Garaipenaren bidera berriro

C.D. Anaitasuna 3
Sestao River 0

 

Garaipen garrantzitsua eta merezitakoa lortu zuten Euskal Ligako neskek

Argazkia: Andoni Elduaien

Txerloian ohitu diren arren larunbatean San Juango futbol zelaian jokatu zuten neurketa Euskal Ligako neskek baina ez zen oztopo izan Gorka Zubizarretaren taldeak beste garaipen bat lortzeko.

Hasiera batean iruditu daitekeena baino partida garrantzitsuagoa zuten eskuartean gorrixek. Izan ere, bigarren eta hirugarren sailkatuak, Zarautz eta Bizkerre B-k elkarren aurka jokatzen zuten 12.jardunaldi honetan eta banako berdinketarekin amaitu zen bien arteko neurketa. Anaitasunak aldiz, 3-0 gailendu zen Sestao Riverri erritmo handia izan zuen partida honetan.

Azkar lortu zuten aurreratzea gorrixek, Eneritz Garate Oihana Goenaga ate aurrean utzi zuen eta honek ez zuen huts egin 7. minutuan. Bigarren gola ere minutu gutxira iritsi zen, 12.nean ain zuzen ere. Atezaina aurreratuta zela aldaratze bat aprobetxatu zuen Paulak baloia loratuz area kanpotik gol polit bat lortzeko. Atsedenaldia iritsi aurretik bi taldeek izan zituzten aukerak baina ez zuten lortu beste golik.

Bigarren zatiak antzeko dinamika eman zuen, 52.minutuan Ainhoak ateratako kornerra Loreak barrura botako zuen 3 goleko abantaila jartzeko. Azken gol hau kolpe gogorra izan zen Sestaorentzat eta partidaren erritmoa nabarmen jaitsi zen.

Ez zen gol gehiago egon neurketan eta bi taldeek aukerak izan arren merezitako garaipena lortu zuten gorrixek.

Datorren astean igandean jokatuko dute Euskal Ligako neskek Erandioko Betiko Nesken aurka San Lorenzo zelaian bigarren sailkatuarekiko duten aldea mantentzeko asmoz.