[Harrobia] Urriak 22-23
Urriak 22-23 asteburuan gure taldeek denetik eman ziguten, garaipen garrantzitsuak, eta porrot mingarriak. Senior neskekn etxeko lehen garaipena lortu zuten, Ohorezko Jubenil mutilek denboraldiko bigarren garaipena, 1go Jubenilek puntu baliotsua Unben... Infantil mailan ere hiru garaipen handi. 1go Infantil A taldeak Azpeitian, Infantil Txikiek Zarautzen, eta Infantil neskek Bergaran. Maila ona eta puntu baliotsuak guztientzat.
Senior neskak
| Anaitasuna CD | 2 |
| Bergara | 0 |
Etxeko lehen garaipena lortu zuten Senior neskek Bergararen aurka
Partida polita ikusteko aukera izan zen San Juanen larunbat arratsaldean. Aurrez ikusitako taldea zen Bergara, eta jakinaren gaineran ziren gureak bergararrak ez zirela Azkoitira denbora pasa etorriko. Gure neskak, ordea, gogor hasi ziren lehen minututik lanean, neurketa kontrolatuz eta ondorioz jokaldi onak eta aukerak egiteko gai izan ziren.
Lehenengo zatia amaitzear zela egin zuten gorrixek bat eta hutsekoa, gol garrantzitsua zalantzarik gabe. Bigarren zatian ere gure nesken eskutik zuzendu zen neurketa, eta bi eta hutsekoa eginda, neurketa bideratu zuten. Bergarak aukera bakarra egin zuen neurketa guztian zehar, hain zuzen neurketa amaitu baino minutu bat lehenago. Zorionez gureek neurketa lasai amaitu zuten, eta etxeko lehen hiru puntuak batu zituzten.
Golegileak: Ane Juaristi eta Irantzu Albuzuri
Datorren asteburuan Eibarren aurka jokatuko dute igandean (Unbe Superior, 17:30).
Ohorezko Jubenil mutilak
| Anaitasuna CD | 4 |
| Trintxerpe | 1 |
Trintxerpek aurrea hartu baldin bazuen ere, gure mutilek garaiz irauli zuten neurketa
Larunbat arratsaldez Txerloiko futbol zelaian Trixntxerpe taldea izan zuten arerio Anaitasunako Ohorezko Jubenil mutilek. Partida hasiera nahiko parekatua izan zen, bi taldeek izan baitzuten baloia oinetan. Biak ala biak hiru puntuak batzeko beharrarekin zelairatu ziren. Anaitasunak aukera batzuk izan bazituen ere, ez zuen gola egiten asmatu, eta Trintxerpe izan zen aurrea hartu zuena.
Gola bisitarien merituagatik baino gehiago, gorrixek defentsan egindako akats batetik etorri zen. Ezker hegaletik egindako erdiraketa batean bakar-bakarrik errematatu zuen Trintxerpeko aurrelariak Osa atezainaren aurrean. Donostiarren golak Anaitasunako jokalariek behar zuten bultzada eta amorrua pizteko balio izan zuen. Bost minutura bi gol egin zituzten bata bestearen atzetik, Iñigo Orbegozo eta Julen Aramendi izan ziren golegileak. Atsedenaldira bi eta bateko abantailarekin joan ziren gureak, partidaren norabidea irauliz. Lehen zatiko azken minutuetan, hasieran ez bezala, Anaitasuna izan zen nagusi.
Bigarren zatian, Anaitasunak baloia hartu eta jokaldi ederrak egin zituen. Baloia une oro aurkariaren zelaian izan zuten, eta Trintxerpekoak baloiaren atzetik ibili ziren. Baloia mantentzeak hirugarren eta laugarren golak ekarri zituen. Biak Eneko Espinako aurrelari gazteak eginak izan ziren. Lau eta batekoarekin hamabost minutu gelditzen ziren, baina gure mutilak ez ziren erlaxatu eta markagailuari bere horretan eustea lortu zuten.
