Anaitasuna garaipenaren bidera itzuli da

Anaitasuna CD 3
Real Union B 1

Real Unionek markagailua berdintzea lortu bazuen ere, etxekoek erakutsitako adoreak beste bi gol lortzeko balio izan zuen

Anaitasunak 3-1 menderatu zuen Real Union urez gainezka zegoen Txerloiko Futbol Zelaian. Aukerez jositako lehen zatia izan zen Anaitasunaren partetik, baina, talde baten zein bestearen golak bigarren zatian iritsi ziren.

Anaitasunak aukeraz jositako lehen zatia jokatu zuen larunbatean. Real Unionek bere partetik ezer gutxi erakutsi zuen Azkoitian. Hasi eta segundo gutxira Mendizabalek izan zuen aukerarik garbiena. Iñigo Arzalluzek bere hegaltik egindako jokaldiaren ostean, aurrelaria atearen aurrean bakarrik gelditu baitzen. Mendizabalen jaurtiketa atzelari irundarrek kornerrera bidali zuten.

Honen ostean, aukera batzuk izan zituen etxeko taldeak. Garbienak korner jokaldietan. Real Unionekoek ez zuten ongi asmatu Aramendik korner bidez jarritako baloiak urruntzen eta horrela Alexek 25. minutuan aukera paregabea izan zuen markagailuan aurrea hartzeko. 13 minutu geroago, berriz, Unai eta Iñigo Arzalluz protagonista. Bien artean egindako bat-bikoaren ostean Arzalluz ate aurrean gelditu baitzen. Hegaleko jokalariak egindako jaurtiketa atezainak gelditu zuen.

ArgazkiaRU02

Partida hasi aurretik minutuko isilunea egin zen Txerloian Juan Esteban Artetxeren omenez

 

Atsedenaldira golik egin gabe iritsi ziren, baina, bigarrena hasi bezain laster lortu zuen Anaitasunak partidako lehen gola. Hirugarren minutuan, Iñigo Arzalluzek egindako pasearekin ate aurrean gelditu zen Mendizabal, eta honek sareetara bidali zuen baloia.

Bigarren zatian Anaitasunari zertxobait gehiago kostatu zitzaion irundarren ate ingurura hurbiltzea. Batetik, emaitza aldekoa zelako, eta bestetik lehen minutuetan Real Unionek lehen zatian erakutsitakoa baino itxura hobea erakutsi zuelako. Horrela, 23. minutuan Aramendik area barruan baloia eskuarekin ukitu ostean, partida berdintzea lortu zuten kanpotarrek penalti bidez.

Golaren ostean, partidak dinamika berdina eraman zuen ahalik eta Anaitasuna aurkarien atera hurbildu zen arte. Jarraian izan zituen 2 kornerretako bat baliatu zuen Anderrek, lehen zutoinean buruz egindako erremate bat ate barrura bidaltzeko. 79. minutuan aurretik ziren etxekoak.

10 minutu eskasen faltan zen partida, baina, etxeko taldeak ez zuen gehiegi sufritu luzapenera arte. Kontraeraso batean irundarrek oso aukera garbia izan baitzuten partida berdintzeko. Xuban atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen Unioneko jokalari bat, baina, honek erremate txarra egin zuen eta Xubanen eskuetara bidali zuen baloia etxekoen zorionerako.

Luzapeneko azken minutuetan iritsi zen azken gola. Gol ikusgarria Iker Pastrianek erdietsi zuena. Bigarren gola lortu zuen Anderrek, baloi luze bat bota zion legazpiarrari, eta honek eskuinez eta zuzenean urrunetik markagailuan azken 3 eta 1ekoa jarri zuen.

Datorren jardunaldian Ordiziara egin beharko dute bidaia Anaitasunakoek. Ordiziarrek Anaitasunak dituen baino puntu bat gutxiago dute. Azken bost jardunaldietan 2 puntu baino ez dituzte atera eta azkoitiarrek Ordiziak daraman bolada txarra baliatu beharko dute irabazi eta goiko postuetan finkatzen hasteko.