Bi "aurpegi" desberdin Mintxetan

Elgoibar 3
Anaitasuna CD 3

Azken minutuetan garaipena posible izan bazen ere, puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten gureek.

Larunbat arratsaldea zen, Mintxeta zelaian Elgoibar arerio gure Ohorezko mailako mutilek. Bigarren itzuliko lehen partidako 90 minutu aurretik eta garaipena helburu gureek. 

Lehen zatian, baloiaren jabetza gehien bat gureena zen. Gol aukerak sortzeko aukeren bila eten gabe zebiltzan baina, ez zuten etxekoei minik egiterik lortzen. Baloia besteen hanketan zegoen bitartean berriz, galduta ziruditen, gorrixek ez zebiltzan besteetan bezain tinko defentsa lanetan eta Elgoibarrek hau hauteman zuen. 

Arrisku jokaldiak izan ziren bi taldeen eskutik baina, azkenean lehen zartatekoa etxekoena izan zen. 15. minutua zen eta beste arrisku jokaldi soil bat ematen zuena gol bilakatu zuten elgoibartarrek. Honekin gora egin zuten eta bi minutura bigarren aldiz zulatu zuten Egoitzen atea. 

Anaitasunako jokalariek elkar begiratzen zuten eta egoerari aurre egin beharrean zirela garbi zegoenez, burua makurtu beharrean, berriro erasoari ekin zieten. Gorrixek deseroso ziruditen ordea, bizpahiru aukera izan zituzten Arzalluzek zein Azkoitiak, baina ez zuten markagailua aldatzerik lortzen. Beraz, atsedenaldira 2-0 ekoarekin joan ziren Artetxeren mutilak. 

Atsedenalditik itzultzerako, Artetxek bi aldaketa egin zituen eta taldea berriro ere partidan guztiz sartzeko intentzioaz zelairatu ziren. 

Bigarren zatian nagusi ziren gureak, baloia arerioaren zelaian mantentzea lortzen zuten eta partidaren intentsitatea, gorrixen partetik behintzat, etengabeko gorakadan zen. Arrisku handiz iristen ziren gureak Elgoibarko atezainak defendatzen zuen atera. Eta honela, 51. minutuan, Azkoitiaren erdiraketa baten ondoren, Julen Aramendik baloia sareetara bidali zuen. Gogotsu ospatu zen gol hura harmailetan zein zelaian. Baina denbora asko zegoen aurretik. 

Elgoibarko jokalariek, azkoitiarrak markagailuan nola gerturatzen ziren ikusita, lanean jarraitu zuten gogotsu eta honela, 59. minutuan , gureak arerioaren zelaian zeuden bitartean, aldaratze luze baten ostean hirugarrena egitea lortu zuten. 3-1 beraz, eta 30 minutu aurretik oraindik. 

Kolpe gogorra izan zen Ohorezko Mailako mutilentzat baina garbi zeukaten ezin zutela etsi. Lanean jarraitu zuten eta baloia, Elgoibarren zelai erdian mantentzen jarraitu zuten. 

82. minutua zen, eta Mikel Aramendi Anaitasunaren aldeko falta bat jaurtitzeko prestatzen ari zen. Harmailetan, gola zetorrela aipatzen zen, eta azkenean, Aramendi merak ez baina, Izagirrek gola egin zuen buruz. 3-2 Mintxetan, minutu gutxi aurretik baina berdinketan sinesten zuen taldeak zein bertaratu zen zale orok. 

Sinesten dena askotan egi bilakatzen omen da. Mikel Arzalluzek 90. minutuan, azkoitiarrentzako hirugarrena egin zuen. 

Luzapena soilik aurretik, eta gureak garaipen gosez zeuden, baloia aurkariaren area ertzean mantendu zen uneoro baina, ez zen markagailua mugitzerik lortu. 3-3, puntu banaketa eta hurrengo partidara begira hobetzekoekin itzuli ziren etxera gorrixek.