Hirugarren porrota jarraian Anaitasunak

Anaitasuna CD 0
Martutene 1

Anaitasunak hirugarren porrota jaso du jarraian, eta goiko postuak gero eta urrunago ditu.

Partidua ondo hasi zuten etxekoek, baloiarekin gehiago zirela erakutsiz. Hala ere, aukerak sortzea asko kostatu zitzaion beste behin taldeari.

Lehen abagune garbia, 11. minutuan iritsi zen, Mikel Pastrianek bakarrik errematatu zuen Iñigo Arzallusek ezker hegaletik ateratako falta bat, baina, atezainaren eskuetara bidali zuen zuzenean baloia. Hurrengo minutuetan, erasoko jokorik ez zen izan. Anaitasunak baloia alde batera eta bestera mugitzen jarraitzen zuen, eta 28. minutuan izan zuen partidako aukerarik garbiena. Mikel Aramendik zetorren bezala ezkerrez egindako jaurtiketa bat zutoinaren ondotik joan zen kanpora. Etxeko taldea, aukerei dagokionez, partidan izan zituen minuturik onenak ari zen izaten. Minutu bat geroago, gola lortu zuena Martutene izan zen. Hainbat urruntze txarren ostean, areatik metro batzuetara egindako jaurtiketa dotorea Xuban atezainaren gainetik sartu zen.

Golaren ostean gorrixek aurrera begira jarri ziren eta 32. minutuan, beste aukera garbi bat izan zuen Iñigo Arzalluzek. Azpi azpitik egindako jaurtiketa hau ere oso gutxigatik joan zen kanpora.

Bigarren zatia hasi eta ordu laurdena pasa baino lehen, hiru aldaketa egin zituen Aitor Iturbek. Ander Pastrian, Iker Pastrian eta Ander Arabaolaza atera zituen zelaira, eta geroago Ioritz eta Tomao. Dudarik gabe golaren bila atera ziren etxekoak atsedenaldiaren ostean, erasoko lau jokalari irten baitziren berdegunera. Minutuak aurrera zihoazela, Iker Pastrianek Martuteneko atzelari bati egindako sarrera txartel gorriarekin zigortu zuen epaileak. Azken ordu-erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Anaitasunak eta asko nabaritu zen gizon baten falta. Ez ziren izan inolako minik egiko gai etxekoak. Martutene bere zelaian ondo kokatuta egon zen kontraeraso baten zain, eta Anaitasunak ez zuen lortu zirrikiturik bilatzea.

Partida amaieran, Anaitasunak 0-1 Martutenek. Sei jardunaldiren pasa ostean, galdu dituen lau partiduak azpimarratu behar dira. Horietako hiru, gainera, azken hiru jardunaldietan jarraian etorri dira.

Datorren asteburuan Zarautzera egin beharko dute bisita, sailkapenean puntu berdinekin postu bat atzerago dagoen taldea. Gora begiratzen hasteko partida aproposa izan liteke Anaitasunarentzat.