Maila eman zuten arren, hiru puntuak ihesi
Anaitasuna CD | 0 |
Beti-Gazte | 1 |
Beste behin, maila eman zuten gureek baina, aste honetan hiru puntuak Nafarroara joan dira.
Larunbat arratsaldea zen Txerloian, euria gogotik ari zen eta Anaitasunak arerioaz gain, futbol zelaia ere aurka zuen orduan.
Lehen minutuetan, Artetxeren mutilak baloiarekin aurrera egiten saiatzen ziren, baina ia ezinezkoa zen asmo hura egi bilakatzea zelaiaren faktoreak zirela eta. Ez ziren eroso ikusten gorrixek, eta lehen ordu-laurdena igaro ostean, estrategia aldatzea erabaki eta Artetxek, bi aurrelarirekin jokatzeko erabakia hartu zuen. Gauzak honela, gureak, baloi zuzenagoekin jokatzen hasi eta arrisku jokaldiak hegaletatik egiten saiatu ziren.
Arerioaren zelai erdian mantentzen zuten baloia azkoitiarrek, eta Beti Gaztekoiei ere, euren asmoak egi bihurtzea galarazten ari ziren estrategia aldaketarekin. Lesakarrak bost atzelari eta bi aurrelarirekin atera ziren zelaira, honekin gorrixei bizkarra bilatuz min egiteko asmoz, baina, aipatu bezala, ez ziren helburua lortzen ari.
Gauzak honela, 0-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia Txerloian.
Bigarren zatian, aldaketak zirela medio, gureak lehen zatian baino erosoago ikusten ziren zelaian. Konfiantzarekin batera iritsi ziren lehen gol aukerak gorrixentzat baina etxekoek ez zaten balona sareetara bidaltzerik lortzen. Jakin bazekiten Ohorezko Mailako mutilek, zeinen garrantzitsua zen gol hura eta Mikel Arzalluzek, Anderrek, Rubiok, Julen Aramendik zein zelairatu berri zen Iriartek, aukerak izan zituzten markagailua irekitzeko baina ez zen posible izan.
Beti-Gazteko jokalariek, une horretan ere, ez zuten min gehiegi egiterik lortzen eta gorrixek lanean gogotsu jarraitzen zuten. Baina, erabaki kaxkar batzuen ondorioz, laurogeita bosgarren minutuan, benetan arriskutsua suerta zitekeen falta bat egin ostean, arerioaren gola iritsi zen. Falta atera eta, aurkarietako bat bakarrik geratu zen Remenen aurrean, jokaldia hura gol bikatuz. 0-1 beraz lesakarren alde.
Gureek lanean jarraitu zuten, markagailuari buelta emateko asmoz, baina denbora gainera zetorkien eta azkenean 0-1ekoa zela markagailuan, epaileak amaiera adierazi zuen. Artetxeren mutilek maila eman zuten beste aste batez, eta zelaia zegoen bezala egon arren, aurpegia ateratzeko gai izan ziren, nahiz eta garaipenak alde egin.