Gora begira

Ostadar 0
Anaitasuna CD 2

Bigarren zatian aurreko astean erakutsitako jokoa berreskuratu zuen taldeak

Gerdau Anaitasuna goiko postuei begira jarri da larunbatean Lasarten irabazi ostean. Iñigo Arzalluzen bi golek hiru puntu garrantzitsu eskuratzeko balio izan zuten.

Lehen zatia oso iluna izan zen. Oreka izan zen nagusi lehen 45 minutuetan, nahiz eta partiduaren kontrola Anaitasunak izan zuen. Bi taldeak ez ziren gai izan aukerak sortzeko.

Bigarren zatian iritsi ziren aukerak. Bi taldeek aukera garbiak izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko, eta hori baliatu zuena Iñigo Arzalluz izan zen. Eskuin hegalean hartu zuen baloia. Area aldera egin zuen barneratzea eta hainbat atzelari atzean utzi ostean, ezkerrez egindako jaurtiketa sareetara bidali zuen. Aurreko urtean egin bezala, Arzalluzek Lasarten bere maila erakutsi zuen.

Gauzak honela, aukerak bata bestearen atzetik etorri ziren. Garbiena Mikel Aramendik izan zuen. Zulaikak alboko sake luze bat atera zuen, Iker Pastrianek buruz atzera utzi zuen baloia, eta Aramendiren ezkerkada gutxigatik kanpora joan zen. Bigarren gola sartu eta partida ixteko aukera paregabea galdu zuten azkoitiarrek.

Honen ostean, Ostadarrek ezusteko batzuk eman zituen. Lasartearrek bi aukera garbi izan zituzten baloi luze batzuen bitartez eta atzelarien bizkarra bilatuz. Area barruan egindako jaurtiketei erantzun ezinhobea eman zion Mikel Astigarragak.

Partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela bi aldaketa egin zituen Gerdau Anaitasunak, eta aldaketa horiek fruituak eman zituen. Mikel Arzalluz zelairatu zuen Iturbek, eta honek pare bat aukera izan zituen. Partidua luzapenean zela, area barruan hartu zuen baloi bati etekin ona atera zion aurrelari gazteak. Atzelariari ihes egin nahian zela, penaltya egin zioten Mikel Arzalluzi. Penaltya jaurtitzeko ardura Iñigo Arzalluzek hartu zuen, eta honek ez zuen hutsik egin.

Bigarren garaipena lortu zuten Gerdauko mutilek eta horren ostean sailkapeneko goiko postuei begira jarri dira. Datorren jardunaldian, Tolosa hartuko du Anaitasunak Txerloian, sailkapenean seigarren postuan daudenak. Anaitasuna baino puntu bat gehiagorekin dira, liga hasiera hau oso berdindua izaten ari denaren seinale.