Aulkitik gogoz irten ziren ordezko jokalariek ere lagundu zuten horretan. Horietako bat Andoni Exposito izan zen. Zelaira irten eta baloi bat borrokatzen ari zela zoritxarrez belaunean min hartu eta aldaketa eskatu behar izan zuen. Hasieran lesio larria izango zela zirudien, baina behin taldeko medikuak azterketa eginda, badirudi bi-hiru aste barru bueltan izango dela. Neurketa horrekin, beraz, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten mutilek. Biak Txerloian lortu dituzte Ohorezko Jubenilek, eta ez da kasualitatea. Zelaiaren egoera onak eta neurriek mutilei euren aurpegirik onena erakusteko balio izan baitie orain arte.
Golegileak: Julen Aramendi, Iñigo Orbegozo eta Eneko Espinako (2).
Datorren asteburuan Legazpiko Bikuña zelaian jokatuko dute Ilintxaren aurka (Larunbata, 16:30).
1go Jubenilak
| Urki | 1 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Puntu baliotsua Unben
Unbeko kirol instalazioak bisitatu zituzten igande arratsaldean gure mutilek, Urki taldearen aurka indarrak neurtzeko. Partida ona egin zuten gureek, bereziki defentsa arloan. Baloiarekin huts batzuk egin zituzten, baina oso ondo jarrita egon ziren partida guztian zehar, agian gure mutilen multzoan futbolean ondoen jokatzen duen taldearen aurka.
Kontuak kontu, areara iritsi ziren lehen aukeran penalti bat lortu zuten alde gorrixek. Ez zuen hutsik egin hamaika metroetatik Gorka Larrañaga aurrelariak, eta aurretik jarri ziren gureak markagailuan. Urkik aukera garbiren bat izan zuen, baina aipatzekoa izan zen Ander Etxaniz atezainak aurkari baten burukadari eman zion erantzuna. Geldiketa handia egin zuen Anaitasunako atezainak. Hala ere, etxekoek ez zuten hutsik egin bigarren aukeran. Gazteek ez zuten asmatu baloia ondo urruntzen, eta berdinketa egitea lortu zuten atsedenaldiaren aurretik.
Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen, baina Urkik hiru aukera garbi egin zituen gureen arean. Zorionez ez zuten asmatu ate aurrean. Azken hogei minutuetan, gainera, gure mutilak hortzak estutu beharrean izan ziren, Ion Izagirre kapitaina egotzi baitzuen epaileak. Amaieran puntu baliotsua lortzeko moduan izan ziren 1go Jubenilak Unben.
Golegilea: Gorka Larrañaga
Datorren astean Ikasberri jasoko dute San Juanen (Larunbata, 18:00).
Ohorezko Kadete mutilak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Urki | 4 |
Ez da Ohorezko Kadete mutilen neurketako kronikarik jaso.
Datorren asteburuan Oriokoren aurka jokatuko dute larunbat arratsaldean (Mendibeltz, 18:30).
Ohorezko Kadete neskak
| Tolosa | 6 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Tolosaren aurrean ezin izan zuten gureek
Hasieratik tolosarrak gogor zelairatu ziren, eta gure neskek lo irten ostean Tolosak hamargarren minuturako aurrea hartzea lortu zuen korner jokaldi batean. Lehenengo zati kaskarra egin zuten gure neskek, ez baitziren aurkaria estutzera iritsi ere egin. Ondorioa garbia izan zen, lau eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea.
Bigarren zatian gure nesken jokoan hobekuntza nabaritu zen, eta Anaitasunaren markagailura bi gol igotzeko moduan izan ziren Maria Juaristik egindako bi golei esker. Tolosak ere beste bi gol egin zituen Usabal zelaian, eta amaieran sei eta biko emaitzarekin amaitu zen neurketa.
Golegilea: Maria Juaristi (2)
Datorren asteburuan Hernani jasoko dute San Juanen (Larunbata, 12:45).
Infantil Txiki
| Zarautz | 2 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Sendotasuna eta seriotasuna Infantil Txikien garaipenean
Gure mutilek asko sufritu zuten lehen zatian. Zarautzek asko estutu zituen gorrixek, presioa lehen lerrotik ondo hasten baitzuten etxekoek. Ondorioz, segituan hartu zuten aurrea zarauztarrek. Halere, gure mutilek neurketaren irakurketa ona egin zuten, eta Zarautzen atzeko lerroa aurreratuta zegoela ikusita, hegalak bilatzen hasi ziren atzelarien bizkarrera pase luzeak eginez.
