Euskal Ligako Jubenilek maila galdu dute
Asteburu tristea izan zen pasa den astekoa. Euskal Ligako Jubenilek maila galdu zuten Real Unionen aurka San Juanen galdu eta gero. Albiste onak neskek eman dizkigute beste behin. Jubenilek Zarautzen irabaztea lortu zuten. Ohorezko Kadete neskek, liderraren etxean puntu bat batu zuten nahiz eta zerbait gehiago merezi, eta azkenik Infantil neskek ere garaipena Arizmendiren aurka.
Euskal Ligako Jubenilak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Real Union | 4 |
Amaierara arte saiatu arren, ez da posible izan
Hil ala biziko partida zen Euskal Ligako Jubenilentzat, baina emaitza ez zen batere ona izan gure mutilen intereserako.
Partida hasiera oso txarra izan zen. Bigarren minuturako irundarrak aurretik jarri ziren. Gure mutilen atzeko lerroa zuloz beterik zegoen hasieratik. Ez ziren partidarik onena egiten ari, baina Joanes Calvok neurketa berdintzea lortu zuen 33. minutuan korner bat aprobetxatu eta gero. Arrisku gehiegirik egin gabe joan banako emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.
Zoritxarrez bigarren zatia lehenengoa baino txarragoa izan zen. Gureek ez zuten ia ezertan asmatu, goiz txarra eduki zuten eta Real Unionek beste hiru gol egitea lortu zuen. Bigarren gola 60. minutuan jaso zuten gureek, hirugarrena 76. minutuan eta azkena 81ean.
Azken partida honekin gureek hainbeste jardunalditan borrokatu duten helburua ez betetzea dakar, maila galdu baitute eta gelditzen diren hiru neurketetan ahal den ondoena egin eta futbolarekin disfrutatzen saiatuko dira. Taldeko kapitaina den Iñaki Tamayok Facebook bidez adierazi duen bezala, barkamena eskatu maila honetara iristeko eta maila honetan mantentzeko borrokatu duten guztiei eta baita zale guztiei ere.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Jubenil Neskak
| Zarautz | 0 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Partida kaskarra burutu arren lehen postuetan jarraitzen dute Jubenil neskek
Aipatzeko gauza gutxi izan zituen igande goizean Jubenil neskek Zarautzen jokatutako neurketak. Hala ere izan zen bitxikeriarik. Epailea ez zen agertu neurketara, Lasartetik etorri behar zuen eta Ertzaintzak ez zion pasatzen utzi. Ondorioz, Zarauzko batek zuzendu zuen neurketa. Huts eta bat aurreratzea lortu zuten gure neskek, baina epaileak penalti bat adierazi zuen etxekoen alde. Zorionez ez zuten asmatu, gureak oso gaizki jokatzen baitzebiltzan.
Bigarren zatian zerbait hobetu zuten jokoa eta bigarren gola ere egiteko gai azaldu zen taldea, aipatzeko beste ezer egin gabe.
Golegileak: Maider Badiola eta Leyre Camaron.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Ohorezko Kadete mutilak
| Amaikak Bat | 4 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Ahul agertu ziren bigarren sailkatuaren aurrean
Gureek ez zuten aurpegi ona eman Deban Amaikak Bat taldearen aurka. Nahiz eta ondo sartu ziren neurketan, bederatzigarren minutuan etxekoek egindako golak min handia eman zien eta ordutik aurrera ez zuten ezer erakutsi Errotazar futbol zelaian. Hori gutxi ez eta 13. minutuan etxekoek neurketa bideratuta utzi zuten korner jokaldi batean defentsarik gabe buruz errematea sareetara bidali ostean.
Bi eta hutsekoarekin gauzak zail baldin bazeuden, zer esanik ez 37. minututik aurrera, Amaikak Batek neurketako hirugarren gola egin baitzuen jokaldi sinple batean. Aurrelariak atzeraka buruz baloia hegalekoari utzi zion, area barruan sartu eta bere jaurtiketa Xabik gelditzea lortu zuen arren, aldaratzean bakar-bakarrik agertu zen beste aldeko hegaleko jokaldia hiru eta hutsekoa egiteko.
Atsedenaldian mutilei burua altxatzen saiatu eta beste egun batzuetan lortutako balentria errepikatzera irten behar zutela adierazi zitzaien. Bigarren zatia irabaztera irten ziren gure mutilak, baina zazpigarren minutuan, jokoz kanpoko posizioan lau eta hutsekoa egin zuen Amaikak Batek. Ordutik aurrera gureek baloia izan zuten, hein handi batean Amaikak Batek lasai jokatu zuelako, baina aukera garbirik ez zuten egin eta ondorioz lau eta hutsekoarekin amaitu zen neurketa.
Datorren jardunaldian atseden hartuko dute.
