2020ko lehen porrota

Hernani 2
Anaitasuna CD 1

Bigarren baloiak ezin bereganatzeak egin zien mina.

Igande arratsaldea Zubipe Hernaniko futbol zelaian. Gure Ohorezko Mailako Mutilek Hernani bera zuten arerio eta lanak ondo eginda eman zituzten Azkoititik.

Lehen minututik partidan oso sartuta agertu ziren Artetxeren mutilak. Partida hasi eta berehala, lau korner lortu zituzten gure alde eta gutxigatik gol bilakatu ez zen area ertzeko falta bat ere bai. Presio oso altua ezarri zuten gorrixek eta, minutu ugariz jokatu zuten etxekoen area inguruan. Axi aurrelari OƱatiarra ere, bikain zebilen igande arratsaldean; eta gol aukera garbi bat ere izan zuen hemezortzigarren minutuan. Baina, gutxigatik kanpora joan zen, elastiko gorria defendatzen duen aurrelariaren jaurtiketa. 

Dena parekotasun handiz zebilen lehen ordu laurdenaren ostean, eta bat-batean, 21. minutuan, etxekoen gola iritsi zen. Gorrixek kontra erasoan ziren, pase batean akats bat egin eta arerioak baloia bereganatu zuen; eta hegaletik egindako erdiraketa baten ostean, bigarren baloia hartu eta Remenek defendatutako atean gol bilakatu zuten. 

Gol hark mina egin zien gureei. Baina, lehen ordu erdia igarota berriro ere, baloiaren kontrola gureena zen. Hernani atzean sartzea lortu zuten gureek eta golaren bila tinko ziharduten. Min egiteko aukerak zeuden, eta denak aprobetxatzeko prest zegoen Anaitasuna. Hala eta guztiz ere, etxekoek ere lantzean behin gora egin eta min egiteko aukerak izan zituzten, eskuin hegaletik batipat, baina azkenean ezin eta 1-0ekoaz joan ziren atsedenera. 

Bigarren zatian, gureei jokoan sartzea kostatu zitzaien. Lehen ordu laurdenean galduta ziruditen eta Hernanik partidaren kontrola bere hanketan zuela zirudien; eta honela 59. minutuan bigarren gola egitea lortu zuten. Golaren ostean, Artetxek estrategi aldaketa bat egin eta bi aurrelarirekin jokatzea erabaki zuen. 

Erabaki honen ostean iritsi zen gorrixen gola. Baloi luze baten bila zijoan Axi, ate zainak lurrera bota zuenean. Honek area ertzeko falta bat ez ezik, atezainarentzako txartel gorria ere ekarri zuelarik. Xabik bota zuen falta hura, gol bilakatu zen eta Anaitasunako zale zein jokalarien ilusioa berpiztu zuen 68.minutuan.

Handik gutxira, Iriarteri egindako falta baten ondorioz, Hernaniko atzelarietako batek ere txartel gorria ikusi zuen. Une horretan bertan bi gehiagorekin zeuden gureak, baina minutu ugari galdu ziren bidean bi jokaldiak bitarteko. Partida asko berotu zen, falta ugari zelaian batez ere etxekoen partetik. Orduan, gureek, euren zelai erdian mantendu zituzten, baina ez zuten asmatu gola egiten. 

Partida nahiko gora-beheratsua suertatzen hasia zen eta orduan, 89. minutuan, Xabi Soraluzeri ateratako txartel gorriak, harmailetan zeuden zaleen hasarrea eragin zuen. Xabiri berari egindako sarrera baten ostean, honek, beste taldeko jokalaria gerritik heldu eta etxekoak, bere burua lurrera bota ostean epaileak txartel gorria erakutsi zion gazte azkoitiarrari. minutu gutxi geratzen ziren aurretik eta Xabik zelaia bizkor utzi zuen. Harmailetan haserrea eta harridura nagusitu ziren azken minutuetan. 

Eta horrela iritsi ziren 90. minutura. 2-1 Hernaniren alde. Gorrixek partida txukuna egin zuten arren, bigarren zatian jazotakoak, burua ere hotz ezin mantentzea eragin eta lehen itzuliko azken 3 puntuak ihes egin zieten gureei.