Gerdau Anaitasunak puntu bat gehitzea lortu du Zarautzen

Zarautz 1
Anaitasuna CD 1

Partidua irabazteko aukera garbiak izan zituzten bi taldeek

Anaitasunak puntu bat lortu zuen larunbatean Zarautzera egindako bisitan. Ez zen aukera askoko partidua izan, baina, bi taldeek izan zituztenak, nahiko garbiak izan ziren. Aitor Iturbe entrenatzaileak Martuteneren aurkako partidutik lau aldaketa egin zituen hamaikakoan.

Anaitasunak izan zuen baloiaren jabetza partidako momentu nagusienean. Zarauztarrak zelai erdian egiten zuten presio lana, eta honez gain, atzelarien bizkarrera baloi luzeak ere bilatu zituzten. Baloi luze baten ostean, 21. minutuan etxekoek aurre hartu zuten markagailuan. Aurrelari bat area barruan erori eta epaileak penaltya adierazi zuen, eta hau baliatu zuten gola lortzeko. Orduan zarauztarrak atea ixten saiatu ziren, emaitzari eusteko, baina, 36. minutuan, Mikel Aramendik ez ohikoa den gola lortu zuen. Atezaina baloi bat urruntzen hasi zen eta Aramendik egindako presioaren ostean, baloiak honi bizkarrean jo eta sareetara joan zen. Ordutik atsedenaldira arte, bi taldeak ez zuten arriskatu nahi izan eta berdinketarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Partidua Anaitasunak kontrolatu zuen, eta aukera bat edo beste ere izan zituzten bi taldeek. Lehena izan zuena Anaitasuna izan zen. Landutako korner batean, lehen zutoinean zegoen jokalariaren errematea goleko lerrotik atera zuen Zarauzko jokalari batek. Bigarren abisua ere azkoitiarrek eman zuten. IƱigo Arzalluz eta Iraitz Kortak egindako bat-biko baten ostean, Iraitz atezainaren aurrean gelditu zen eta honek egindako jaurtiketa atezainak urrundu zuen.

Zarautzek ere izan zuen berea. Anaitasunako atzelariek egindako urruntze batean baloiak nahi gabe etxeko jokalari bati jo zion eta errebotea aurrelariari iritsi zitzaion. Honek, ordea, ez zuen ondo definitu azkoitiarren zorionerako eta banako emaitzarekin amaitu zen Anaitasunak Astira egindako bisita.

Datorren bi jardunaldietan Anaitasunak etxeko lanak egiten hasteko aukera polita du. Azkoitian jokatuko ditu bi partiduak. Aurrera Ondarroak ligan azkeneko aldiz jokatuko du Txerloian. Hurrengo denboraldian Bizkaiko Federazioan sartzen da eta hango ligetan lehiatuko du. Bigarren partidua, berriz, Usurbil igo berriaren aurka jokatuko dute.

Jubenilek bigarren puntua

Etxaniz Autoeskolako Jubenil mutilek, bigarren puntua batu zuten larunbatean San Juanen Lekeitioren aurka jokatutako partiduan berdindu eta gero. Etxekoak 3-0 aurreratzea lortu zuten, eta hiru puntuak etxean geldituko zirela ematen zuenean, sinestezina badirudi ere, bizkaitarrek markagailuari buelta eman eta hiruna berdintzea lortu zuten. Taldea gaztea denez, esperientzia eza bota zuten faltan eta epailearen hainbat erabaki txarren ostean puntu batekin konformatu behar izan zuten jubenilek. Datorren jardunaldian ere etxean jokatuko dute Mikel Arregiren mutilek, Santutxuren aurka.