Ohorezko Kadete neskak
| Añorga | 1 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Puntu baliotsua liderraren etxean
Rezolako zelaian jokatu zuten gure neskak bi asteko atsedenaldiaren aurreko partida. Añorga liderra da jokatutako bi neurketa berdindu eta beste denak irabazi baititu. Anaitasunako neskak partida hasieran lekua hartu ezinik ikusi ziren eta honela iritsi zen bat eta hutsekoa. Kontrako golak esnatu zuen gure nesken gogoa eta kalitatea. Ordutik amaiera arte esan daiteke nagusi izan zirela berdegunean. Lehen zatia bukatzerako Ihintzak egindako jokaldi pertsonal ikusgarri batean, area barruraino sartu eta ezkerrez atezainaren irtera gainditu zuen banakoa egiteko.
Bigarren zatian, aldiz, bi taldeek futbol ederra eskaini zuten eta gol aukera ederrak sortu ere bai. Azken minututan gure neskek añorgarrak beraien zelaian sartuta edukitzea lortu zuten, baina aukera ederrak eduki arren ez zen garaipena emateko golik iritsi. Neskek zuten dena eman zuten zelaian. Dakiten bezela eta gogoarekin jolastuz gero talde ona direla sinetsi beharrean dira. Esan behar, Aleson eta Ali bikoteak 3-4-1-2 eskemarekin arriskatu zuela eta izugarrizko partida polita atera zela.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute neskek.
1go Kadeteak
| Anaitasuna CD | 1 |
| Beasain | 1 |
Azken uneko golak puntu bat batzeko balio izan zien 1go Kadeteei
Larunbat goizean jokatu zen gorrixen eta Beasainen arteko partida San Juan futbol zelaian. Partida entretenigarria ikusi ahal izan zuten zelaira bertaratutakoek. Lehen zatia oso parekatua izan zen, lehiatua, baloiaren jabe garbirik gabe eta ondorioz ezin izan zen aukera garbirik ikusi.
Bigarren zatian, aldiz, gure mutilek pauso bat aurrera ematea lortu zuten, baina orduan etorri zen bisitarien gola areaz kanpoko jaurtiketa batean. Gure mutilek gogor jarraitu zuten lanean. Ez zuten beraien partidarik onena egin, baina aukeraren bat egitea lortu zuten. Azkenean gorrixen burugogorkeria saritua izan zen, azken minutuan Maratek sartutako golari esker. Azkenean banako berdineta San Juanen.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Ohorezko Infantilak
| Aloña Mendi | 1 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Neurketa txarra egin arren, hiru puntu
Norgehiagoka ondo hasi zen, aukera haundirik sortu gabe, baina 20. minutuan gure mutilek aurreratzea lortu zuten Jokin Errazuren eskutik. Berahala, ordea, berdinketa lortu zuen etxeko taldeak urrutiko jaurtiketa batetik. Golaren ostean, Anaitasuna asko jaitsi zen, nahiz eta atsedenaldira bitartean markagailuari eustea lortu zuten.
Aldageletatik bueltan lau aldaketa egin zituen taldeak hobetzeko asmo garbiarekin, baina gauzak okerretik jarraitu zuten. Hala ere, amaitzeko 15 minutu falta zirela Jokin Errazuk berriz ere taldea aurretik jarri zuen, falta jaurtiketa sareetara bidali baitzuen. Bost minutura, neurketa erabakita utziko zuen gola egin zuen, berriz, ere Jokin Errazuk.
Nahiz eta partida txarra jokatu, hiru puntu batu zituzten Oñatira egindako bidaian.
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Infantil neskak
| Arizmendi | 2 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Garaipena lortu zuten Infantil neskek azken zatian lortutako hiru golei esker
Neurketa ez zen ona izan, baina baloia Anaitasunarena izan zen eta aukera batzuk sortu zituzten ondorioz. Hala ere, ez zuten aurreratzerik lortu, atezaina ez bazen langan jo baitzuen baloiak. Lehen bi zatietan golik ez zuten egin gure neskek, bai ordea Arizmendik. Lehena gure nesken huts batetik iritsi zen eta bigarrena falta jaurtiketa batetik.
Hirugarren zatiari bi eta hutsekoarekin ekin zioten, baina neurketa iraultzeko modukoa zela ulertuta irten ziren gure neskak. Joko onik egin gabe, gogoz saiatu ziren eta bai lortu ere. Amaieran markagailuak bi eta hirukoa erakusten baitzuen. Gaizki jokatu arren, irabazteko nahia erakustea nahikoa izan zuten Aretxabaletan. Ezaugarri guztiek bat eginez gero, talde honi irabaztea zaila izango da.
Golegileak: Ane Torronteras, Maren Alberdi eta Karmele
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.
Alebin Errendimendua
| Anaitasuna CD | 2 |
| Bergara | 2 |
Denak berdinduta jarraituko du sailkapenean
Partida ona jokatu zuten Kopako 5. multzoko lehenengo bi sailkatuek. Lehenengo zatian gureak nagusi izan ziren bai jokoan bai eta markagailuan ere, baina partidaren azken txanpan sufritzea tokatu zitzaien eta berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Emaitza honekin bi taldeek lidertzan berdinduta jarraitzen dute.
Golegileak: Ekaitz Albert eta Luis Juaristi
Datorren asteburuan atseden hartuko dute.