Garaipen borobila Ordizian

Ordizia 1
Anaitasuna CD 4

Ander Arabaolaza izan zen protagonista, hiru gol lortuta

Gerdau Anaitasunak goiko postuetan egoteko hautagaitza duela erakutsi zuen atzo Ordiziako Altamiran, Ordizia 1-4 menderatu ostean. Hasiera kaskarra eman zioten azkoitiarrek partidari, berehala galtzen hasi baitzen Aitor Iturbek zuzentzen duen taldea. Hala ere, azkar erreakzionatu zuten eta lehen zatiaren amaierarako ongi bideratuta utzi zuen neurketa.

Partida ez zen nahi bezala hasi Ordizian. Laugarren minuturako markagailuan atzetik ziren Anaitasunakoak. Ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean, baloia area hertzera iritsi zitzaion ordiziar bati eta honek jaurtiketa indartsu baten ostean etxekoek lortuko zuten gol bakarra lortuko zuen. Gol azkar bati, berehala erantzun behar izaten zaio eta halaxe egin zuen Mikel Pastrianek. Korner bat baliatu baitzuen erdilariak bigarren zutoinean baloia buruz sareetara bidaltzeko. Markagailuan banakoa zen, eta erritmo bizia zeraman partidak lehen minutu hauetan.

15. minutuan hartuko zuen Anaitasunak aurre. Gainera, protagonista berri bat izango zuen partidak. Atzoko partidara arte minutu asko izan ez zituen Ander Arabaolaza. Zulaikak atzelarien bizkarrera botatako baloi luze bat baliatu zuen aurrelariak Anaitasuna aurretik jartzeko. Anderrek atezainaren goitik jaurti zuen baloia eta ez zuen hutsik egin.

Bigarren gol honen ostean, erritmoak behera egin zuen nabarmen. Modu horretan, Ordiziak bere esku izan zuen partida berdintzea, baina, partida osoan behin baino gehiagotan Anaitasuna salbatu zuen Asti atezainak oin puntarekin baloi urruntzea lortu zuen. Binakoa izan zitekeenean, Anaitasunak hirugarren gola egitea lortu zuen. Mikel Pastrianek egindako pase zoragarri baten ostean, Ander atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen berriz ere, eta honek ondo amaitu zuen jokaldia 40. minutuan.

Atsedenaldira bi goleko errentarekin joan ziren azkoitiarrak. Hasi eta lehen minutuetan partida ixteko aukera izan zuen Gerdau Anaitasunak. Berriz ere baloi luze baten ostean IƱigo Arzalluzek abiadura baliatuz atzean utzi zituen atzelariak eta honek egindako erdiraketa gutxigatik kanpora bidali zuen Ioritz Mendizabalek.

Partidari erritmo bizia jartzen saiatu ziren ordiziarrak golaren bila joateko. Astik geldiketa dotoreak egin zituen ordea, eta ez zien utzi markagailuan gerturatzen. Aukera bat edo beste ere izan zuten gorrixek, baina, gola ez zen iritsiko 29. minutura arte. Partidan behin baino gehiagotan gertatu bezala, Anderrek atzelarien hutsak baliatu zituen gol aukerak lortzeko, eta oraingoan ere hala izan zen. Berriz ere atearen aurrean bakarrik gelditzear zela, atezaina modu traketsean atera zen, eta honek penaltia egin zion Ander berari. Jaurtitzeko ardura aurrelariak hartu zuen eta ez zuen hutsik egin.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Anaitasunak Ordizian eta goiko postuetan egoteko hautagaitza gero eta sendoago ari da erakusten. Urteari amaiera emateko Txerloiara Hernani etorriko da. Anaitasuna bezala, 22 punturekin da sailkapenean Hernani. Etxetik kanpo jolastu dituen 7 partidetatik 8 puntu atera ditu. Urtea zaharrari amaiera ona emateko aukera izango dute azkoitiarrek, eta bide batez aurkari zuzen bat atzean uzteko aukera ere bai.