Anaitasunak burua altxatu ezinik jarraitzen du

Anaitasuna CD 0
Ondarroa 1

Taldearen jokoan hobekuntza nabarmendu zen

Anaitasunak beste porrot bat jaso zuen Txerloian Aurrera Ondarroarren aurka, eta honekin bost jardunaldi daramatzate Aitor Iturberen mutilek hiru puntuak poltsikoratu gabe.

Partidua intentsitate handikoa eta gogorra izan zen lehen zatiaren erdian. Anaitasuna jaun eta jabe izan zen hasierako minutu horietan, eta hortik hiru aukera garbi etorri ziren. Lehena, 12. minutuan izan zen. Eskuin hegalean Mikel Arzallusek egindako jokaldi baten ostean iritsi zen. Arzallusek erdiraketa egin eta ate aurrean IƱigo Arzalluzek oposiziorik gabe buruz egindako errematea gutxigatik bidali zuen kanpora. Anaitasunaren minuturik onenak ziren. Intentsitateko partida hori komeni zitzaion etxeko taldeari. Hurrengo aukeran, berriz ere, Mikel Arzallus protagonista. Baloi luze baten ostean, Arzallusek gorputzarekin atzelari bati posizioa irabazi eta beste bat atzean utzi ostean, ezkerrez egindako jaurtiketa Ondarroako atezainak kornerrea bidali behar izan zuen. Korner horren ondorioz iritsi zen hirugarren aukera ere. Estrategiako jokaldi batean, Unai bakarrik agertu zen buruz errematea egiteko, baina, ez zuen aprobetxatzerik izan. Lehen zatiaren bigarren erdian, ordea, Aurrera Ondarroak pausu bat eman zuen aurrera. Aukerarik ez bazuten egin ere, arrisku gehiagorekin hasi ziren iristen Astiren ate ingurura.

Bigarren zatian ez zen lehen zatian ikusi zen intentsitaterik izan, eta horrek bizkaitarrei mesede egin zien. Partida kontrolpean izan zuten eta 20. minutuan, Josu Godoik area barruan penaltya egin zuela erabaki zuen epaileak. Erabakia okerra izan zen, baina, kanpokoek ederki baino hobeto aprobetxatu zuten. Anaitasuna saiatu zen golaren bila, baina, Aurrera Ondarroak oso lan txukuna egin zuen defentsan eta Iturberen mutilek ez zuten aurkarien atea zulatzeko aukerarik izan. Gol horren bitartez, hiru puntuak lortu zituzten ondarrutarrek eta sailkapenean bigarren postuan sendo jarraitzen dute. Anaitasuna, aldiz, jaitsiera postuetako puntuekin da, 15. postuan da zazpi punturekin. Datorren astean, puntu bat gehiago duen Usurbil izango dute arerio Txerloian.

Kadete nesken lehen garaipena

Nesketan, aurtengo denboraldian egin duten partidu onenarekin batera iritsi dira lehen hiru puntuak ere. Lehen zatian hartu zuten aurre neskek, baina, pozak ez zuen asko iraun, Intxaurdik berehala berdindu baitzuen. Atsedenaldira banako emaitzarekin joan ziren.

Bigarren zatian, hiru gol aukera garbi izan zituzten Anaitasunakoek, eta bat bera ere ez Intxaurdikoek. Garaipenaren gola ez zen iritsi 85. minutura arte. Penalty bat aprobetxatu zuten Orbea eta Sorkunderen neskek denboraldiko lehen garaipena lortu eta sailkapenean arnasa apur bat hartzeko.