Berdinketa, aurtengo Txerloiko lehen partidan
Anaitasuna CD | 1 |
Zarautz | 1 |
Banakoaz amaitu zen partidan, bi taldeek maisutasun eta errespetu handia erakutsi zuten Txerloian.
Joan den larunbatean, Zubizarretaren neskek Zarautzen aurka jokatu zuten Txerloian. Sailkapen nagusian azkoitiarrak zarauztarrak baino gorago aurkitzen ziren baina, Euskal Ligan ohikoa den bezala 90 minutuan edozer gerta zitekeen.
Argazkian, Ania baloia bereganatu nahian (Argazkia: Sudupe)
Lehen zatia hasi eta berehala, Maiderren errematea atetik atera zuten zarauztarrek. Emozioa nagusitu zen harmailetan eta neskek garaipen gosez jarraitzen zutela nabarmendu zen lehen minutuetan. Hasiera gogorra eta trote handikoa izan zen larunbat arratsaldean ikusi ahal izan genuena, zarauztarrek ere izan zuten lehen 5 minutuetan aukera garbia gola egiteko baina hauek ere ez zuten asmatu.
Joan etorriko partida entretenigarria zebilen zelaian eta 37. minutuan, geldikako jokaldi batean etorri zen gorrixen gola; Irantzu Albizurik maisuki egindako jaurtike baten bidez. Handik bi minutura ordea, Zarauztarren erantzuna etorri zen eta atsedenera banakoarekin joan ziren bi taldeak.
Atsedenetik bueltan, hildo beretik jarraitu zuen partidak. Parekidetasun ugari zelaian eta arerioa gorrixen antzera, bigarren zartatekoaren bila zebilen arren, bietako inork ez zuen asmatzen aurkariaren atea zulatzen.
Partidaren amaieran Oihane Ucinenen burukada batek zaleak eserlekutik ere altxarazi zituen baina zarauzko atezainak geldiketa bikainak kolpetik moztu zituen zaleen itxaropenak. Amaieran puntu bana bi taldeentzat.
Datorren norgehiagoka, bigarren itzuliko bigarrena alegia, Leioan izango dute gorrixek.