Modu horretan min egin zuten gureek, eta Auritz Oteizak bosgarren minutuan, eta Unai Azkunek zazpigarrenean egindako golei esker aurretik jarri zen Anaitasuna. Zarautzek joko zuzena egin zuen, bigarren baloietara ondo iritsi eta hegaletatik min egitea lortuta. 11. minuturako markagailuak binakoa erakusten zuen, eta atsedenaldira emaitza horrekin joan ziren. Binakoaren ostean oso joko ona erakutsi zuten gureek.
Bigarren zatian, laguntza onak egin zituzten gureek defentsan, eta atzean gutxiago sufritu zuten. Futbolean etxeko taldea baino hobeto aritu zen eta ondorioz 54. minutuan, berriz ere Unai Azkunek, aurretik jarri zuen Anaitasuna. Golaren ostean ere gure mutilek etxeko taldeak baino gehiago erakutsi zuten, baina inertziaz Anaitasuna bere zelaian sartu zen. Zarautzek estu hartu zituzten gorrixek, baina aukera garbirik ez zuten egin. Garaipen garrantzitsua lortu zuten aurkari gogor baten aurrean.
Golegileak: Auritz Oteiza, Unai Azkune (2).
Datorren asteburuan atseden hartuko dute Infantil Txikiek.
1go Infantilak A
| Lagun Onak | 0 |
| Anaitasuna CD | 9 |
Partida erosoa 1go Infantilen A taldearentzat Azpeitian
Lehen zatian aukera asko egin arren, hamabosgarren minutura arte ez zuten golik egitea lortu gure mutilek. Hala ere, lehena egitea nahikoa izan zen, ondoren denak jarraian etortzeko. Lehen zatiaren amaieran markagailuak huts eta bostekoa erakusten zuen.
Bigarren zatia ere lehenaren berdina izan zen. Gorrixek izan zuten baloia ia denbora guztian, eta aukera asko sortu zituzten. Ate aurrean zuzentasun handia erakutsi zuten 1go Infantilek, aukera gehienek ate barruan amaitu baitzuten. Amaieran, Lagun Onakek huts, Anaitasunak bederatzi. Garaipen handia Azpeitian.
Golegileak: Joanes Davila (2), Eritz Jacinto (2), Eritz Etxaniz (2), Iker Sarasua, Luken Quintana eta B.A.
Datorren asteburuan Antzuola jasoko dute San Juanen (Larunbata, 10:45).
1go Infantilak B
| Anaitasuna CD | 0 |
| Burumendi | 6 |
Burumendi nagusi izan zen San Juanen
Neurketari hasiera ona eman zioten 1go Infantil Bko mutilek, baina atzean egindako bi hutsen ondorioz, 15. minuturako huts eta bi ziren atzetik. Gureek bi hegalak baliatu zituzten mutrikuarrei min egiteko, baina atsedenaldira huts eta hirukoarekin iritsi ziren.
Bigarren zatian taldea atzean sartu zen, eta kontraerasoan bisitariei min egiten saiatu ziren. Orokorrean, baloirik gabe hobeto egon ziren gureak baloiarekin baino. Baloia oinetan dutela gehiago konbinatu beharrean dira 1go Infantil B taldeko mutilak.
Datorren asteburuan Deban jokatuko dute (Larunbata, 10:00).
Infantil neskak
| Bergara | 0 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Lan onaren garaipena Bergaran
Etxekoak lehen lerrotik hasi ziren presioa egiten, eta gure neskek ezin izan zuten bere zelaitik jokatuta atera baloia. Zuzen jokatu beharrean izan ziren beste behin neskak, Bergarak berak egiten zuen futbola egitera behartu baitzuen Anaitasuna. Ez zen neurketa ona izan ikuslearentzat, baina ondo moldatu ziren neskak, eta aukera onak egiteko gai izan ziren.
Bigarren zatian berdin jarraitu zuen neurketak, eta atezainak luze ateratako baloi batetik etorri zen Anaitasunaren aldeko huts eta batekoa. Modu horretan saiatu ziren bi taldeak aukera gehiago egiten. Neurketa eskasa izan zen, baina emozioak azkeneko segundora arte iraun zuen Ipintza zelaian. Presaka jokatu nahi izan zuten gureek, gola ahalik eta azkarren egin nahian.
Golegilea: Marta
Datorren asteburuan Aloña Mendi jasoko dute San Juanen (Larunbata, 09:15).