Garaipenez jositako asteburua

Pasa den asteburua gogoan edukitzeko modukoa izan zen, sei garaipen lortu baitzituzten harrobiko taldeek. Euskal Ligao jubenilen denboraldia porrot batekin amaitu zen, eta aldiz, Ohorezko Kadete mutilek berdinketa lortu zuten Beasainera egindako bisitan. Gainerako talde guztiek euren neurketak irabaztea lortu zituzten, eta nola gainera, bi gol besterik ez baitzituzten jaso gure taldeek.

Euskal Ligako Jubenilak

Vasconia 3
Anaitasuna CD 0

Porrotarekin amaitu da liga Euskal Ligako Jubenilentzat

Denboraldia porrotarekin itxi zuen taldeak. Lehenengo zati txar batek Anaitasuna partida galtzera kondenatu zuen, nahiz eta bigarren zatian futbol hobea egin zuten. Lo zelairatu ziren eta eroso aurkitu ezinik sentitu ziren hasiera-hasieratik. Partidaren erantzukizuna Vasconiarena izan zen eta zorte txarreko jokaldi batean, 18. minutuan, beraien atean egin zuten gureek gola. Handik gutxira huts baten ondorioz, donostiarrek bigarren gola egitea lortu zuten. Gureak ez ziren ondo defendatzen ari, baina bigarren gol honen ondorengo minutuetan etxekoek ez zuten arriskurik egiterik lortu.

Bigarren zatia, esan bezala, lehenaren aldean ona egin zuten gure mutilek, alde batetik hobeto defendatu zutelako eta bestetik baloiarekin ere futbol hobea eskaini zutelako. Hala ere, egin zutena ez zen nahikoa izan eta ez zen golik iritsi mailari agur esan zioten neurketan. Amaierarako lau minutu gelditzen zirenean, berriz, Vasconiak hirugarren gola egitea lortu eta neurketari amaiera eman zieten donostiarrek. Neurketak hainbat froga egiteko ere balio izan zuen.

Orain gure mutilak Kopari begira jarriak dira. Denboraldian egindako okerretatik ikasi eta bestelako txapelketan ahalik eta paperik onena betetzen saiatuko dira. Lehen kanporaketan Irunen izango dute Real Unionen aurka, larunbat arratsaldeako 17:45ean.


 

Jubenil neskak

Anaitasuna CD 2
Lagun Onak 0

Derbian nagusi gure neskak

Azpeitarren aurkako partida garrantzi handikoa zen gure neskentzat bigarren fase honetan aukerak galdu gabe jarraitzeko. Hori gutxi balitz, derbi guztietan izaten den nagusitasuna azaltzeko gogoa ere bazuten gure neskek, eta aukera ez zuten inondik inora ere alferrik galdu.

Lehenengo zatian azpeitiarrak izan ziren zelai erdiaren jabe, baina aukerarik ez bazuten egin ere, gure neskak ez ziren batere eroso ibili. Bigarren zatian, eta mugimendu batzuen ondorioz, zelai erdiaren jabetza berreskuratu zuen taldeak eta aukerak sortu zituzten ondorioz, bi gol egin eta beste hainbeste sartzeko aukera ere izan baitzituzten.

Golegileak: Ainhoa Galarraga eta Irantzu Albizuri

Datorren asteburuan Zarautzen jokatuko dute larunbat eguerdiko 12:30ean.


 

Ohorezko Kadete mutilak

Beasain 2
Anaitasuna CD 2

Bigarren zatian lortutako bi golei esker, gure mutilek puntu bat batzea lortu zuten Beasainen

Neurketari ez zioten ondo ekin, Beasainek 10. minuturako aurrea hartu baitzuen markagailuan. Gureek, ordea, lanean jarraitu zuten, jarrera onarekin, eta markagailuari eusteaz gain aurkariak estu hartzeko moduan izan ziren, nahiz eta helburu nagusia, berdinketa lortzerik ez zuten izan atsedenaldira iritsi baino lehen.

Aldageletatik bueltan taldeak aldaketak egin zituen eta horien artean zelairatu zen Emmanuel Guerra, irten eta lehenengo minutuan bi atzelariren artetik arean sartu eta berdinketa lortzeko gola egin baitzuen. Taldea txukun ari zen jokoan, baina 54. minutuan Anaitasunak gaizki defendatuko jokaldi batean Beasainek berriz ere aurrea hartzea lortu zuen.

Lanean jarraitu zuten gorrixek eta saria amaierarako hogei minuturen faltan iritsi zen gureentzat. Ezker hegaletik bikain landutako jokaldia Mattin Martinek golean amaitu zuen. Amaierara bitartean bi taldeetako inor ez zen arriskua sortzeko gai izan eta gureak zelai konplikatu batean puntua batzeko gai izan ziren, mailari eusteko borrokarako puntu baliotsua.

Datorren asteburuan Aloña Mendiren aurka jokatuko dure gureek larunbat arratsaldeko 15:30ean.


 

Ohorezko Kadete neskak

Zumaiako 0
Anaitasuna CD 2

Lehen postuengatik borrokan jarraitzen dute gure neskek

Igande arratsaldez jokatu zuten gure neskek partida. Hasieratik nagusitu ziren zelaian, jokoan gehiago eta presioan ere nagusi zirela garbi geratu baitzen. Modu honetan, lehen zatia huts eta bikoarekin amaitu zen, amaieran izango zen emaitzarekin alegia.

Bigarren zatia lehiatuagoa izan zen, zumaiarrek gehiago presionatu baitzuten, eta bigarren zati polit eta gogor bat ikusi zen Aita Mariko futbol zelaian. Aukera ugari sortu arren, gureek ez zuten gol gehiago egiterik lortu.

