Agur bolada onari


Antzuola 2
Anaitasuna CD 0

Bigarren zatiko lehen hamar minututan galdu zuen partida Anaitasunak

Bolada onari agur esan behar izan zion Gerdau Anaitasunak Antzuolan 2-0 galdu ostean. Futbol zelaiak dituen neurrien ondorioz, futbol gutxi eta geldikako baloi asko izan zituen partidak. Bigarren zatiari hasiera kaskarra eman zioten azkoitiarrek eta etxekoek hori baliatu zuten denboraldiko lehen garaipena lortzeko.

Antzuolan ez zen azken partidetan ikusi den Anaitasunaren zantzurik ere ikusi. Asko kostatu zitzaion futbol zelaian jartzea. Lehen 20 minutuetan, ez talde batek eta ez besteak ez zuten nagusitasunik erakutsi. Bi taldeek geldikako jokaldietan egiten zuten min, eta Antzuolak gola sartzea ere lortu zuten, nahiz eta epaileak jokoz kanpo zela adierazi zuen. Ondorengo minutuetan hasi zen Anaitasuna arriskua egiten. Futbol zelaian jarri zen taldea eta banaka banaka arriskua sortzen hasi zen, garbiak izan ez ziren arren. Garbiena Mikel Pastrianek korner batean egindako errematea izan zen.

Hasi bezala amaitu zen lehen zatia, baina, bigarren erdiaren hasieran erabakiko zen partida. Lehen 45 minutuen hasieran gertatu bezala, asko kostatu zitzaion futbol zelaian jartzea Anaitasunari. Horrela, 53. minutuan, Antzuolako eskuin hegaleko jokalariak area kanpotik boleaz egindako jaurtiketa ikusgarri bat sareetara bidali zuen. Handik bi minutura, Joritz Badiolak, atezainari pasea egiten hasi zenean, irrist egin zuen, eta Antzuolako aurrelariak hori baliatu zuen Asti atezaina atzean utzi eta bigarren gola egiteko.

Bi golen ostean, Anaitasuna ez zen erreakzionatzeko gai izan, eta apenas sortu zuen arriskurik. Hiru partida irabazita zeramatzan taldeari bolada ona amaitu zitzaion beraz larunbatean Antzuolan. Hurrengo jardunaldian Real Union izango du aurkari Aitor Iturbek zuzentzen duen taldeak. Anaitasuna baino puntu bat gehiagorekin dira irundarrak.