Laugarrengoz, hutsik egin gabe

Barakaldo 3
Anaitasuna CD 4

Euskal Ligako nesken laugarren garaipenean, emozio eta errendimendu handiko gol festa bizitzeko aukera izan zuten Barakaldora hurbildu ziren zaleek.

Joan den Larunbatean Barakaldoren aurka neurtu zituzten indarrak Anaitasunako neskek. Partida gogorra aurreikusten zen. Izan ere, biak sailkapen nagusian parez-pare aurkitzen ziren eta eguraldi zakar eta euritsuak ere, are eta gogorragoa egingo zuela bazekiten.

Partida goiz jarri zitzaion aldeko gorrixeri, bosgarren minuturako aurretik bai ziren. Ohiane Ucinek eskuin hegaletik egindako barneraldi batean hiru jokalari atzean utzi eta Maiderri helarazi zion baloia, hau atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu eta jokaldi hura gol bilakatu zuen aurrelari azkoitiarrak. Hasi orduko ia, 0-1 gure Euskal Ligako neskak.

Gerora bi taldeek arrisku jokaldi ugari izan zituzten eta ondorioz gol aukerak, baina berriro ere gola egitea lortu zuen taldea gurea izan zen. Enara Anduezak egin zuen bigarren gola, korner batean area txikian solte gelditutako baloi bat sareetara bidali zuenean.

Lehen zatia amaitzear zela, korner batean, buruz gola egin zuen Barakaldok eta partidan sartzea lortu zuten. 1-2koarekin joan zen Zubizarretaren taldea aldageletara.

Atsedenetik bueltan, gol baten errentarekin zeuden beraz gorrixek, baina lana gogotik egin beharra zuten Azkoitira 3 puntuak ekartzeko.

Bigarren zatiaren hasieran, Barakaldo indartsuago zegoela nabaritzen, konfiantza handia eman zien gol hark eta Mirenek defendatzen zuen atera erraz iristen ziren bizkaitarrak. Gauzak honela, berriro ere korner batean, partida berdinduko zuen bigarren gola egin zuten etxekoek.

Barakaldok gora egiten zuen uneoro eta gureak apalduta ziruditen. Berdintzea gutxi ez eta handik gutxira, hirugarren gol bat egin eta partidan lehenengo aldiz aurretik jarri zen etxeko taldea.

20 minutu zeuden aurretik ordea eta Anaitasunako neskek hiru puntu horiek zuten garrantziaren jakitun, burua altxatu eta lanean jarraitu zuten. Gureak partida irauli nahian zebiltzala, Maria Juaristiren gola iritsi zen, azkoitiarren hirugarren gola alegia. Partida berdinduta zen bigarrengoz, eta gureek garaipena nahi zuten.

Partidaren hondarrean lortuko zen garaipen hura zehazki. Bigarren zatian atera berria zen Elene Zabalak, laugarren gola egin eta markagailua irauli bai zuen azkenean.

Gure nesken hurrengo partida, larunbatean izango da, eguerdiko 12:30tan San Juan futbol zelaian Elorrioren aurka. Beste partida gogor bat izango dute neskek eta oso garrantzitsuak izango diren 3 puntu ere bai jokoan.