Harrobiko taldeen emaitzak
Harrobiko taldeak ere dagoeneko martxan dira eta Jubenil Neskek lortutako garaipena izan da asteburu honetan harrobiak lortutako bakarra. Euskal Ligako Jubenilek eta Ohorezko Mailako kadeteek, bestalde, puntu bana batu zuten eta Ohorezko Kadete neskek eta Kadeteen 1.go mailako mutilek beraien partidak galdu egin zituzten.
Jubenilen Euskal Liga
| Anaitasuna CD | 4 |
| San Ignacio | 4 |
Jubenilek bi aldiz aurrea hartu baldin bazuten ere, ez ziren hiru puntuak lortzeko gai izan
Gol askoko partida izan zen San Juanen larunbat arratsaldean. Intentsitate handiko partida izan zen bi taldeen partetik. Ondo hasi zen neurketa gureentzat, 8. minuturako Joanes Calvoren gol batekin aurrea hartzea lortu baitzuten Iker Epelderen mutilek. Kanpokoek ez zuten arrisku handirik sortzen eta gainera Aramendi anaietako gazteenak, Julenek, bi eta hutsekoa lortu zuen falta jaurtiketa baten bitartez. Gol honekin San Igancio esnatu eta erasokor jarri zen, eta Anaitasunaren intentsitate jaitsierarekin batera binakoarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatian lehenengo zatiaren hasierako intentsitatearekin zelairatu ziren gure jubenilak, eta Kortari penaltia egin eta Tamayok gola egin zuen. Jubenilen kapitainak, gainera, min hartuta dagoen Jon Letamendiari eskaini zion gola. Hirugarren golaren ostean ez zen aukera gehiegirik izan bi ateetan, baina zelairatu berria zen Patxik Anaitasunari berriz ere bi goleko errenta eman zion gol dotore bat eginez. Gureak partidari ondo eusten ari baldin baziren ere, berriz ere intentsitatea jaitsi zuten eta San Ignaciok hori baliatu zuen lau eta hirukoa egiteko. Amaitzeko bost minuturen faltan, berriz, gureek oparitutako korner batean launakoa egin zuten.
Hurrengo larunbatean arratsaldeko 17:00etan Santutxu B jasoko dute jubenilek Txerloian.
Jubenil Neskak
| Anaitasuna CD | 2 |
| Bergara | 0 |
Jubenil neskek bikain ekin diote liga txapelketari
Berehala egin zituzten golak gure neskek, lehenengo zatian Bergarak baino gehiago jokatu baitzuen. Ondo ukituz aukerak egin zituzten gureek gol gehiago egiteko, baina ez zen horrela izan.
Bigarren zatian ezin izan zuten nahi adinako jokorik egin, lekuz kanpo eta tokia aurkitu ezinik ibili baitzen taldea. Sortu zuten arriskua alboko sakeetatik egindakoa izan zen.
Golegileak: Oihane Ucin eta Ainhoa Galarraga.
Hurrengo jardunaldian MariƱori egingo diote bisita Jubenil Neskek igande eguerdiko 12:30etan.
Ohorezko Kadete Mutilak
| Ordizia | 3 |
| Anaitasuna CD | 3 |
Puntu ona eskuratu zuten Ohorezko Kadete mutilek Ordiziara egindako bidaian
Ontzat jo zuten Ohorezko Kadete mutilek Ordizian lortutako puntua. Lehen zatiaren parterik nagusienean etxekoak baino gehiago izan ziren, atzean sendo, erdian lan serioa eta gogorra eginez eta aurrean aukerak sortuz. Horrela 23. minutuan zelai erdian ostutako baloi batetik kontraeraso paregabe batean huts eta batekoa egin zuen Anaitasunak Eneko Espinakoren golaren bitartez. Etxekoek bi aldaketa egin zituzten berehala, eta jokoa Ordiziarren aldera erortzen hasi zen pixkanaka. Hala ere gureek huts eta bikoa egiteko aukera ederra alferrik galdu zuten atsedenaldira iristeko minutu gutxiren faltan eta hurrengo jokaldian, askotan gertatu ohi den bezala, etxekoek banakoa egin zuten.
Atsedenaren ostean, aldiz, minutu txarrak izan zituen taldeak eta etxekoek bi minututan hiru eta bateko errenta lortu zuten. Min egiten zuten ordiziarrek, baina gureek ez zuten bururik jaitsi eta 57. minutuan ia talde osoak parte hartu zuen jokaldia Unai Ucinek borobildu zuen. Etxekoen aurrelariak area barruan min egiten zuen eta izan zituen partida erabakita uzteko aukerak, baina ez zuten lortu. Gure kadeteak, berriz, noizean behin iristen ziren aurkariaren atera, baina iristen zirenean min egiten zuten eta horrela, 67. minutuan Emmanuel Guerrak egindako jokaldia Ordiziak bere atean egindako golarekin amaitu zen. Gureak konforme ziren amaieran egindako lanarekin eta zelai konplikatu batean lortutako puntuarekin.
Hurrengo jardunaldian derbia izango da San Juanen Lagun Onak taldearen aurka, larunbat goizeko 10:00etan.
Ohorezko Kadete Neskak
| Lazkao | 3 |
| Anaitasuna CD | 2 |
Igande arratsaldean hasi zuten 2015-16 denboraldia Lazkaoko futbol zelaian. Partida txukun bat egin arren, oraingoan galtzea tokatu zitzaien.
Ondo hasi ziren, gogotsu, baloiaren jabetzarekin aurrera eginez. Joko horretan ari zirenean, atzealdean egindako huts baten ondorioz bat eta hutsekoa lortu zuen Lazkaok. Hala ere, neskak gogor jarraitu zuten beraien jokoa egiten eta lehen zatia amaitzerako partida berdintzea lortu zuten.
Bigarren zatia motel hasi zuten gureek eta bi jokaldietan, bi hutsegiteren ondorioz hiru eta bat aurreratu zen etxeko taldea. Anaitasunako neskak, jarrera aldatu eta berriro baloiaren jabetza lortu zuten, aukera ugari eginez. Hiru eta biko emaitza lortu zuten eta bazirudien berriro berdinketa lortuko zutela baina ez zen posible izan.
Golegileak: Maria Juaristi eta Maria Santizo
Hurrengo jardunaldian Hernani jasoko dute San Juanen larunbat arratsaldeko 15:30etan.
Kadeteen 1go maila
| Elgoibar | 5 |
| Anaitasuna CD | 0 |
Porrot gogorra jaso zuten Elgoibarren aurka Kadeteen 1.go mailako mutilek
Bigarren jardunaldian ere Anaitasunako 1. mailako Kadete taldeak ezin izan zuen garaipenik eskuratu. Partida Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian jokatu zen eta Anaitasuna esku hutsik itzuli zen etxera bost eta hutseko markagailuarekin. Lehenengo zatia nahiko parekatua izan zen eta bi taldeek eduki zuten aukera garbiren bat gola egiteko. Gola egitea lortu zuena, ordea, etxeko taldea izan zen, kontraeraso batean lehenengo zatia horrela amaituko zuen bat eta hutsekoa jarriz markagailuan.
Bigarren zatia hasi bezain pronto elgoibartarren bigarren gola iritsi zen, eta hortik aurrera partida goitik behera kontrolatu zuten. Azkenean, bost eta huts amaitu zen Mintxetako partida.
Datorren asteburuko partidaren zain egon beharko dute gureek lehenengo puntuak eskuratzeko, larunbat eguerdiko 12:00etan Eibartarrak taldea jasoko baitute San Juanen.