Iñigo Zubizarreta: "Haurrek eta gazteek, futbolean jokatzeaz gain, pertsona bezala hazteko eta hezitzeko aukera dute Anaitasunan"
Gaurko gure protagonista Iñigo Zubizarreta dugu, zinez aurpegi ezaguna Anaitasunaren familiarentzako. Hamaika urtez jardun zuen Anaitasunaren barnean lanea, lehen zegoen webgunean idazten, eta nola ez, Izarraitz Telebistarekin Anaitasunaren kolore gorrixek gainerako herritar eta ingurukoei erakusten. Orain Azkoitiatik urrun bizi da, Alemaniako Nürnberg herrian hain zuzen. Anaitasunaren inguruan hainbat bizipen ditu gordeak, eta gaur barrutik atera eta guri kontatzeko eskatu diogu.
Zer moduz bizi da Iñigo herritik kanpo? Zer nolako esperientzia ari da izaten Alemaniakoa?
Oso ona. Lehendik ere ezagutzen nuen paraje hau eta, beraz, ezaguna den toki batean ondo moldatu naiz. Alemaniera lehendik ere banekien eta hizkuntza jakiteak ere asko erraztu dit bidea.
Zein dira Anaitasunan egon zinenetik gaur arte gordetzen dituzun oroitzapenak?
Txarrak ez dira hainbeste. Txarrena Erregional mailara jeitsi ginen eguna izan zen. Onak, ordea, asko izan dira. Hiru maila igoera bizi izan ditut: Bi aldiz Hirugarren Mailara (2001ean eta 2012an) eta behin Erregionaletik Ohorezko Mailara (2010). Gainera bi denboralditan talde nagusiaren delegatu izan nintzen eta oso berezia izan zen niretzat: partida aurreko prestaketak, epaileekin harremanak. Beti izan nituen harreman onak epaileekin. Oso gogoan ditut, baita ere, Txerloien megafoniatik hainbat aldiz esandako hamaikakoak, denboraldi bukaerako sari banaketak, ateratako argazki guztiak eta egindako bideo guztiak... Oso oroitzapen politak dira. Baina, batez ere, ezagututako jendea eta elkarrekin bizi izandako momentu guztiak ditut gogoan.
Honela kontatu zuen Iñigo Zubizarretak Erregional Mailatik Ohorezko Mailara lortutako igoera
Alemaniatik Anaitasunari egiten al diozu jarraipenik?
Bai, noski. Web-orria begiratzen dut eta twitterreko mezuak ere iristen zaizkit. Gorabehera guztien jakinaren gainean nago.
Azkoitian zinela futbolari denbora asko eskaintzen zenion. Alemanian gauzek berdin jarraitzen al dute?
Ez. Baina Azkoitian biziko banintz ere ez litzateke horrela izango. Ezkonduta eta seme batekin bizimodua asko aldatzen da. Gaur egun ezinezkoa zait hainbeste denbora futbolari eskaintzea.
Zeuk hasitako ekimen bati jarraipena ematen dihardu klubak, baina atzerrian bizita ziurrenik taldea ez duzu behar bezala jarraitzerik izango. Zer da faltan botatzen duzuna?
Gaur egun teknologia berriei esker mundua asko txikitu da. Internet bidez ia edozer egin daiteke: ETB ikus dezaket, euskarazko irratiak entzun, Gipuzkoako egunkariak irakurri... Horko kontu guztien berri dut. Eta lehen esan dudan bezala, Anaitasunaren web orrian sar naiteke, twitter bidez partidak zuzenean jarrai ditzaket eta gero gainera partiduko argazki eta bideoak ere ikus ditzaket. Gehienetan Azkoitian bertan bizi diren nire gurasoak baino lehenago enteratzen naiz partiden emaitzekin. Ez dago gehiago eskatzerik.
Gogoan duzu Txerloian izan zinen azkeneko aldia noiz izan zen?
Bai. Txerloian ikusi nuen azkeneko partida 2012ko irailean izan zen, Hirugarren Mailan Lagun Onakekin jokatutako derbia hain zuzen. Baina Txerloian azkeneko aldiz 2014ko uztailean izan nintzen. Oporretan nengoen Azkoitian eta Jon Ander Azkuek, zuzendaritza batzordeko kideak, Txerloien egindako lan eta berrikuntza guztiak erakutsi zizkidan.
Aurten Ohorezko Mailako taldeak hasiera txukuna eman dio denboraldiari, eta badirudi goiko postuetan ibilko dela. Denboraldi honetan historia berri bat idazteko moduan izango garela uste duzu?
Jokalariek oso maila ona dute. Iaz ere oso denboraldi ona egin zuten. Aurten gainera entrenatzaile berria du taldeak, iraganean lorpen asko lortutakoa. Jeitsierako postuan zegoen Pasajes taldea denboraldi erdian hartu eta sailkapenaren erdialderaino jaso omen zuen. Jokalariak erakusten ari diren maila ona alde batetik, eta horrelako entrenatzaile bat bestetik, oso konbinazio ona izan daiteke aurten zerbait handia egin ahal izateko.
Herrira eta nola ez zure etxeetako bat den Txerloiara itzultzeko asmorik baduzu?
Oporretan ahal bada joango naiz bisitan herrira eta egokitzen bada baita Txerloiara ere. Ostantzean, nire bizimodua hemen ikusten dut. Erabat bertakotuta gaude eta, gauzak asko okertzen ez badira, hemen jarraituko dugu.
Baduzu Anaitasunarekin lotutako ametsik?
Egunen batean Anaitasuna hemen, Alemanian, jokatzen ikusi nahiko nuke. Agian denboraldi-aurreko partidaren batzuk Alemaniako talde batzuren aurka joka litzake taldeak. Badakit oso zaila dela, aurrekontu handia eskatzen du eta ez da oso bideragarria. Horregatik ametsak amets izaten jarraitu beharko du.
Herritarrak eta zale gorrixek agurtzeko zer esango zenieke?
Anaitasuna oso berezia da azkoitiarrontzat, geure-geurea sentitzen dugu. Eta zer esanik ez kluba barrutik ezagutu eta bizitzeko aukera izan dugunok. Haurrek eta gazteek, futbolean jokatzeaz gain, pertsona bezala hazteko eta hezitzeko aukera dute Anaitasunaren baitan, lagunartea landuz, talde-lana bultzatuz, nork bere betebeharrak eta erantzukizunak bereganatuz... Eutsi izaera eta balore horiei, Anaitasuna aurrerantzean ere gure beti-betiko Anaitasuna izan dadin.