Garaipen erosoa gureentzat

Anaitasuna CD 4
Añorga 1

Partida erosoa bizi izan zuten Anaitasunako Ohorezko mailako mutilek larunbat arratsaldean.

Etxean jokatzen zuten gureek eta bosgarren postuan aurkitzen zen Añorgarekin neurtu behar zituzten indarrak.

Lehen minutuetan partida parekatu zamar bazihoan ere, berehala hasi ziren gureak arrisku jokaldiak bat bestearen atzetik sortzen. Eta saiakerek 11. minutuan eman zuten gorrixen aldeko lehen fruitua. Añorgako atzelarietako baten aldaratzea, Mikel Arzalluzek bereganatu eta duda-mudarik gabe jaurti zuen, azkoitiarren lehen gola lortuz. Gol goiztiar honek lasaitasuna eman Zion Artetxeren taldeari, baina, lanean tinko jarraitu beharra zegoen oraindik partida luzea bai zen aurretik. 

Arerioa gureen jokaldien zain geratzen zela zirudien zenbaitetan. Sendo markatzen zituzten euren defentsa marrak eta gureak, aurkitzen zituzten hutsuneak aprobetxatu nahian zebiltzan. Handik sei minutura, 17. minutuan berriro Mikel Arzalluzek, etxekoen bigarrena egitea lortu zuen. Pozarren harmaila, eta pozarren Ohorezko Mailako mutilak. 

Gorrixek eroso zebiltzan partidako aspektu guztietan. Eroso baloiarekin baita baloirik gabeko mugimenduetan ere. Sendo mantentzen ziren defentsa lanetan eta are sendoago eta argiago erasotzerakoan. Erritmo handiko lehen ordu-erdia bizi izan genuen Txerloian baina, gureek min handia egitea lortu zuten, Axiri 26. minutuan epaileak baliogabetutako gola zein Xabiren area ertzeko jaurtiketa bikaina bitarteko.

Añorgak ere izan zuen gol aukera garbiren bat lehen zatiko hondarrean, baina ezerezean geratu zen aukera oro. Beraz, atsedenera, 2-0eko errentaz joan ziren azkoitiarrak.

Atsedenalditik bueltan, 45 minutu aurretik oraindik. Gureek jakin bazekiten Egoitzek babestutako atea hutsean mantentzeak zuen garrantzia eta horretarako prest atera ziren zelaira. 

Ildo beretik jarraitu zuen partidak eta 51. minutuan Axik, gorrixen hirugarrena egitea lortu zuen eta 67.nean berriz, hirugarrengoz, Mikel Arzalluz taldeko goleatzaileak, partidako laugarrena egin zuen. Partida garaipenera guztiz bideratuta zegoen ordurako eta Artetxek aldaketak egin zituen.

Partida aurrera zihoan eta gureak oso lasai ikusten ziren. Akats batzuk tarteko, markagailua aldaketarik gabe mantentzen zuten gureek; baina, 84. minutuan, korner baten aldaratzearen ostean, arerioak partidan egingo zuen gol bakarra egitea lortu zuen. 

Eta honela amaitu zen partida, 4-1 gorrixen alde. Aste honetan, Arrasatera bidaiatuko dute Ohorezko Mailako mutilek hiru puntuen bila.