Realak Txerloian egingo du lan saioa asteartean

Talde txuri-urdina Azkoitiara etorriko da datorren asteartean eta Txerloiako futbol zelaian burutuko du datorren asteko lehen lan saioetako bat. Entrenamendua goizeko 11:00etan hasiko da David Moyes entrenatzaile eskoziarraren esanetara.

Goizeko 11:00etan herritarrek eta ingurukoek Reala bertatik bertara, zuzenean jarraitzeko aukera izango dute. Malagan Ligako 7. jardunaldiari dagokion partida izango dute donostiarrek, non denboraldiko bigarren garaipena lortzen saiatuko diren. Behin partida hori jokatutakoan, Ligak bere bigarren geldialdia egingo du eta txuri-urdinek geldialdi hori baliatuko dute Azkoitia bisitatu eta lan saioa burutzeko.

Azkenekoz orain dela bost urte

Ez da lehen aldia txuri-urdinak Azkoitiara etortzen direna, azkenekoz orain dela bost urte etorri baitziren. 2010eko martxoaren 22an San Juango futbol zelaia inaguratzen izan ziren. Garai hartan Reala, Martin lasarte entrenatzaile uruguaiarraren aginduetara, Bigarren Mailan aurkitzen zen. Urte horretan bertan lortu zuten gero Lehen Mailara igotzea eta aurredenboraldian berriz ere Txerloian izan ziren Real Unionen aurka lagunartekoa jokatzen.

Real03 Real02

Reala San Juango futbol zelaia inaguratzen izan urteko argazkiak (Argazkiak: realsociedad.com)

Lehenago ere egonak dira, baina azkoitiarren buruan gordeta dagoena Anaitasunaren aurka jokatu zuenekoa da. Realaren 100. urteurrena eta Anaitasunaren 75. urteurrena zirela baliatuz, lagunartekoa jokatu zuten bi taldeek Azkoitian eta donostiarrak gailendu ziren huts eta bosteko emaitzarekin. Besteak beste, Antoine Griezmann aurrelari frantziarra ezagutzera eman zen Txerloian jokatu zen partida hartan.