Jubenil nesken eta Errendimenduzko Alebinen garaipen dizdiratsuak

Jubenil neskek eta Errendimenduzko alebinek pasa den asteburuan garaipen dizdiratsuak lortu zituzten, bien artean 21 gol egin baitzituzten. Gainerakoan, Infantil Txikien denboraldiko lehen garaipena aipatzeko. Bigarren fasean hasi berriak dira Infantil Txikiak, eta urrats garrantzitsua eman zuten lehen neurketa irabazita. Ohorezko Kadete neskek ere etxetik kanpo garaipena lortu zuten, eta alebin parte-hartzekoen arteko derbian binako berdinketarekin amaitu zen neurketa San Juanen.

Jubenilen Euskal Liga

Real Union 3
Anaitasuna CD 2

Merezitako porrota jaso zuten Euskal Ligako Jubenilek Irunen

Partida hasieratik erakutsi zuten bi taldeek joko eskasa eta inork ez zuen jokoa kontrolatu. Zelai erdiko baloi askok ez zuten aurreko gizonenganaino iristerik lortzen eta okerrena, etxekoek aurrea hartu zuten. Aukera gutxiko neurketa ari zen izaten ordura arte, baina izan ziren gehienak etxekoen partetik iritsi ziren. Anaitasunak, bere aldetik, geldikako jokaldietan egin zuen minik handiena. Atsedenaldira iritsi aurretik bigarrena egin zuten etxekoek eta gureek burumakur hartu zuten aldageletarako bidea.

Bigarren zatia hobeagoa izan zen Anaitasunaren partetik. Nahiz eta gure mutilak beraien mailatik urrun egon, zerbait hobetu zuten. Etxekoak ez ziren ondoegi aritu bigarren erdan, baina hirugarrena egitea lortu zuten. Ordutik aurrera ez zen ezer berezirik gertatu, amaierara heltzeko bost minutu falta izan arte. Pase luze batekin Aramendik pase bikaina eman zion Xabiri, honek markagailuan zegoen aldea jaisteko. Luzapenean, berriz, Iñigo Orbegozok penaltia probokatu zuen eta Aramendik azken hiru eta bikoa egitea lortu zuen hamaika metroetatik. Denbora falta izan zitzaion amaieran taldeari hirugarren gol baten bila joateko, epaileak bigarrena egitearekin batera neurketa amaitutzat eman baitzuen. Hala eta guztiz ere, ez zuten gureek punturik batzeko meriturik egin Galen.

Datorren jardunaldian Danok Baten aurka beraien bertsiorik onena eman beharko dute Euskal Ligako Jubenilek San Juanen.


Jubenil neskak

Anaitasuna CD 8
Amaikak Bat 0

Golen bitartez aurrera jarraitzen dute Jubenil Neskek

Markagailuak erakusten duen bezela gure neskek nagusitasun handia azaldu zuten eta partidaren jabe izan ziren hasieratik amaiera arte. Kolore guztietako golak ikusteko parada izan zen San Juanen, buruz, ezkerrez, eskuinez, faltaz... Sei lehenengo zatian sartu zituzten.

Atsedenaldirako minutu bat falta zenean eta zoritxarreko jokaldi baten ondorioz, Nagore Orbearen lesioa gertatu zen. Bigarren zatian bi gol gehiago lortu zituen taldeak. Bi hitzetan laburbilduz, neurketa ona.

Golegileak: Irantzu Albizuri (3), Maider Badiola (2), Nagore Orbea (1), Oihane Ucin (1) eta Ainhoa Galarraga (1)

Datorren jardunaldian atseden hartuko dute gure neskek.


Ohorezko Kadete mutilak

Elgoibar 3
Anaitasuna CD 1

Itxura aldaketa ez zen nahikoa izan Ohorezko Kadete mutilentzat

Pasa den asteburutik aldaketa egon zen taldearen jarreran, baina erakutsitako maila ez zen puntuak batzera iristeko adinakoa izan. Elgoibartarrek 4. minutuan aurrea hartzea lortu zuten area ertzeko jaurtiketa baten bitartez. Minutu batzuk geroago gertu izan zuten gureek berdinketa, baina Julen Olaizolaren burukada langara joan zen.Atsedenaldira bitartean ez zen aparteko ezer gertatu.

Bigarren zatian saiatu ziren gureak berdinketa lortzen, baina ez ziren fin ibili amaierako metroetan eta azken hamar minutuetan etxekoek erabakita utzi zuten neurketa. Aurrez zutoinean jo zuten kontraeraso batean egindako jaurtiketa bat, eta 71. minutuan korner batean bakar-bakarrik egindako erremate batean, baloia sareetara bidaltzea lortu zuten. Lau minutu geroago, atzeko hutsegite baten ostean iritsi zen etxekoen hirugarrena. Neurketa luzapenean zela, berriz, Emmanuel Guerrak baloi luze bat baliatu zuen jaurtiketa bikain gurutzatuz azken hiru eta batekoa lortzeko.

Datorren jardunaldian Beasain jasoko dute San Juanen.


Ohorezko Kadete neskak

Antigua Luberri 2
Anaitasuna CD 3

Hiru puntu garrantzitsu azken unean

Eguraldi txarrarekin eta potzuz betetako zelaian oso garrantzitsuak ziren hiru puntiak lortu zituzten gure neskek. Partida hasieratik erasora irten ziren, eta horrela 4. minutuan burututako kontraeraso batean huts eta batekoa egitea lortu zuten gureek. Lehen zatia amaitzerako aukera gehiago ere izan zituzten, baina ez zen beste golik iritsi.

