estuasunak iritsi ziren. Hernanik oso goian jardun zuen lanean eta denbora luzez ibili zen Anaitasunaren ate inguruan. Etxekoak kanpokoei eusteko gai izan ziren. Ondoren Anaitasunaren aukeren unea iritsi zen. Unai Aranbarrik zelai erdi ingurutik egindako jaurtiketa zutoinaren albotik, oso gertu pasatu zen.

Bigarren zatiko 19. minutuan iritsi zen gorrixen bigarren gola. Mikel Pastrian eta Iker Pastrian lehengusuak protagonista. Gazteak partidako bigarren goleko pasea eman zuen. Oraingoan legazpiarrari. Jokoz kanpo egon bazitekeen ere, epaileek ez zuten halakorik esan eta aurrelariak ez zuen hutsik egin. Beste aukera bat ere izan zuen Anaitasunak aldea handitzeko hurrengo minutuetan, baina Iker Pastrian atearen aurrean gelditzera zihoanean, oraingoan bai, jokoz kanpoko posizioa adierazi zuten.

Golaren ostean Anaitasuna atea hutsean saiatu zen, baina, 75. minutuan epaileak Joritzek area barruan baloia eskuarekin ikusi zuela argudiatuz, Hernaniren aldeko penaltia adierazi zuen. Hernaniarrek aldea murriztu eta partidan sartzea lortu zuten. Berdintzeko aukera ere izan zuen. Hernaniarrek Asti atzean utzi eta jaurtiketa ate barrura egin bazuten ere, Joritz Badiola bizi ibili zen gola ekiditeko.

2 eta 1 amaitu zen partida. Txerloira hurbildu zirenek joko gutxi ikusi bazuten ere, garrantzitsuena hiru puntuak etxean gelditzea izan zen. Urteari bosgarren postuan esango dio agur Anaitasunak. Hasiera kaskarra izan badu ere, badirudi pixkanaka konfidantza irabazten ari dela taldea. Urtarrileko lehen asteburuan itzuliko dira Liga txapelketara. Hondarribiara egin beharko dute bidaia. Hondarribiarrak azken aurreko posizioan dira sailkapenean, eta hiru puntuak lortu nahi badira gogotik egin beharko dute lana Aitor Iturberen mutilek.