Sentsazio txarrik gabeko porrota

Real Sociedad 2
Anaitasuna CD 0

Lan bikaina egin zuten gureek sailkapenean gorengo postua tinko mantentzen duen Errealeko nesken aurka.

Igande goizez, sailkapen nagusian lidertzan dagoen Real Sociedad B taldearen etxera egin zuten bidaia Anaitasunako Euskal Ligako neskek. Jakin bazekiten 90 minutu zail zituztela aurretik Zubietan baina azken asteei erreparatuz, garaipenean ere sinesten zuen Zubizarretaren taldeak.

Errespetu handiz baina beldurrik gabe zelairatu ziren gorrixek. Defentsa lanetan tinko jardun beharra izan zuten lehen minutuetan, baina gol aukerak sortzeko ere gogotsu ari ziren lanean gure neskak.

Lehen orduerdira arte, markagailua hutsean mantendu zen,  berdinketak gureei indarra ematen ziela zirudien. Partida irekita ikusteak beste motibazio bat ematen baitu batez ere arerioaren futbol maila kontutan izanda.

Hala ere, atsedenera joan aurretik, 33. minutuan etxekoen lehen zartatekoa iritsi zen; eta handik gutxira, 40.minutuan Irantzu Albizurik euren atean egindako golak bigarrena suposatu zuen etxekoen alde.  Beraz, atsedenera 2-0eko abantailarekin joan ziren Txuri Urdinak.

Atsedenetik bueltan, gorrixek beren ideiei jarraituz talde lan ona egin eta Errealak golik ez sartzea lortu zuten. Markagailua iraulitzeko saiakeran zebiltzan Euskal Ligako neskak baina ez zuten partidan zehar, horrenbeste aldiz bilatutako gola egiterik lortu.

Amaieran beraz 2-0 donostiarren alde.