Bigarren zatia berdindua joan zen. Antiguakoek indarra jarri zuten zelaian eta gehiago izan zirela esan behar da. Horrela, banakoa egitea lortu zuten etxekoak. Gure neskak ez ziren kikildu eta hiru minutura berriz ere aurretik jarriko zituzten gola egitea lortu zuten. Etxekoak indartsu iritsi ziren azken minutuetara eta binakoa egitea lortu zuten. Dena amaituta zegoela zirudienean, ordea, Jonek atezaina aurreratuta ikusi eta urrutiko jaurtiketa batekin baloia gainetik pasatzea lortu zuen azken bi eta hirukoa egiteko. Neurketa gogorra izan zen. 

Golegileak: Leire (2), Jone (1)

Datorren jardunaldian Zumaiako hartuko dute etxean.


Kadeteen 1go maila

Eibartarrak 4
Anaitasuna CD 0

Kadeteen 1go mailako mutilek ez zuten aurreko astean lortutako garaipenari jarraipena emateko gaitasunik erakutsi

Arratsaldea bezain goibel agertu zen gure mutilen taldea Unbeko futbol zelaian. Lau eta hutseko emaitzarekin bueltatu ziren gorrixek Eibartik. Nagusi izan zen Eibartarrak taldea partida osoan zehar, eta honen adierazgarri lehenengo ordu laurdenerako markagailuak hiru eta hutsekoa erakusten zuela. Gure mutilek aukeraren bat izan zuten partidan sartzeko, baina ez zuten asmatu baloia sareetara bidaltzen.

Bigarren zatiaren hasieran gureak hobeto hasi ziren arren, eibartarrek laugarren gola sartzea lortu zuten. Handik aurrera neurketa nahi eta ezin bat izan zen gureentzako.

Datorren astean Zestoaren aurka jokatuko dute San Juango futbol zelaian. Ea etxean azkena lortu zuten moduko garaipena lortzerik duten.


Ohorezko Infantil mutilak

Anaitasuna CD 1
Aretxabaleta 2

Amaiera aldera porrot egin zuten Ohorezko Infantil mutilek

Neurketa hasi eta lehenengo zati osoan, aukera asko izan zituzten gure mutilek, baina ez zen golik sartu. 20. minutuan, ordea, aurkariak aurreratu ziren korner baten ondorioz. Baina, lehenengo zatia amaitzeko bost minutu falta zirela banakoa egitea lortu zuten gureek.

Bigarren zatia gureentzat hobea izan behar zuena txarrerako izan zen, itxura handirik erakutsi gabe. Horrela amaierarako bi minutu falta zirela, bat eta bikoa egitea lortu zuten bisitariek, hiru puntuak poltsikoratuz.

Datorren jardunaldian Bergararen aurka jokatuko dute gureek.


Infantil Txiki

Anaitasuna CD 4
Internacional 0

Denboraldiko lehen garaipena etxean lortu zuten Infantil Txikiek

Partida hasi bezain laster, etxeko taldea nagusi izan zen baloiarekin eta baloirik gabe, baloi jabetza gureentzako izan zelarik. 15. minutuan, Eritz Etxanizek lehenego gola sartu zuen eta atsedenaldira modu horretan iritsi ziren.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Eritz Jacintok jokaldi on baten ostean bi eta hutsekoa egitea lortu zuen. Gol honekin taldea gora etorri zen eta Javier Letek garaipena emango zien hiru eta hutsekoa egitea lortu zuen, area kanpotik egindako jaurtiketa on batetik. Partida amaitzear zegoela, berriz, Iker Etxeberriari penaltia egin zioten, eta berak hartu zuen jaurtitzeko eta gola egiteko ardura. Zoriontzeko moduko neurketa jokatu zuten Infantil Txikiek!

Datorren jardunaldian Hondarribian jokatuko dute.


Infantil Neskak

Anaitasuna CD 2
Urki 3

Azken hatsean galdu zuten Infantil Neskek neurketa

Lehenengo bi zaietan oso ondo jokatu zuten gure neskek, elkarri defentsan lagunduz eta erasorako orduan bat-bikoekin arearaino iritsiz. Aukera asko sortu zituzten eta bi eta huts aurreratzea lortu zuten. Bigarren zatiaren amaieran, ordea, eibartarrek aldea murriztea lortu zuten falta bat tarteko.

Hirugarren zatian behera egin zuten gureek. Beste falta jaurtiketa batean berdinketa egitea lortu zuten bisitariek, eta amaitzeko minutu baten faltan hirugarrena egin zuten Urkiko neskek. Oso porrot mingarria izan zen Anaitasunako neskentzat, baina gustora gelditu ziren entrenatzaileak egindako lanarekin, talde bezala jokatuz gero gure neskei irabaztea zaila dela ohartu baitziren.

Datorren jardunaldian atseden hartuko dute gure neskek.


Alebin Errendimendua

Amaikak Bat 0
Anaitasuna CD 13

Erakustaldia eman zuen Mintxetako futbol zelaian Alebin Errendimenduko taldeak

Hasieratik bukaerara erakutsi zuten gureek Debako Amaikak Bat taldea baino gehiago zirela. Gehiago izateaz gain, baloiarekin eta baloirik gabe ekintza ezberdinei zentzua ematen saiatu ziren, gehinenetan helburua lortuz.

Golegileak: Unai Azkune (3), Jon Galdona (2), Luis Juaristi (2), Jokin (1), Beñat Garmendia (1), Auritz (2), Jakes Diaz (1), Mikel Aranbarri (1)