Kopako sailkapena gertuago dute gorrixek

Anaitasuna CD 2
Urgatzi 1

 

2-1 irabazi zuten pasa den larunbatean kopako sailkapeneko lehen partida eta honekin batera txanda pasatzeko aukera gertuago dute.  

  

Gorrixek, lehenengo minututik izan ziren baloiaren jabe eta aurredenboraldian erakutsi duten futbol konbinatua egiten saiatu ziren. Arabarrak beraeien zelaian defendatzen hasi ziren presio baxuarekin eta lerroak ondo ixtea erabaki zuten aurreneko minutuetan.

Lehenengo zatian golik egon ez zen arren, Urgatziko atezainak jokaldi bat baino gehiagotan hartu behar izan zuen parte arabarren atea babesteko. Hegaletan sortutako nagusitasuna eta baloiaren trantsizio azkarrak ondo aprobetxatu zituzten Xabi Artetxeren mutilek.

Bigarren zatia, lehenengoaren antzeko dinamikarekin hasi zen. Anaitasunak zuen iniziatiba eta 50. minutuan Letaren gola iritsi zen hainbat aldaratze egon ziren jokaldi nahasi batean. Konfiantzarekin jarraitzen zuten Anaitasunakoek eta aukerak egiten jarraitu zuten 75. minutuan bigarren lerrotik iritsita, Xabik, bigarrena egin zuen arte. Gol honek arnasa eman zion taldeari eta neurketako azken minutuak baloiaren jabe izanda defendatzea erabaki zuten aukerak egiteari uko egin gabe.

Arabarrek partidan zehar aukera garbirik egin ez arren, 90. minutuan hegaletik ateratako falta bat nahikoa izan zuten abantaila murrizteko. Hala ere, 90 minutuetan egindako esfortzua aski antzeman zuten azken txanpan eta ezin izan zuten erreakzionatu.

Amaieran, araudiak ezartzen duen penalti jaurtiketari ekin zioten ustezko berdinketa bat ekiditeko eta Urgatzi 3-5 gailendu zen 11 metroetatik.

Garaipen garrantzitsua lortu zuten gorrixek eta datorren astean barrua hustuko dute Aurrera de Ondarroaren zelaian helburua lortzeko asmoz.