Golegileak: Eneritz eta Ihintza

Hiru partida falta zaizkie gureei denboraldia amaitzeko. Azken txanpa honetan, bigarren edo hirugarren postuaren bila joateko prest daudela adierazi dute entrenatzaileek. Asteburu honetan Eibar jasoko dute San Juanen larunbat arratsaldeko 17:30ean.


 

Kadeteen 1go Maila

Anaitasuna CD 3
Idiazabal 2

Azken postuetatik irteteko borrokan jarraitzen dute 1go Kadeteek

Partida borobila larunbatean San Juango zelaian bete zutena. Idiazabal izan zen oraingoan bisitan Azkoitian eta hiru eta biko porrotarekin bueltatu behar izan zuten Goierri aldera. Lehen unetik nabaritu zen gure mutilak partidaren bila atera zirela eta lehen zati osoan nagusitasuna erakusteko moduan izan ziren berdegunean.

Baina bigarren zatira arte egon izan behar izan zuten zaleek golak ikusteko. Gorrixek bigarren zati txukun batean bi eta huts aurretik jartzea lortu zuten Imad eta Jonen gol banarekin. Hirugarrena sartzeko aukera garbi bat ere galdu zuen Jonek penalti jaurtiketa bat alferrik galdu ostean.

Idiazabalek aldea murrizteko gola sartzea lortu zuen, baina Anaitasunak berriro ere aurretik zen egoera lasaira bueltatzea lortu zuen, berriro ere Jonek falta jaurtiketa dotore borobildu eta gero. Partida amaitzeko minutu pare bat falta zirela, Idiazabalek markagailua txukuntzea lortu zuen hiru eta bikoa egin ostean, baina ez zen gehiagorako betarik izan San Juanen.

Datorren astean Lazkaon jokatuko dute gureek, larunbat eguerdiko 12:00etan.


 

Ohorezko Infantilak

Anaitasuna CD 2
Lazkao 0

Neurketa kaskarra egin arren, hiru puntu batzeko gai izan ziren Ohorezko Infantilak

Asteburu honetan Lazkaoren aurka etxean zuten hitzordua Ohorezko Infantilek. Neurketa ez zen batere ona izan gureen aldetik, hasi eta lehenengo zatia amaitu bitarte Lazkao nagusi izan baitzen. Hala ere, ez zuten aukera garbirik egin bi taldeek.

Bigarren zatia hasi aurretik hiru aldaketa egin zituen taldeak neurketaren norabidea aldatzeko, baina partidak ildo beretik jarraitu zuen. Epaileak amaierako txistua jo baino hiru minutu lehenago, hegaleko falta baten ondoren etorri zen gureen gola, Aitor Arratibelen eskutik. Handik bi minutura, berriz, Unai Sarriegik bi eta hutsekoa jarri zuen markagailuan. Nahiz eta neurketa irabazteko merezimendurik ez egin, hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Kopa lortzeko borroan lidertzan jarraitzen dute Ohorezko Infantilek. Datorren asteburuan Beasain hartuko dute San Juanen eguerdiko 12:30ean, sailkapenean hiru puntuz atzetik den aurkari arriskutsua.


 

Infantil Txiki

Aizkorri 0
Anaitasuna CD 2

Bigarren faseko lehen garaipena Infantil Txikientzat

Segurako futbol zelaian larunbat goizean jokatu zuen Infantil Txiki taldeak Aizkorriren aurka. Partida hasi bezain laster Anaitasunako mutilek aukera garbi bat izan zuten aurretik jartzeko, baina gutxigatik ez ziren gureak gola egitera iritsi. Bigarren minutuan, ordea, ez zuten barkatu, Iker Sarasuak zelai erdi ingurutik jaurtitako falta jaurtiketan etxekoen atezaina gainditzea lortu baitzuen.

Gol honen ondorioz, gure mutilek lanari gogor ekin zioten eta 25. minutuan aldea handitzeko beste abagune bat izan zuten. Atezainaren aurkakoan ez zuten asmatu gureek, hein handi batean etxekoen atezainak areatik kanpo baloia eskuarekin ukitu baitzuen. Ondorioz epaileak atezaina egotzi beste aukerarik ez zuen izan, eta Anaitasunak bigarren zati osoa jokalari bat gehiagorekin jokatzeko aukera izan zuen.

Bigarren zatian ere mutilek ondo lehiatu zuten eta aukera asko sortu zituzten, jokaldi onak borobilduz. Atzean sendo ikusi zen taldea eta Joanes Davilak aldea handitzeko gola egin zuen Anaitasunarentzat, azken huts eta bikoa markagailuan ezarriz.

Datorren larunbat goizeko 10:30ean Urki hartuko dute San Juanen. Lehen postuetara hurbiltzeko aukera paregabea gureentzat.


 

Alebin Errendimendua

Amaikak Bat 0
Anaitasuna CD 5

Sailkapenean lehen postuan jarraitzen dure gure mutilek Deban irabazi ostean

Nagusi izan ziren gure mutilak hasieratik bukaera bitartean. Debako taldea atzean sartu zen espazioak txikitzeko asmoz, baina gure jokalariak erreztasunez iristen ziren aurkarien atera baloia azkar mugituz. Ondorioz emaitza zabala lortzeko gai izan ziren Errendimenduko Alebinak.

Golegileak: Jakes Diaz (2), Jon Galdona (1), Luis Juaristi (1), beraien atean (1)

Datorren asteburuan Aloña Mendiren aurka jokatuko dute Bergarako Ipintza zelaian igande goizeko 10:30ean.